Eroskik datorren astelehenean, otsailaren 2an, Mendeko Finantza Ekarpenen urteko interesak ordainduko dizkie inbertitzaileei. Guztira, 14,8 milioi euro banatuko ditu interes gisa, 2002an, 2004an eta 2007an jaulkitako tituluen titularren artean.
Aurtengo ordainketan aplikatuko diren interes tasak %5,535ekoak izango dira 2002ko eta 2004ko jaulkipenetarako, eta %5,035ekoak 2007koetarako. EROSKIk azaldu du ordainketa hauek urtez urte bete dituela lehen jaulkipena egin zuenetik, eta dagoeneko 509,4 milioi euro ordaindu dituela interesetan guztira. Datu horien arabera, 2002an Mendeko Finantza Ekarpenak erosi zituen inbertitzaile batek hasierako inbertsioaren %108,1 jaso du interes modura. 2004tik titulua dutenek %95,7 metatu dute, eta 2007ko jaulkipenekoek, berriz, inbertitutako zenbatekoaren %69,4.
Datorren urterako aurreikuspenak ere zehaztu ditu kooperatibak: 2026an interes tasa %5,246koa izango da 2002ko eta 2004ko jaulkipenetarako, eta %4,746koa 2007koetarako, Euriborrari aplikatutako diferentzialaren arabera kalkulatuta.