EROSKI AZOKA webgune berria independentea da eroski.es gunetik, baina bere orrialde nagusitik sar liteke bertara eta Eroskiren fidelizazio-txartela erabiltzeko aukera ematen du. Bezeroak webgune horretatik egin dezake erosketa, eta hor aurkituko ditu produktu bakoitzaren fitxa teknikoa eta ekoizlearen inguruko informazio osoa. Eskaria etxera bidaltzen dute edo bezeroak dendan jaso dezake, berariaz horretarako jarri duten gune batean. Bezeroek eskuragarri izango dituzte produktu freskoak, landuak eta baita produktu sorta bereziak ere, adibidez 0 kilometrokoak, artisau erakoak edo tokiko produktu ekologikoak. Nabarmentzekoa da, halaber, ekoizleak zeregin aktiboa duela proposamen komertziala eraikitzeko garaian eta bere produktuak kudeatzeko orduan.
EROSKI AZOKAko produktuak biltzeko lehen gunea Amarako saltokian jarri dute, Donostian. “Komunitate bat sortzea da gure azken helburua. Webgunea lagungarria da kooperatiba baten izaera praktikara eramateko, eta gauzak beste era batean egiten ditugula erakusteko” azaldu du Asun Bastidak, Eroskiren Tokiko Produktuen zuzendari komertzialak.
Halaber, produktua emateko unean ekoizlea bera dendan egotea proposatu du Eroskik, hala bezeroa ezagutzeaz gain, produktuaren inguruko informazio eman eta sor litezkeen zalantza guztiak argitzeko. Aurkezpenak, dastatze saioak edo ekitaldiak ere antolatuko dira tokiko ekoizleekin, bezeroaren eta ekoizlearen arteko hurbiltasuna sendotzeko.
Irisgarritasun ziurtagiria
EROSKI AZOKA Interneteko denda berriak AA irisgarritasun ziurtagiria ere eskuratu du, behar bezala betetzen dituelako webguneetarako irisgarritasuna bermatzen duten nazioarteko estandarrak desgaitasunak dituzten pertsonentzat. Ilunion Accesibilidad aholkularitza etxeak eman dio ziurtagiria, ONCE erakundearen barnean dagoenak.
Gustavo Daniel Ramirez, Ilunion Accesibilidad etxeko aholkulariaren arabera, Eroskiren webgunea erraz erabiltzeko modukoa, ulergarria eta oso irisgarria da, bai Interneteko denda bera eta baita produktuen bilatzailea edota erosketa saskia ere. Neurri, kolore eta kontraste egokiko letrak ditu webguneak, desgaitasuna duen edozein pertsonak, izan itsua, gorra, mugikortasun arazoak dituena edo desgaitasun kognitiboren bat duena, edo izan trebetasun digital gutxi duen adineko pertsona, modu eraginkor batean erabiltzeko modukoa.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta