Laugarren hiruhilekoari begirako dituzten aurreikuspenei buruz galdetu die Laboral Kutxak EAEko 400 enpresei. Eta horren emaitzak ohar bitartez jakinarazi ditu gaur goizean. Hala, enpresen konfiantzan beherakada sumatzen da aurreko hiruhilekotik. Konfiantza hori 54 puntutan kokatzen bazen, orain 53,6koa da. Hala ere, konfianza 50 puntutik gorakoa izateak esan nahi du baikortasuna oraindik goitik dagoela, eta Eurogunetik eta Espainiatik gora kokatzen da.
Hala, enpresen gehiengoak uste du egoerak bere horretan jarraituko duela, %49,5ek zehazki, baina nabarmen gehiago dira egoerak okerrera egingo duela diotenak kontrakoa diotenak baino: %39,6 eta %10,9, hurrenez hurren. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, gora egin dute zuhurtziak eta ezkortasunak. Muga-zergak indarrean sartu izana eta egoera geopolitikoan bizi den tentsioa izan daitezke horren arrazoietako bi.
Fakturazioan espektatibak hirugarren hiruhilekoaren antzekoak dira: enpresen %58,2k espero du berdin mantentzea, %25,6k hobera egitea, eta %15,3k okerrera egitea. Jarduerari dagokionez, %59,2k uste du berdin mantenduko dela, %22k hobera egingo duela eta %18,8k okerrera egingo duela.
Gauzak hala, salmenta eta prezioetan egonkortasuna aurreikusi dute enpresek. Eskaerak berdin mantenduko dira %56,2 en aburuz, gora egingo dutela uste du %26,5ak eta behera, berriz, %15,3. Aipatzekoa da %66,6k salmenta horietak eskuratutakoaren %5 baino gutxiago bideratzen duela berrikuntzara. Prezioetan, aldiz, gehiengo nabariak, %81,7, ez du aldaketarik espero. %13,4ren ustez egingo dute hobera, eta okerrera %5en iritziz. Errentagarritasunean ere, bere horretan mantenduko dela dio %70ek. %15,3ren ustez egingo du hobera, eta %14,7ren ustez okerrera.
Alderdi horiek ere erakusten dute baikortasuna zertxobait baretu dela aurreko hiruhilekotik. Eta horrek, noski, inbertsioan eragina izango du. %79,5ek dio inbertsioek bere horretan jarraituko dutela, %11,9k espero du hobekuntza, eta %8,7k beherakada. Aipatzekoa da bankuen finantzaketa eskuratzeko gaitasuna ere bere horretan mantendu dela %81,7k esandakoaren arabera; soilik %11,6k dio hobera egin duela eta %6,7k lehen baino zaialgoa dela finantzaketa lortzea. Enpleguan ere aldaketarik espero ez dutenak dira %81,7. Aldiz, hobekuntzak aurreikusi ditu %13,4k eta soilik %5ek dio okerrera egingo duela.
Bezeroek eginiko ordainketa-epeetan ere ez dute aldaketarik espero inkestatuen %78k. %13,4k dio hobera egingo duela, eta %8,7k okerrera.