Eroskik 64 milioi euroko irabaziekin itxi zuen 2022a

Kostuak handitu egin zirenez, eta marjina gordina puntu bat jaitsi zenez, amaierako emaitza %1,32raino murriztu zen taldearen salmentetan

Eroskiren supermerkatuetako bat | Argazkia: Eroski Eroskiren supermerkatuetako bat | Argazkia: Eroski

Eroskik emaitza positiboarekin amaitu zuen 2022ko ekitaldia, kontuak 2023ko urtarrilaren 31n itxita, 64 milioi euroko emaitza positiboa izan baitzuen. Taldeak ohar bidez jakitera eman duenez, ekitaldi horretan eragin handia izan zuen saldutako produktuen kostuen igoerak, batez beste %15 garestitu baitziren, eta partzialki Eroskik bere gain hartu zituelako igoera horiek, puntu bat murriztu zen marjina gordinaren kaltetan. Neurri horrekin salmenta prezioei eutsi nahi izan zien.

Ebitdak 280 milioi euroak gainditu zituen ekitaldia amaituta, produktibitatearen hobekuntza neurriak ezarri dztuelako, eta balio kateko zenbait prozesutan eraginkortasuna handitu zuelako.

Salmenta gordinak, berriz, %7tik gora handitu zituen taldeak, eta 5.476 milioi eurokoak izan ziren, batik bat inflazioak prezioen gain izan zuen eraginagatik. Eroski supermerkatuen kasuan, %12 handitu ziren, nahiz eta produktuen kostua %15 handitu zen. Jardueraren zifren eboluzioari lotuta ere, eragin nabarmena izan zuten marka propioko produktuek, %7 handitu zirelako partaidetza aldetik.

“2022ko ekitaldia, ziurgabetasunez betea izanagatik ere, positiboa izan da. Aurreko urtean baino etekin apalagoa izan dugu kostuak handitu egin direlako, emaitza finantzarioak normalizatu egin direlako eta, batez ere, marjinak murriztea erabaki dugulako prezioei eutsi eta gure jarduera promozionala handitzeko. Gauzak horrela, emaitza positiboak kontsolidatu ditugu eta emaitza onak dira”, adierazi du Rosa Carabel Eroski Taldeko arduradunak.

Taldearen mozkin operatibo arruntak 204 milioi euroko emaitza izan zuen, 2021ekoa baino %10 handiagoa, eta aurreko ekitaldiko salmenten antzeko ratioetan kokatu zen.

Era berean, 2022ko "inflazio presioaren" testuinguru horretan, Eroskik kudeaketarekin lotutako gastuen igoera "nabarmena" izan zuela azpimarratu du, eta "gainkostua" nabarmendu du. Horren ondorioz, 38 milioi euro baino gehiagoko gainkostua izan zuela azaldu du, besteak beste, errentetan, garraioan eta langileetan. Ildo horretan, adierazi du erakundearen balio kate osoan ezarritako efizientzia neurriak ehuneko 0,83 puntura iritsi zirela, eta aukera eman zutela "gainkostuei aurre egiteko, salmenta prezioetan erabat txertatu beharrik izan gabe eta, horrela, kontsumitzaileengan duen eragina arinduz".

Emaitza arrunta 128 milioi eurokoa izan zen, 2021ekoa baino % 50 txikiagoa. Taldeak nabarmendu duenez, aldaketa hori batez ere finantza emaitzak eragin zuen, eta horren urte arteko bilakaera "joan den ekitaldiko ezohiko egoeraren, eta birfinantzaketa akordioak betetzearen ondoriozkoa" izan zela zehaztu du Carabelek.

Halaber, bere hornitzaileekin elkarlanean, aurrezpena bultzatzeko programa komertzial "bizia" garatu zuela gaineratu du, hainbat sustapen kanpaina eta fidelizazio klubaren bidez. "Ahalegin handia egin dugu kontsumitzailearen beharrei erantzuteko, gure ekintzak areagotuz aurrezpena errazteko, ahal den neurrian, eta inflazio handiaren testuinguruan prezioen igoera geldiarazteko”, nabarmendu du. Zehazki, aurreko ekitaldian 335 milioi euroko aurrezkiak transferitu zizkien taldeak.

Eroski taldeak 44 milioi eurotan murriztu zuen finantza zorra, 909 milioi euroan kokatzeraino, eta 2009tik 2.514 milioi euroko zorra murriztu zuen.

Eroski kooperatiba

Bestalde, Eroski S.Coop kooperatibak 32,07 milioi euroko emaitza positiboa izan zuen iaz, 2021eko 58,7 milioi baino %45,3 txikiagoa. “Kostuen hazkundearen inpaktuak eta marjinen murrizketaren bidez bere gain hartze partzialak nabarmen eragin zioten, familien poltsikoan inflazioaren eragina gutxiarazteko”, nabarmendu du taldeko arduradunak.

Eroskik 1.268 pertsona sartu zituen bazkide kooperatibista gisa 2022an, eta aurreko ekitaldiaren amaieran kooperatiba nagusiko bazkide langileen guztizko kopurua 9.500 pertsonara igo zuen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK