
Rosa Carabel Eroskiko zuzendari nagusiak eta Mikel Larrea idazkari nagusiak atzo Bilbon eginiko agerraldia ez zen emaitzak aurkezteko beste prentsaurreko bat izan. Emaitzak aurkeztu, aurkeztu zituzten, baita 2025eko aurreikuspenak eta 2024-2026 Plan Estrategikotik orain arte egindakoak ere. Baina kontsumo joerak nondik joan daitezkeen ulertzeko parada eman zuen agerraldiak.
Ziurgabetasun testuinguruan ahaztu ezin bada ere, kontsumoan hazkundea espero da 2025ean oro har, eta zehazki elikaduran, bai bolumenean —%2,5—, bai balioan—%3,2—. Gainera kontsumitzaileen konfiantza indizeak ere positiboak dira. Oro har, 2022ko inflazioaren egoerak eraman bazuen biltegiratzea bermatuko zuten erosketek gora egitea, azken urteko joerek erakusten dute jendea gehiagotan joaten dela erostera, gutxiago erosten duela eta egunerokotasunari loturiko erosketak egiten dituela. "Itzalaldiak hori alda dezakeen zain izan beharko gara", adierazi zuen Carabelek. Beste datu bat: erosketa hainbat establezimendutan egiten dute.
Rosa Carabel: "Marka-aukera ugariko banatzaileok, lehiatu nahi badugu, marka propioaren aldeko apustua egitea ezinbestekoa da"
Halaber, marka propiak ere garapen garrantzitsua izan du merkatuan: Espainian 2021ean %35,8ko pisua bazuen, egun %45,3koa du, inflazio egoerak bultzatuta. Gauzak horrela marka propioaren garapena sektorean lehiatzeko ezinbesteko alderdia da. "Marka-aukera ugariko banatzaileok, lehiatu nahi badugu, marka propioaren aldeko apustua egitea ezinbestekoa da. Eroskiren kasuan %37koa da. Inflazio krisia hasi zenetik 5 puntuan hazi da, nahiz eta marka aukera zabala eskaintzen jarraitu nahi diogun kontsumitzaileari". 2027an 50 urte beteko ditu marka propioak, tokiko aberastasuna eta produktu osasungarria oinarri izanik.
Hazkundea emaitza garbi zein salmentetan
Arestian aipaturiko datuek Eroskik izan duen bilakaera ulertzeko gako izan daitezke. Izan ere, ezin da ahaztu atzokoaren helburu nagusia Elorrioko kooperatibak 2024an lortutakoa aurkeztea zela. Ekitaldi positiboa izan da 2024koa euskal banatzailearentzat, urtarrilaren 31ean itxi zena. Zerga aurreko emaitzan %23ko hazkundea izan du, 127,2 milioi eurokoa.
Emaitza garbi positiboari soilik erreparatuz gero, pentsa liteke hazi egin bada ere, gutxiago hazi dela, 81,7 milioi euroraino iritsi baita, Sozietateen Gaineko Zergan 45,5 milioi euro ordaindu behar izan baititu. Aldiz, aintzat hartu behar da Espainia mailan Sozietateen Gaineko Zergan 2024ko urtarrilean aplikaturiko aldaketa bat, 2024 amaieran berriro ere atzera bota dena. "Karga inpositiboa aurreko urtekoa baino handiagoa izan da. Emaitza garbietan gutxiago hazi izanak soilik horrekin du zerikusia. Baina ezohiko zerbait izatea aurreikusten da". Aipatzekoa da egokitzapen horrek ez diola eragin banatzaileak EAEn eta Nafarroan ordaintzen duen parteari, foru ogasunen eskumena baitute hori arautzeko.
Salmenta gordinei erreparatuta, eragin inflazionarioa txikiagoa izan dela aintzat hartuta, 5.885 milioi euroko emaitzak lortu ditu. Aurreko urtetik guztizko hazkundea %2,7koa izan bada ere —155 milioi gehiago lorturik—, elikaduraren %3,3ko gorakada gako izan da horretan.
Azken urteetan inflazioak gora egin badu ere, eta horrekin prezioak "egokitu" behar izan badituzte ere, prezio horien lehiakortasuna hobetzera bideratu dira 52 milioi euro.
Kostuek gora egiten jarraitu dute, baina etekin operatiboa 259 milioi euroan kokatu da, EBITDA 332 milioi eurokoa izan zelako. Salmenten gaineko %5,65az ari gara. "Pandemiaren urteko EBITDA kenduta, 2022koa azken 10-12 urteko onena izan zen. Urte haietan emandako 50 milioi euroko saltoari eustea lortu dugu". Testuingurua erraza ez izanik ere, "emaitzek erakusten digute hautatu dugun bidea eta egindako apustuak egokiak direla", nabarmendu du Carabelek.
Hala ere, Carabelek esan duenez uneoro aintzat hartutako aldagai bat da prezioen lehiakortasuna mantentzea, are hobetzea. Azken urteetan inflazioak gora egin badu ere, eta horrekin prezioak "egokitu" behar izan badituzte ere, prezio horien lehiakortasuna hobetzera bideratu dira 52 milioi euro.
Zorra, 948 milioi eurokoa
"Zorra kitatzeko helburuarekin jarraitu dugu". 2009tik 2.558 milioi euroko zorra amortizatu du, eta 2024ko ekitaldian, zehazki, 59 milioi izan ziren, "hitzemandakoa baino 15 milioi gehiago". Gauzak horrela 948 milioi euroko zorra kitatu behar du oraindik. Horren barruan pisu gehien dute 2023an jaulkitako bonuek. Entitateekin duten zorrak, mailegu nagusiak eta mendeko betebeharrek osatzen dute zorraren gainontzekoa. Zorraren maila "ohikoa" bada ere, karga finantzarioa "ikasgai" dutela uste du oraindik Eroskiko zuzendari nagusiak.
Egitura finantzario orekatuaren aldeko apustua egin nahi du etorkizunera begira banaketa kooperatibak, eta entitate eta talde finantzarioekin nola lan egin behar duen ikusi. "Urgentziazko zerbait ez bada ere, egokia litzateke ikustea etorkizunean nola berrordenatu dezakegun zor hori", plazaratu du Carabelek.
2025 bide beretik
Eroskik dituen 1.502 dendetatik, herena, 535, Hego Euskal Herrian kokaturik daude. Banaketa kooperatibak 8.868 langileri ematen die lan Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabaren artean. Merkatu kuotari erreparatuz gero, EAEn lider da eroski, guztizkoaren %35,9 hartzen baitu. Nafarroan, %26,8koa da zifra hori.
Eremu horietan hazten jarraitu nahi du, izan denda berriak irekita, izan frankizien bitartez. Espainia mailan datozen urteetan 50 bat denda zabaltzea aurreikusi dute urtero. Salmentetan 6.104 milioi eurora iristea espero dute 2025ean, %3,4ko hazkundearekin, eta horrek EBITDAn %2,4ko gorakada suposatuko luke, 340 milioi eurokoa. "Ziurgabetasun testuinguruan emaitza hori esanguratsua iruditzen zaigu".
Rosa Carabel: "Salmentetan 6.104 milioi eurora iristea espero dute 2025ean, %3,4ko hazkundearekin, eta horrek EBITDAn %2,4ko gorakada suposatuko luke"
Oro har merkatuan bolumenagatiko hazkunde gehiago espero da, balioagatik baino, eta marka zurien kontsumoa areagotzea.