500 milioi euroren bonuak saldu ditu jada Eroskik. Hala iragarri du Mondragon taldeko kooperatibak gaur. Astelehenean merkaturatu zituen eta %10,625eko interesekin saldu ditu. Modu honetara, bere zorrari aurre egiteko 500 milioi eskuratu ditu, eta 2029an itzuli beharko ditu bonuak.
Bonuen salmentaz gain, beste finantza erreminta batzuk ere abiatu ditu Eroskik. 112,8 milioi euroko mailegu kontratua sinatu baitu Laboral Kutxa, Kutxabank, ICO, Sareb eta Mondragon taldearekin. Halaber, BNP Paribas eta Deutsche Bank bankuekin ere 35 milioi euroko “zubi-mailegua” adostu du, eta epemuga 2025ean izango du.
Akordio hauekin lortutako finantzazioa zorra kitatzera bideratuko duela argitu du Eroskik. Era berean, kooperatiba bere higiezin eta lursailak saltzekotan dela ere jakina da, baina kooperatibak EnpresaBIDEAri azaldutakoaren arabera, higiezinak saltzeko estrategiak ez du zerikusirik zorra kitatzearekin, taldearen negozio garapena indartzea delarik salmenta hauen helburua. Kooperatibak jakinarazi duenez, egungo supermerkatu guztien %3 da soilik bere jabetzakoa, eta higiezin eta lursailak salduz gero, 260 milioi euro eskuratu ditzakeela kalkulatu du kooperatibak.