• ENPRESAK GAUR
  • Enpresen esku utzi du Espainiako Gobernuak maskaren erabilera lantokietan

Enpresen esku utzi du Espainiako Gobernuak maskaren erabilera lantokietan

Lantokietan musukoaren derrigortasunaren bukaera arautuko duen errege dekretua xehe aztertu beharko dute enpresek erabakiak hartzeko

 (Argazkia: VIA Empresa)
(Argazkia: VIA Empresa)
2022ko apirilaren 20a - 18:51
Eg. 2022ko apirilaren 28a - 17:54

Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak erabaki du ez dela beharrezkoa izango barrualdean maskarak derrigorrez jartzea. Oro har, toki itxietan erabiltzeko agindua bertan behera utzi du, garraio publikoetan, osasun esparruan eta hegazkinetan izan ezik.

 

Lantokiei dagokienez, ordea, enpresa bakoitzak ezarriko du beharrezkoak izango diren edo ez. Zehazki, lan arriskuen prebentziorako zerbitzuen ardura izango da. Erabakia hartzeko, aipatutako sailak aztertu beharko du pertsonen arteko metro eta erdiko gutxieneko distantzia mantendu daitekeen, eta lan eremuan aireztapen egokia bermatu daitekeen.

Enpresa guztiek, baina, ez dute lan arriskuen prebentziorako zerbitzurik. Kasu horietan, enpresariaren esku izango da erabakia, aipatutako irizpideetan oinarrituta.

 

Enpresen zalantza oldeari aurre egiteko Osalanek, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak, iragarri du araudia hobeto ulertzeko gomendio sorta argitaratuko duela.