Eroskik zorraren birfinantzaketa sakona adostu du, bere finantza eredua egokitu eta egonkortasun handiagoa lortzeko helburuarekin. Eragiketan barne hartu ditu 500 milioi euroko bonu senior bermatu berria (2031an epemuga eta %5,750eko interesa duena), baita 370 milioiko mailegu sindikatua eta 80 milioiko kreditu lerro osagarria ere, biak 2031ra begira. Tresna horien bidez bildutako funtsak erabiliko dira aurrez amortizatzeko 2028an iraungitzekoa zen Mendeko Obligazioen programa eta 2023ko bonu senior bermatua, baita beste mailegu batzuk kitatzeko ere.
Finantza egitura berriak tresna kopurua sinplifikatu, kostuak jaitsi eta epe luzeagoak ezarri ditu, garai berri baten ataria markatuta kooperatibarentzat. "Operazio honek finantza egitura sinpleago eta eraginkorrago bat finkatuko du; gure kaudimena areagotuko du, eta zorraren kostua hobetuko", azaldu du Rosa Carabelek, Eroskiko zuzendari exekutiboak. Taldeak azken urteotan egindako normalizazio prozesua biribilduko du horrela.
Eragiketak finantza erakundeen babesa jaso du, eta horrek sendotu egin du taldearen proiektu kooperatiboak sortzen duen konfiantza. Tokiko eta nazioarteko erakunde nagusiek hartu dute parte, eta Finantzen Euskal Institutuaren eta ICOren sostengu instituzionalak Eroskiren kudeaketa eredua eta ingurunean duen pisua nabarmendu ditu.
Birfinantzaketaren testuinguruan, taldea egoera sendoan iritsi da erabaki horretara. 2024ak emaitza bikainak ekarri zizkion, galerak gaindituta eta erreserbak handituta; besteak beste, Eroskik 2024an 52 milioi euro inbertitu zituen prezioak jaisteko. 2025eko lehen seihilekoan, salmentak %2,9 handitu ditu, 2.949 milioi eurora iritsiz, eta emaitza garbia 55,5 milioira igo da. Horri esker, kooperatibak eutsi egingo dio zorpetzea EBITDAren bikoitza baino gutxiago izateko xedeari.
Eroskik denda-sarea zabaltzen jarraituko du, urtean 10-15 denda propio eta 50-70 frankizia irekita
Operazioa 2023–2026 Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da. Carabelen hitzetan, "erakundeek eta instituzioek gure proiektu kooperatiboan duten konfiantza indartuko da", eta taldeak eredua modernizatzen eta ingurunearekiko konpromisoak garatzen jarraituko du.
Etorkizunera begira, Eroskik denda-sarea zabaltzen jarraituko du, urtean 10-15 denda propio eta 50-70 frankizia irekita. Supermerkatu formatuak ardatz izaten jarraituko du, eta iparraldeko hipermerkatuak errentagarriak eta jasangarriak badira ere, taldeak ez ditu hazkunde-ildo gisa planteatzen. Gabonetako kanpainari ere erreferentzia egiteko unea hartu du Carabelek: "Merkatuko kanpainarik onena dugu", baieztatu du.