• ENPRESAK GAUR
  • Erakundeek eta Mercedesek ibilgailu elektrikoa eta digitalizazioa lehenesteko protokoloa sinatu dute

Erakundeek eta Mercedesek ibilgailu elektrikoa eta digitalizazioa lehenesteko protokoloa sinatu dute

Memorandum berriak hainbat baliabide publiko jarriko ditu Mercedesen esku, teknologia digitalaren arloan eta energia klimatikoaren arloan hartutako konpromisoen truke

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Emilio Titos Gasteizko Mercedeseko zuzendaria, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Arantza Tapia Ekonomia Garapenerako sailburua protokoloaren sinaduran | Argazkia: Irekia
Iñigo Urkullu Lehendakaria, Emilio Titos Gasteizko Mercedeseko zuzendaria, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Arantza Tapia Ekonomia Garapenerako sailburua protokoloaren sinaduran | Argazkia: Irekia
2022ko ekainaren 15a - 10:22
Eg. 2022ko ekainaren 15a - 10:23

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Aldundiak eta Mercedes-Benzek lankidetza-protokolo berria sinatu dute. Horren bitartez, erakundeek hainbat baliabide publiko jarriko dituzte multinazionalaren esku, enpresaren konpromisoen eta inbertsioen truke.

 

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, Emilio Titos Gasteizko Mercedes lantegiaren zuzendari nagusiak eta Arantxa Tapia Ekonomia Garapenerako sailburuak sinatu dute protokoloa.

Iñigo Urkullu Lehendakariak Gasteizko Miñaoko parke teknologikoan egindako ekitaldian azaldu duenez, memorandumak lehentasuna emango die garraioaren elektrifikazioa lortzera bideratutako I+G+b garatzeari, ekoizpen-prozesuak digitalizatzeari eta jasangarritasunari.

 

Hala, Eusko Jaurlaritzak enpresaren esku jarriko ditu Basque Research Technology Alliance eta Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologiako Unibertsitate Prestakuntzako 4GUNE Klusterreko zentroak; Lanbide Heziketako Ikerketa Aplikaturako TEKNIKA zentroa, eta HETEL, Euskadiko Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkartea.

Lehendakariak azaldu duenez, Gasteizko lantegiak konpromisoa hartu du bere langile guztiak "ibilgailu elektrikoen fabrikazio digital eta jasangarriko prozesuetarako eskatzen diren profil profesionalen gaitasunetan" hezteko, “urrats handia” izango delako eta Mercedes konpainiarik “lehiakorrenetako bat izaten lagunduko duelako”.

Bestalde, Emilio Titos Gasteizko Mercedeseko zuzendari nagusiak ziurtatu duenez, lan hitzarmenaren inguruan akordioa lortzea da zuzendaritzaren nahia eta adostasuna “kozinatzen” ari direla azaldu du.

Hala ere, zuzendaritzak enpresako langileei egindako “xantaia” kritikatu dute ELA, LAB eta ESK sindikatuek. Multinazionalak iragarritako 1.200 milioi euro baino gehiagoko inbertsioak lan malgutasun handiagoz egin nahi dituztela azaldu dute.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain