Berriki, 2025eko azaroan, inauguratu bazen ere, dagoeneko hainbat eta hainbat ekimen egin ditu Eraikuntzaren Industrializazio Zentroak (EIZ). Iparragirre Eraikuntza Lanak enpresak sustatutako azpiegiturak orotariko jarduerak egin ditu, industrializazioarekin, digitalizazioarekin, berrikuntza teknologikoarekin zein talentuaren garapenarekin loturikoak. Helburu argia du Idiazabalen kokatutako zentroak: “eraikuntza-eredu eraginkorrago, jasangarriago eta lehiakorrago bat sustatzea”.
EIZek administrazioa publikoaren eskutik egin du orain arteko ibilbidearen zati handi bat. Eusko Jaurlaritzatik hasi eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren (GFA) zein Spriren zenbait programetan parte hartu du, azpiegituraren errotzea sustatu asmoz. “Bultzada handiena GFAren eskutik etorri da, Enpresak Hazten programaren bitartez”, aitortu dute Iparragirrekoek. Izan ere, programa hari esker jarduera-ildo berria abiatu zuten, “eraikuntzaren industrializazioan eta sektorerako gaitasun aurreratuen garapenean” oinarritutakoa.
Inspect4 proiektua ere gogora ekarri du konpainiak, zeinaren asmoa den teknologia digitalen bidez eraikuntzako obren monitorizazio, ikuskapen eta kontrol sistema aurreratuak garatzea. Proiektuaren bidez “gainbegiratze, analisi eta informazio-harrapaketa tresna berriak” txertatuko direla jakinarazi du enpresak; hala, eraikuntza prozesuak produktiboagoak, seguruagoak eta kalitate handiagokoak izango dira. EIZek Goi Step izeneko proiektua ere nabarmendu du: soluzio modular industrializatuak diseinatu eta balioztatzean datza. Horrekin guztiarekin batera, zentroak jakinarazi du enpresen-lankidetza ere sustatzen ari direla, Goierriko industria-enpresen artean, batik bat.
Zentroan garatu dituzten gaitasunak ez dira, ordea, zentroan geratu, Iparragirre jada hasia baita garatutako teknologiak txertatzen tamaina handiko proiektuetan; adibide argia da Donostiako Txara I egoitzaren eraberritze integrala, zeinetarako aplikatzen ari diren zentroan garatutako “BIM (Building Information Modeling) tresnak, LEAN metodologiak eta plangintza eta koordinazio sistema aurreratuak”.
