Eroskik %10,6 handitu ditu mozkinak azken seihilekoan

950 milioi euro inguruko zorra du kooperatibak. 2.949 milioi euroko salmenta gordinak izan ditu urteko lehen seihilekoan

Argazkia: Eroski
Argazkia: Eroski
2025eko urriaren 2a - 13:40
Eg. 2025eko urriaren 2a - 13:40

Eroskiren salmentek zertxobait gora egin dute azken urtean. Kooperatibak ohar bidez azaldu duenez, 2.949 milioi euroko salmenta gordinak izan ditu urteko lehen seihilekoan, iazko epe berean baino %2,9 gehiago. Mozkin garbiak 55,5 milioi eurokoak izan dira, 2024ko lehen seihilekoan baino %10,6 gehiago, eta ebitdak 157,5 milioi eurokoa izan da.

 

Zorra kitateko prozesuan da aspalditik Eroski. 2009tik 2.558 milioi euroko zorra amortizatu du, eta egun 950 milioi euro inguruko zorra du.

Kooperatibak nabarmendu du bere marka propioaren eskaintzari “toki handiagoa” eman diola, eta horrek “bezeroen fidelizazioa” areagotu duela. Era berean, tokiko produktuen aldeko apustu egin duela dio, eta egun inguruko 2.000 nekazarirekin elkarlanean diharduela. “Horren asmoa da tokian tokiko sektorea bultzatzea eta balio katearen iraunkortasuna indartzea”, adierazi du oharrean.

 

Azken sei hilabeteetan 31 saltoki berri ireki ditu: sei denda propio eta 25 frankiziatu. Halaber, irailean marketplace berria aurkeztu zuen, online bidezko erosketak eta bestelako komunikazioak errazteko asmoz.

Kooperatibak nabarmendu du eraldaketa digital betean dela bere eragiketa esparrua. “Modernizazio proiektuak” dituzte logistikan eta dendaren kudeaketa sistemetan, eta horiek produktibitatea eta efizientzia areagotuko dutela azaldu dute. ehun milioi euro baino gehiago bideratuko dituzte euren sistemak digitalizatzeko asmoz.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain