Enpresen itxiera: joera ote?

BSH, Balenciaga, Guardian Glass edota Sunsundegui. Azken hilabeteetan Euskal Herrian kokatutako fabrika askoren itxieraren berri izan dugu, eta enpresen errotzearen gaineko kezka zabaldu da

BSHko langile batzordearen agerraldia, erregulazio espedientearen negoziazioaren hasieran | Argazkia: Iñigo Uriz / Foku
BSHko langile batzordearen agerraldia, erregulazio espedientearen negoziazioaren hasieran | Argazkia: Iñigo Uriz / Foku
2025eko ekainaren 30a

Enpresa baten itxiera beti da albiste txarra. Langileek galera zuzenena pairatzen dute, baina ez dira kaltetu bakarrak. Inguruko enpresa hornitzaileak ere galerak eta itxierak sufritzeko arriskua dute. Azken hilabeteetan, Euskal Herrian hainbat enpresen itxiera ikusi dugu. Besteak beste, Altsasuko (Nafarroa) Sunsundeguiren itxieraren ondorioz, 339 pertsona langabezian geratu ziren. Ezkirozko (Nafarroa) BSH lantegiaren itxiera gauzatzeke dago, baina 660 pertsona soldatarik gabe geratzeko arriskuan daude. Laudioko (Araba) Guardian Glass lantegiaren itxieraren ondorioz, 171 behargin joan dira kalera.

 

Itxiera horien arrazoien artean, erabakia non hartu den aztertu behar da. Guardian eta BSH enpresak multinazionalak dira, eta beste herrialde batzuetara eramango dute produkzioa. Erabaki horiek atzerriko bulegotan hartu dira eta deslokalizazio kasu hauetan arrazoi ekonomikoak daude. Besteak beste errotze falta egon daiteke.

Pello Igeregi, ELA sindikatuko Negoziazio Kolektiboko arduradunak, sistemaren muinera jo du: “Sakoneko arazo handi bat daukagu, hemen zer produzitzen den, norentzat produzitzen den eta nork produzitzen duen ez dugulako guk erabakitzen.” Bere ustez, arazoa ez da soilik enpresa batzuk ixtea, baizik eta ekoizpenaren kontrola eta norabidea komunitatearen esku ez egotea.

 

Ildo beretik, Pablo Martín Confebaskeko ekonomia arduradunak erabakiguneen kokapenaren garrantzian jarri du azpimarra. “Enpresa multinazionaletan, erabakigunea ez dago hemen, eta errazagoa izan daiteke itxiera horiek gertatzea”.

Massimo Cermelli Deustuko Unibertsitateko irakasleak egoera zail baten aurrean gaudela ohartarazi du: “Deslokalizazio latz bateko garaian gaude, ez dago inolako sustraitzerik, bereziki enpresa multinazionaletan”. Cermellirentzat, fenomeno hori ez da salbuespena, egungo sistema ekonomikoaren joera nagusiaren parte baizik.

Egungo egoera joera baten adierazgarri ote den ala salbuespen modura ulertu behar den, galdetzerakoan hainbat erantzun jaso ditugu. Confebaskeko ekonomia arduradunak egoeraren larritasuna onartu arren, joera orokor baten existentzia ukatzen du: “Industriaren sektorea egoera zailean dago, gure merkatu nagusia den Europaren ahultasunagatik. Horri, muga-zergen politikekin lotutako guztia gehitu behar zaio. Arrisku hori hor dago, eta ahalik eta hobekien erabiltzen jakin behar dugu. Baina joera bat dagoenik ez dugu ikusten”.

Massimo Cermelli (Deustuko Unibertsitatea): “Deslokalizazio latz bateko garaian gaude, ez dago inolako sustraitzerik, bereziki enpresa multinazionaletan”

Kontrara, Cermellik ohartarazpen bat egin du, oraindik hedatu gabe egon arren, desindustrializazio prozesu bat gertatzeko arriskuaz: “Oraindik ez ditugu beste kasu handirik, baina itxiera horien antzeko kasuak izanez gero, poliki-poliki desindustrializazio-prozesu batean bihurtu daiteke”.

Ikuspegi sindikaletik, Igeregi are zuzenagoa da: “Horrelako ustekabeak izaten jarraituko dugu ziurrenik etorkizunean, enpresa batean administrazio kontseilu bat biltzen denean, edozein erabaki hartu dezakete”.

Laguntzak auzitan

Azken hilabeteetan, zenbait industria-enpresak ixteko hartu duten erabakiak agerian utzi du arazo errepikakor bat: enpresa horiek guztiek instituzio publikoen laguntza ekonomikoa jaso badute ere, beren jarduera bertan behera utzi beha izan dute. Laguntza horiek ez zuten inolako errotze-klausularik, eta enpresek ez dute konturik eman behar izan jasotako diru publikoaren erabileraz.

Finkatuz funtsaren inguruan hitz egin du Martinek adibide bezala: “Mota honetako funtsen helburua gure produktibitatean gakoa izan daitezkeen enpresen akziodunen parte izatea da. Modu horretan, erakundeak enpresen barnean hartzen dituzten erabakien kontrol handiagoa izan ditzakete”.

Eusko Jaurlaritzak hilabete honetan Industria plana aurkeztu du. Plan hori zalantzan jarri du Igeregik: “Lau miloiko diru funts baten inguruan hitz egin da azken asteetan. Diru kopuru hori ondo egon daiteke, beti ere, enpresen kontrola hartzeko baldin bada“.

Pablo Martin (Confebask): “Finkatuz bezalako funtsen helburua gure produktibitatean gakoa izan daitezkeen enpresen akziodunen parte izatea da. Modu horretan, erakundeak enpresen barnean hartzen dituzten erabakien kontrol handiagoa izan ditzakete”.

Bestalde, Cermellik argi du: “Laguntzak ematen direnean, nolabait lotesleak diren klausulak ezartzea beharrezkoa da. Laguntza horiek errotzearen eta lurraldearekiko konpromisoaren arabera baldintzatu behar dira, bestela ez du zentzurik. Diru publikoak lurraldearekiko lotura hori suspertu behar du”.

Martinek ez du uste neurri berririk hartu behar denik. “Deslokalizazioari aurre egiteko legeria badago; beraz, deslokalizazio hori gertatzen den moduaren arabera, enpresak laguntza jakin batzuk itzuli behar ditu". Nolanahi ere, Confebaskekoak uste du hobe dela erakarpen-tresnak bultzatzen saiatzea irteera-oztopoak jartzea baino, "azken finean enpresentzat lurralde erakargarria izatea baita gakoa”.

ELA Sindikatuko Negoziazio Kolektiboko arduradunak ez du zalantzarik eztabaida honetan: “Dirulaguntzen gaineko kontrola askoz hobea izan beharko litzateke, eta bermatu beharko litzateke dirulaguntzak ematen direnean erabilera egokia izatea. Hori esanda, gure ustez apustua ez dira dirulaguntzak. Apustua jabetza zuzena izan behar da“.

Etorkizunari begira

Euskal industriak oztopo berriak eduki ditzazke etorkizunean. Besteak beste, Ameriketako Estatu Batuek ezarri nahi dituzten muga-zerga eta protekzionismoa. Confebaskeko ekonomia arduradunak argi du AEBren garrantzia: “Euskal industriarako laugarren esportazio helmuga dira eta gure esportazio bolumena handia da”. Cermelliren arabera: “AEBtako muga-zergen politikak mundu guztiari eragingo dio. Hemen, ehun industrial handia dugunez, eragina nabariko dugu, baina enpresak ixteko adina, ez”.

Muga-zergak ez dira oztopo bakarra. Martinek azpimarratu du: “Trantsizio energetikoaren ondorioz, automobil-industriaren sektoreak eragin negatiboak izan ditzake. Europako agintariek deskarbonizazio-erritmoak pixka bat berrikustea espero dugu. Aldaketak egin behar direla badakigu, baina egiterakoan Europako industria-errealitatera egokitzea espero dugu”.

Pello Igeregi (ELA): "Dirulaguntzen gaineko kontrola askoz hobea izan beharko litzateke, eta bermatu beharko litzateke dirulaguntzak ematen direnean erabilera egokia izatea. Hori esanda, gure ustez apustua ez dira dirulaguntzak. Apustua jabetza zuzena izan behar da“

Euskal industriaren etorkizuna ondo ikusten du, aldiz,  Deustuko Unibertsitateko ekonomialariak, baina automobil-industrian arreta jarri du ere: “Hurrengo urteetan kaltetua izan daitekeen sektorea automobilgintzarena izan daiteke. Batez ere, deskarbonizazioari buruz hartutako erabakien ondorioz". Dena den, beste sektoreak ondo bideratuta daudela uste du. "energetikoak, aeroespaziala, biosanitarioa, hau guztia, uste dut euskal industriaren planaren barruan nahiko blindatuak daudela eta ondo doazela”.

Azken hilabeteetan gertatu diren itxierek agerian utzi dute errotze faltak eta kanpoko erabakiguneek duten pisuak gure ekonomian utzi dezaketen arrastoa. Aditu gehienak puntu batean ados daude: dirulaguntzak baldintzatu behar direla. AEBko ekonomia politikak, trantsizio energetikoak eta Europako testuinguruak etorkizuna markatuko dute.