
Goierri Valley Goierriko (Gipuzkoa) eskualdean kokatutako industria elkarte bat da. Gaur egun, sektore metal-mekanikoko 75 enpresa inguru biltzen ditu eta horrek egiten du berezi. Izan ere, Goierrik nagusitasun industrial nabarmena du (biztanleria aktiboarena baino gehiago), sektore honetan presentzia handiarekin. Goierri Valleyk bildutako enpresa horiek dira jabeak eta beraien beharretatik abiatu zen, izan ere, irabazi-asmorik gabeko elkartea da. Bertako enpresen lehiakortasuna sendotzeko eta hobetzeko ekimen estrategiko gisa sortu zen. Goierri Valleyk hainbat ekintza burutzen ditu, hala nola, partner industrial integral gisa jarduten du eta mundu mailan lehiakorrak eta berritzaileak diren irtenbideak eskaintzen. Horrez gain, enpresen arteko lankidetza erreal eta aktiboa sustatzen du, ezagutza partekatuz eta sinergiak bultzatuz. Eskualdeko industria eraldaketaren burua da, berrikuntza, dibertsifikazio, nazioartekotze eta digitalizazio proiektuen bidez.
Goierri Valleyk Goierriko enpresen jarraitutasuna edo RLBO360 deituriko zerbitzu berri bat jarri du martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gipuzkoako enpresa sarearen aukerak, balio diferentziala eta iraunkortasuna sustatzeko programaren bidez finantzaturikoa. Proiektu horren helburua honela deskribatzen du Ane Urteagak, proiektuen arloko arduradunak: "Gure helburua da eskualde mailan ikusten ari garen joera bat aldatzea. Geroz eta enpresa gehiago ixten ari dira, jabetzan edo kudeaketan errelebo falta dagoelako. Orduan, gure helburua da eskualdeko enpresen jarraitutasuna bermatzea".
Proiektu honek hainbat fase izan dituela adierazi du. Hasiera baten, planteamenduan sentsibilizazio fasea lehenengoa zen eta diagnostiko fasea bigarrena, baina 2024ko udazkenean faseak inbertitu egin zituztela dio Urteagak egokiago ikusten baitzuten lehenengo diagnostikoa egitea bertako ondorioekin sentsibilizazioa egiteko. Diagnostiko fasea, Goierri Valleyko kide diren egungo egoera, beharrak eta espektatibak ezagutzean datza eta sentsibilizazio fasea, jabetzan eta kudeaketan oinordetza planifikatzeak eta aurreratzeak duen garrantziaz kontzientziatzean. Askotariko aukeren inguruan hausnartzeko aukera ematen du.
Ane Urteaga: "Geroz eta enpresa gehiago ixten ari dira, jabetzan edo kudeaketan errelebo falta dagoelako. Gure helburua da eskualdeko enpresen jarraitutasuna bermatzea"
Hasteko, elkarteko enpresei inkesta bat luzatu zitzaiela azaldu du Urteagak. 35ek erantzun zuten. Jasotako emaitzak errealitatea ikusteko aukera eman zuen eta enpresa gehienek erreleboa beharko dutela ondorioztatu, zehazki, bederatzik. "Nik uste dut jasotako emaitzek Goierriko enpresen errealitatea nahiko ondo islatzen dutela", dio Urteagak. Errealitatea ikusi eta gero, enpresak hasieran izan dezakeen planteamenduaren inguruan hausnartzera bultzatzen saiatzen dira. Hau da, ikusaraztea prozesuan ezustekoak sortu daitezkeela, fiskalki eta legalki muga batzuk daudela eta zenbait gauza burutzeko epe mugatuak daudela.
Enpresa horiek aztertuta, 50 eta 250 langile bitarteko enpresa bat izan ezik, gehienak txikiak (10 eta 50 langile bitarte) edo oso txikiak (10 langile baino gutxiago) direla ikusi daiteke. "Enpresak ez dira beraien kasa bizi. Beste enpresa batzuekin elkar lotuta jarduten dute, bat bestearen hornitzailea edo bat bestearen bezeroa. Beraz, enpresa txiki edo oso txiki horiek ixten badute, bertako enpleguari eta inguruko enpresen jarduerari eragingo dietela ikus daiteke". Gainera, enpresa txiki edo oso txiki horiek orokorrean ez dute kanpoko aholkularitza bat eskatzea planteatzen, nahiz eta zenbait kasutan beharrezkoa izan. Horregatik, sentsibilizazio faseak premiazko garrantzia duela uste dute.
Jasotako datuetatik etorkizunean zein joera jarraituko duten enpresek ondorioztatu daiteke: "Enpresa ertainak, txikiak eta oso txikiak ixten joango direla ikus dezakegu, eta eskualde honetan zerbait aberatsa baldin badugu, horiek dira. Hainbat sektoretan mundu mailan lider edo erreferente diren enpresak ditugu, eta enpresa lider horiek lehiakortasuna behar dute. Orduan, enpresak ixten hasten diren unean, lider horien lehiakortasuna zalantzan jar liteke".
"Enpresa ertainak, txikiak eta oso txikiak ixten joango direla ikus dezakegu, eta eskualde honetan zerbait aberatsa baldin badugu, horiek dira"
Hori guztia kontuan hartuta, sentsibilizazio saio bat egin dute enpresei ikusarazteko erreleboa gauzatzeko kanpo aholkularitza behar dutela, kontuan hartu dezaten egunerokotasunean presente ez dituzten gauzak. Bakoitzak errealitate desberdin bat du, eta, beraz, landutako enpresa bakoitzari soluzio desberdin bat eskaini zaio. Goierri Valleyren helburu nagusietako bat enpresei alternatiba desberdinak eskaintzea itxiera saihesteko da: "Ez dadila itxi enpresarik ez dituelako aukera desberdinak baloratu eta ez duelako aukera desberdinak behar bazela hausnartu", nabarmendu du Urteagak.
Goiekik erreleboa behar duten enpresak identifikatzea planteatu du. Ondoren, Goierri Valleyk identifikatutako enpresei laguntza eskainiko lieke, enpresaren itxiera azken aukera izan dadin. "Goierri Valleyren balio proposamena dauden alternatiben inguruko informazioa eskaintzea da. Hasteko, enpresaren balioaren lehenengo hurbilketa bat egin nahi dugu, interes salmentarako. Prozesuaren jarraipen guztia egitea gustatuko litzaiguke, eta hamaika eragileren berri eman, horrekin guztiarekin bide-orri pertsonalizatu bat sortzen joateko".
Izan ere, Goierri Valleyren ekimena ez da soilik eskualdeko enpresen iraupena bermatzeko bidea, baizik eta Goierriko industria egituraren etorkizuna ziurtatzeko tresna estrategikoa. Enpresa bakoitzaren egoera ulertu eta bakoitzari egokitutako irtenbideak proposatzea funtsezkoa da etorkizun jasangarri baterako. Izan ere, errelebo falta ez da arazo isolatu bat; ondorio zabalagoak izan ditzake eskualdeko enpleguan, ekonomian eta garapen sozialean. Horregatik, jarraitutasuna planifikatzea ezinbestekoa da, eta Goierri Valleyk bide hori gidatzeko konpromisoa hartu du, bertako enpresen indarra eta izaera kolektiboa sendotuz. Etorkizuneko erronkei aurre egiteko, gaurdanik prest egotea da gakoa.