• ENPRESAK GAUR
  • EAEko enpresen errentagarritasuna %22 murriztu da azken 15 urteetan

EAEko enpresen errentagarritasuna %22 murriztu da azken 15 urteetan

Confebasken arabera, pandemiako urteetan enpresen errentagarritasuna %12 handitu zen. Enpresa txikienak dira (1 eta 9 langilekoak) errentagarritasun gutxien lortzen dutenak

Enpresa ez-finantzarioen errentagarritasun ekonomikoa %5,6koa izan zen | Argazkia: iStock
Enpresa ez-finantzarioen errentagarritasun ekonomikoa %5,6koa izan zen | Argazkia: iStock
2024eko abenduaren 2a
Eg. 2024eko abenduaren 2a

Confebask patronalaren arabera, enpresa txikien (bat eta hamar langile bitartean dituztenak) errentagarritasuna, gainerako konpainiena baino txikiagoa da.

 

Zehazki, 2022an, datuak eskuragarri dauden azken urtean, enpresa ez-finantzarioen errentagarritasun ekonomikoa %5,6koa izan zen, eta balio txikiena zuten (% 4,4) 1-9 langileko enpresek, 10 eta 49 arteko langileko enpresen errentagarritasun ekonomikoa (% 5,9) eta 50 langile edo gehiagokoen (% 6,4) errentagarritasunaren oso azpitik.

Confebaskek adierazi du, 2007tik izandako bilakaerari erreparatuta, errentagarritasunaren portaera egonkorrena 50 langile edo gehiagoko enpresetan ematen dela. Azterlanaren arabera, 2022 eta 2007 urteen artean, enpresa guztien errentagarritasuna %22,2 murriztu zen, eta bilakaera okerrena 1 eta 9 langile bitarteko mikroenpresei dagokie; izan ere, haien errentagarritasuna %35,3 murriztu zen urte horietan, eta, ondoren, 10 eta 49 langile bitarteko enpresak daude (-%24,4). Aitzitik, portaera zertxobait hobea izan dute 50 langile eta gehiagoko enpresek, horien errentagarritasuna %12,3 murriztu baita.

 

Pandemian (2019-2022), enpresa guztien errentagarritasun ekonomikoa %12 hazi zen. Bilakaerarik onena 50 langile eta gehiagoko enpresetan izan zen. Enpresa horien errentagarritasun ekonomikoa %25 hazi zen 2019. urtearekin alderatuta, 10-49 langileko enpresena baino askoz ere gehiago, %10,7ko hobekuntza izan baizuten; 1-9 langileko enpresena, berriz, %6,3 baino ez zen hazi.