
Eroski taldeak 494 milioi euro baino gehiago erabili zituen iaz EAEko hornitzaile komertzialei produktuak erosteko. Orotara, EAEko 365 hornitzailerekin egiten du lan gaur egun Eroskik, eta horien 8.000 produktu baino gehiago saltzen ditu. Produktuen artean, barazkietan eta patatetan izan zen gorakadarik nabarmenena, %6 gehiago erosi baitziren; haragiarekin lotura duten produktuen erosketak ere %8 handitu ziren, eta gaztari loturikoak %10. Aldi berean, taldeak jakinarazi duenez, “kontsumo ohitura berriak” ikusita “indarra hartzen” ari dira esne freskoaren kategoria (%12 igo zen) eta sukaldaritzako soluzioena (%14 igo zen).
Asun Bastida Eroskiko Tokiko Produktuen zuzendari komertzialak azaldu du taldeak urtero egiten duela tokiko ekoizleen aldeko apustua, eta gaineratu du Eroskiren bereizgarririk oinarrizkoenetarikoa dela hurbileko produktuen eta sasoiko produktu freskoen eskaintza zabala.
Gai horrekiko zenbait hitzarmen eta programa ditu martxan taldeak. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzarekin adostu zuen hitzarmena 2022an “nekazaritzako elikagaien industria indartu eta garatzeko”; Eusko Label, AGB (Adierazpen Geografiko Babestua) eta jatorri deiturako berme zigiluak dituzten produktuen alde ere egiten dute Bikainak enpresarekin, eta, horrez gain, tokiko hornitzaileak laguntzeko programa du martxan 2022. urtetik. Azken horren bitartez, nekazaritzako elikagaien arloan lan egiten duten ekoizle txikiei zerbitzua ematen die Eroskik.