• ENPRESAK GAUR
  • 17,8 milioi euroko emaitza positiboarekin hasi du urtea Eroskik

17,8 milioi euroko emaitza positiboarekin hasi du urtea Eroskik

Taldeak jakinarazi du salmenta gordinak %3,5 handitu direla urtetik urtera

Argazkia: Eroski
Argazkia: Eroski
2026ko ekainaren 18a - 14:08

Emaitza positiboarekin hasi du urtea Eroskik. Gaur argitaratu ditu taldeak 2026ko lehen hiruhilekoko (otsailetik apirilera bitarteko) datuak, zeintzuek kooperatibaren hitzetan, “negozio eredua sendo dagoela” erakusten duten.

 

Salmentak 1.434 milioi eurokoak izan dira, urte arteko %3,5eko hazkundearekin, eta zatirik handiena (1.356 milioi) elikagaien arlotik eskuratu da. Finantzarioen eta zergen aurretiko etekinak 40 milioi eurokoak izan dira. Hala, taldearen emaitza positiboa 17,8 milioi eurokoa izatera iritsi da, 2025eko lehen hiruhilekoaren aldean baino %35 gehiago izanik. “Eroski taldeak bilakaera komertzial positiboari eutsi dio, nazioarteko merkatuak aldakorrak izan arren”, adierazi dute. 

Taldeak “Sortzeko eta Hazteko” plan estrategikoan aurrera egiten jarraitu du hiruhilekoan zehar; bide-orriak helburu du taldearen lehiakortasuna indartzea, erosketa esperientzia hobetzea eta hazkunde iraunkorra bermatzea. Ildo horretatik, 21 denda berri inauguratu ditu kooperatibak, eta jakinarazi dutenez, sare komertziala ere modernizatu dute. Rosa Carabel Eroski taldeko zuzendari exekutiboak onartu du testuingurua zaila izaten ari dela, ”ziurgabetasunak markatutakoa”, baina hala ere bermatu du taldeak ardatz gisa izango dituela “aurrezkia, kalitatea eta hurbiltasuna”, xede izanik “hazkundea bultzatzea, efizientzia hobetzea eta interes taldeei balioa sorrarazten jarraitza”.