• ENPRESAK GAUR
  • Errekak aurreikusten du ehun milioitik gorako fakturazioa izatea 2028rako

Errekak aurreikusten du ehun milioitik gorako fakturazioa izatea 2028rako

Antzuolako kooperatibak 65 urte bete ditu aurten. 11 milioi eurotik gora inbertsioak ere aurreikusten ditu

Argazkia: Erreka kooperatiba
Argazkia: Erreka kooperatiba
2026ko ekainaren 29a - 10:07

Mondragon Korporazioko Erreka kooperatibak 65 urte betetzen ditu aurten. Automozioa, osasuna, mugikortasuna, energia berriztagarriak edota aeronautikarako soluzio aurreratuak eskaintzen ditu Antzuolako (Gipuzkoa) enpresak, eta “dibertsifikazioa eta kultura partekatua” ditu oinarri.

 

Arkaitz Etxezarreta kooperatibako zuzendari orokorraren esanetan, egindako ibilbidearen arrakastaren gakoetako bat “konstantzia, pazientzia eta ikuspegi estrategikoa uztartzea” izan da, bereziki negozioen dibertsifikazioaren aldeko apustuari esker. Estrategia horrek aukera eman dio Errekari hainbat ziklo ekonomikoetara moldatzeko eta hazkunde orekatu eta iraunkorra lortzeko, filial eta negozio unitateen garapenaren bidez.

Halaber, Joana Ibarretxe lehendakariak azpimarratu du kooperatiba ereduak ere funtsezko zeregina izan duela: “epe luzerako ikuspegia, pertsonen inplikazioa eta irabazien banaketa justuagoa” izan dira erabaki estrategiko sendoak hartzeko oinarriak.

 

Egun neurri ertaineko industria-talde dibertsifikatu gisa kokatzen da Erreka, lau negozio nagusitan egituratuta eta balio erantsian zein espezializazioan oinarritutako posizionamenduarekin. Etorkizunera begira, berriz, automobilgintzan dibertsifikazioa sendotzea, energian zerbitzu berriak garatzea, sarbideen arloan eskaintza eboluzionatzea eta Medical negozioa finkatzea ditu helburu.

Era berean, taldeak 75 milioi euroko fakturaziotik 100 milioi eurotik gorakoa izatera igarotzea aurreikusten du, eta 2028ra bitartean 11 milioi eurotik gora inbertsioa egingo dute berrikuntza-proiektuetan, aliantza estrategikoetan eta balio teknologiko handiko garapenetan.