• ENPRESAK GAUR
  • Enpresen produktibitatea eta berrikuntza handitzea ezinbestekotzat jo du Orkestrak

Enpresen produktibitatea eta berrikuntza handitzea ezinbestekotzat jo du Orkestrak

Lehiakortasunerako Euskal Institutuak dioenez, horretarako atzerriko zein bertako inbertsioak sustatu behar dira

Iban Marten Orkestrako presidentea, Mari Jose Aranguren zuzendaria eta Susana Franco ikertzailea gaur goizeko aurkezpenean. | Argazkia: Deustuko Unibertsitatea
Iban Marten Orkestrako presidentea, Mari Jose Aranguren zuzendaria eta Susana Franco ikertzailea gaur goizeko aurkezpenean. | Argazkia: Deustuko Unibertsitatea
Bilbo
2021eko azaroaren 24a
Eg. 2025eko apirilaren 4a

Pandemiaren eragina nabari da EAEko ekonomiaren errendimenduan eta enpresen errentagarritasunean, erreferentziazko erregioekin alderatuta. Hala dio Orkestra Lehiakortasuneko Euskal Institutuak aurkeztutako 2021ko txostenak. Hala ere, Insitutuak nabarmendu du euskal enpresak “posizio onean” daudela COVID-19aren ondorioei aurre egiteko. Horretarako, behar-beharrezko bi helburu aipatu dituzte: produktibitatea handitzea eta I+Ga sustatzea, batik bat trantsizioei aurre egin ahal izateko.

 

Txosteneko datuen arabera, lan egindako ordu bakoitzeko produktibitatea 42,6 eurokoa da EAEn. Zenbaki hori handiagoa da Espainakoa eta Europar Batasuneko 27 lurraldeen batez bestekoa baino: lehena, 33,4 eurokoa lan egindako ordu bakoitzeko; bigarrena, 37,6 eurokoa. Dena den, erreferentziazko beste hainbat erregioekiko aldea oraindik nabarmena da. Esaterako, Alemanian lan egindako ordu bakoitzeko 50,7 eurokoa da.

Berrikuntzari dagokionez, “hobera egin du enpresa txiki eta ertainen (ETE) berrikuntzak”, Orkestrak azpimarratu duenez. Bestela esanda, 2018an 10 eta 249 langile bitarteko enpresen % 39,9 ari zen berrikuntza lantzen; 2019an, berriz, % 41,1. Dena den, zifra horiek Alemaniako eta Europar Batasuneko zenbakien azpitik daude oraindik: 2018ko datuen arabera, Alemanian ETEen % 66,6 ari zen berrikuntzan, eta Europa Batasuneko 27 lurraldeen batez bestekoa % 49,2koa da.

 

Produktibitatea eta berrikuntza bultzatzeko, institutuak beharrezkotzat jo du inbertsioak handitzea, bai bertakoak, bai atzerrikoak, batez ere makinerian eta ekipo ondasunean, "lurraldeko ekonomia jarduerarekin lotura duelako". Hain zuzen ere, bertako inbertsioei dagokienez, proposatzen dute 2008ko krisi aurretik zegoen maila berreskuratzeko lan egitea. Horrekin batera, euskal enpresen nazioartekotzea "ona" bada ere, atzerriko inbertsioak lortzeko zailtasunak dituzte, eta joera hori ere irauli egin beharko litzateke.

Enplegua eta errenta

Aurkezpenean aipatutako beste alderdi bat izan da enplegua. Datuen arabera, enpleguarekiko gogobetetasuna “egonkor” mantendu da, Europar Batasuneko batez bestekoaren mailan. Era berean, langabezia tasak behera egiten jarraitu du: % 10etik beherakoa izan da, bai 2019an, bai 2020an,

Hala ere, Europako batez bestekoaren (% 7,1) gainetik dago oraindik. Horregatik, enpleguaren sorrerak eta jarduera tasa handitzeak erronka izaten jarraitzen du, bereziki, “katitatezkoak” eta “emakume eta gazteei bideratutakoak”. Gainera, genero arrakalak ez dio soilik enpleguari eta langabeziari eragiten; Orkestrak jasotako datuen arabera, emakumeen segurtasun sentsazioan (% 22) eta soldatetan (% 9,5) efektua du.

Langabezia tasa ez bezala, EAEko errenta mediana baliokidea (22.638 eurokoa) Europako batez bestekoa (17.325 eurokoa) baino altuagoa da, eta ia-ia Alemaniaren (22.693 eurokoa) mailan dago.

Airearen kalitatea hobetuz

Hobetzeko beste puntu bat airearen kalitatea da. Orkestraren datuen arabera, hobera egin du 2013tik 2019ra: PM2.5 mikropartikulak neurtuta, zifra 9,3koa zen 2013an, eta 8,1ekoa 2019an. Hala ere, berotegi efektua sortzen duten gasen isuriak apenas egin du beheruntz 2013az geroztik, soilik 0,1. Alemaniako eta Europako batez bestekoaren azpitik izanda ere, klima larrialdiari aurre egiteko datu hori murrizteko beharra nabarmendu dute institututik, besteak beste, erregai konbentzionalen erabilera gutxituta.

Hiri hondakinen birziklatze tasari lotutako datuak ere ez dira oso positiboak: 40,6tik 41,6ra igaro da bost urteko epean. Kasu honetan, Europako batez bestekoaren (47,2) azpitik daude eta Alemaniako datutik (67,1) oso urrun.