Erretiroaren ondoren, langileak bazkide

Jabeak jubilaziorako bidea hartuta, zenbait langilek enpresaren bazkide egitea erabakitzen dute, lan sozietatea eratuz. Prozesua konplexua izaten da, dirua jartzea eta ardurak hartzea eskatzen baitu, baina Asleren aholkularitza eta zenbait pizgarri izaten dituzte bidelagun

Belmekek 2019an abiarazi zuen lan sozietate izateko prozesua. Egun lau langile dira bazkide | Argazkia: Belmek Belmekek 2019an abiarazi zuen lan sozietate izateko prozesua. Egun lau langile dira bazkide | Argazkia: Belmek

Enpresen erronketako bat izaten da sarritan etorkizuneko jabetza noren esku geratuko den. Zer gertatzen da ordura arteko jabeak erretiroa hartu behar duenean, eta horretarako familia barruan erreleborik topatzen ez duenean? Enpresa txiki eta ertainen kasuan, batzuetan soluzioa ez da izaten jabetza bakarreko izaten jarraitzea. Zenbaitetan ordura arte langile izandakoak bazkide ere bihurtzen dira, eta erantzukizun mugatuko lan sozietatea sortzen dute.

Hori izan zen Bergaran (Gipuzkoan) kokaturiko Belmek mekanizatu enpresaren kasua. Enpresa txikia da, lau bat langilekoa, eta batez ere Euskal Herriko enpresa handiak ditu bezero, energia eoliko edo makina-erremintakoak. “Guk aurreikusten genuen iritsiko zela momentu bat non lehengo jabeak, erretiroa hartzeko adinagatik, planteatuko ziguten aukera hori. Eta hala izan zen”, kontatu du Asier Martin Pagalday Belmekeko ekoizpeneko arduradunak.

Ordura arte bi jabe ziren, eta ondorioz erosketa bitan zatitu zen. Lehenengoa 2019ko urrian gauzatu zen, baina prozesua lehenago hasi zen, zortzi edo bederatzi hilabete lehenago. “Bigarren fasea espero genuen 2021eko abendura begira izatea, baina pandemiak dena azkartu zuen, baita hasiera hori apur bat zaildu ere”, dio Martinek. Hala, erantzukizun mugatuko lan sozietatea eratu zuten. Lanean ari ziren lau langileetatik hiru sartu ziren bazkide bezala. Urtebeteko epean beste pertsona bat kontratatu eta hura ere bazkide egin zen.

Kooperatibekin aldea

Erantzukizun mugatuko lan sozietatea enpresaren forma juridikoa da eta, kooperatibak bezala, langileak enpresaren bazkide izatea ahalbidetzen du. Funtzionamendu aldetik “nahiko antzekoak” dira. Aldiz, baditu aldeak gurean hain zabalduta dagoen beste forma juridiko horrekin: “guk kapitaleko enpresa izaten jarraitzen dugu. Alegia, erabakiak hartzerakoan ez da pertsona bat, boz bat. Jarritako kapitalaren arabera portzentaje bat dagokio bakoitzari”, azaldu du Marian Tapia Saiz Zorrotz Legazpi SLLko zuzendariak. “Fiskalki ere desberdina da. Gu gara, gutxi gora behera, sozietate anonimo edo erantzukizun mugatukoa bezalakoa”.

Gipuzkoan kokaturiko enpresa honek 80 urte bete ditu eta makina-erremintarako tresneria berezia egiten du. 2011an abiarazi zuten sozietate laboral izateko prozesua, hartzekodunen konkurtso baten murgilduta. Pausoak, baina, konkurtso aurretik ematen hasi ziren. “Pena ematen zigun uztea, ikusten genuelako salmenta dezente jaitsita ere, bezeroak guregana etortzen zirela erostera eta ez gu haiengana saltzera. Uste genuen produktu ona zela, eta bagenekien nola ekoitzi”, dio Tapiak.

Marian Tapia Saiz: “Borondatez erabaki beharreko zerbait zen, baina horretarako diru dezente jarri behar zen. Hortik, pare batek ezik, denak ginen bazkide. Une honetan, 45 bat langile gara, eta horietatik 40 gara bazkide”

Garaian ziren 67 langiletik, 30 batek erabaki zuten sozietate berriaren parte izatea. “Borondatez erabaki beharreko zerbait zen, baina horretarako diru dezente jarri behar zen. Hortik, pare batek ezik, denak ginen bazkide. Une honetan, 45 bat langile gara, eta horietatik 40 gara bazkide”, dio.

Asleren aholkularitza

Zorrotz Legazpiren kasuan, ez zeuden seguru enpresari zein forma eman. “Argi genuen ez genuela nahi norbait etortzea eta lehen bezala funtzionatzea”, dio Tapiak. Hala, Asle Euskadiko kapitalean parte-hartutako enpresa elkartearekin egin zuten topo, “zorionez”, eta bertan lan egiten duten Anabel Yoldi eta Iñigo Arinarekin.

Belmeken kasuan jabeak jarri ziren harremanetan Aslerekin, eskualdatzea nola burutu aztertzeko. “Saltzaile eta erosle arteko figura egiten du, eta sentsazioa da oso neutralak izan zirela. Gainera, aholkularitza puntu bat ematen dizute, bai legediari, bai kudeaketari dagokionez”, dio Martinek.

Kimubatek 30 langile ditu egun, eta horietatik 22 bazkide dira | Argazkia: Kimubat
Kimubatek 30 langile ditu egun, eta horietatik 22 bazkide dira | Argazkia: Kimubat

Asleren laguntza jaso zuen beste enpresa bat izan zen Kimubat, Azpeitian kokaturiko paisajismo eta garden enpresa, kanpo espazioetan eta landareekin lan egiten duena. Egun 30 langile ditu, horietatik 22 bazkide. “Elkarte kontua baino, pertsona kontua ere bada. Gure erarako estatutuak, nondik bideratu guztiak, tramite burokratikoak... izatea ahalbidetzen dizu. Eta aurrera begira ez dizut esango mapan kokatzen zaituenik, baina nolabaiteko ibilbidea duten ekosistema baten kokatzen zaitu. Eta baduzu nora jo, beste enpresa batzuk identifikatzeko”, dio esperientziaz Iker Goikoetxea Arana Kimubateko koordinatzaileak.

2014an konfiguratu ziren elkarte laboral gisa, euren kasuan ere aurreko krisi ekonomikoaren ondorioak sufritzen ari zen garaian. “Eustearen aldeko apustua egin genuen, eta orduko langile guztien artean jabetza elkarbanatuz, eta ordura arteko bazkideak taldean sartuz —lau ziren—“, azaldu du Goikoetxeak. Erosketaren parte bat garai hartan egin zen, eta bestea “ denboraren poderioz denon artean erosten joan gara”.

Kapitala nondik?

Martinek, Tapiak eta Goikoetxeak adierazi bezala, sozietate laborala sortzeak kapitala jartzea eskatzen du langileen aldetik. Baina nondik atera daiteke kapitala enpresan parte hartzeko? Kimubaten kasuan, esaterako, aukera izan zuten langabezia kapitalizatzeko. Alegia, lan egiteari esker langabeziarako sorturiko poltsa guztia ordainketa bakar baten jasotzeko jarduera ekonomiko berria martxan jarri ahal izateko. “Momentuan bertigoa ematen dizu, nahiz eta enpresak proiekzio ona izan. Baina azkenean denok ofizioa bizi dugunez, apustua eginez, erabaki genuen hori zela momentua”, azpimarratu du Goikoetxeak.

Horrekin batera, dirulaguntza batzuk jaso zituzten. Michelin fundaziotik, esaterako, langileen lanpostuetarako dirulaguntza jaso zuten. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Jaurlaritzak zerga pizgarriak eskaintzen dituzte halakoak martxan jarri ahal izateko.

Iker Goikoetxea Arana: “Gure erarako estatutuak, nondik bideratu guztiak, tramite burokratikoak... izatea ahalbidetzen dizu. Eta aurrera begira [...] nolabaiteko ibilbidea duten ekosistema baten kokatzen zaitu”

Hala ere, ahalegin ekonomikoa egitea ezinbestekoa da bazkide izan nahi duten langile guztien kasuan. “Guk, esaterako, teknologia behar dugu. Horrek kostu ekonomikoa du eta altxortegi eta finantza aldetik indarra izatea eskatzen dizu”, kontatu du Tapiak. Euren kasuan, kasik 6 milioi euroko inbertsioa egin behar izan dute hamaika urtean, eta soldatak murriztuta eta irabaziak banatu gabe, zortzi urtean funtsak hirukoiztea lortu zuten. Orain egonkortasun ekonomiko momentuan daude.

Belmeken kasuan, berriz, zorra enpresarekiko dute, eta lanaren bitartez doaz hori kitatzen. “Gure asmoa da pauso bat ematea. Langile kopuruan, makinan... Pixkanaka, ez baita erraza”, esan du ekoizpeneko arduradunak.

Prozesu gorabeheratsua

Prozesua bera ere ez da erraza. “Arriskuak zure gain eskatzen du, ezin damutzea. Eta apustua norberarena da, ez dute beste batzuk egiten”, nabarmendu du Kimubatekoak. Gainera, hainbat belaunalditako kideak izatea erronka dakarrela dio.

Horrekin batera, ardurak hartzea eskatzen du. “Horrek ere baditu bere erronkak. Gure kasuan, hasieratik jantzi jabetzan parte hartzearen txapela, eta azkenean prozesu normala izan da”, plazaratu du. Une honetan, ordainketa kitatuta dute dagoeneko. “Errelebo prozesua eman da, lehen zegoen zuzendaritzatik eredu berri batera, bidean probak eginda. Eta aurrera begira, ikuspegi baikorrarekin gaude”, gaineratu du Goikoetxeak.

Belmeken kasuan  zorra enpresarekiko dute, eta lanaren bitartez doaz hori kitatzen. “Gure asmoa da pauso bat ematea. Langile kopuruan, makinan... Pixkanaka, ez baita erraza”

“Niri SLLa oso formula garrantzitsu eta ona iruditzen zait. Baina jendearen arabera balioan jarri behar da. Parte hartu behar du, eta ardura bere gain ere hartu”, bukatu du Tapiak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK