• ENPRESAK GAUR
  • Erroman 121 tranbia egiteko 457 milioi euroko kontratua sinatu du CAFek

Erroman 121 tranbia egiteko 457 milioi euroko kontratua sinatu du CAFek

Bi noranzkokoak izango dira tranbiak, 33,5 metro luze izango dituzte eta 215 bidaiari sartuko dira

CAFen tranbia bat | Argazkia: Europa Press
CAFen tranbia bat | Argazkia: Europa Press
2023eko urriaren 17a
Eg. 2023eko urriaren 17a

Erroma hiriko eta hiri inguruko garraio publikoa kudeatzen duen ATAC enpresak hirirako 121 tranbia ekoizteko lana esleitu dio CAFi. Bi noranzkokoak izango dira tranbiak, 33,5 metro luze izango dituzte eta 215 bidaiari sartuko dira. Denera, 457 milioi euroko kontratu sinatu dute bi aldeek, eta hasiera batean, 40 tranbia entregatuko ditu enpresa gipuzkoarrak.

 

ATACek adierazi duenez, beste hiru enpresa lizitatzaileri gailendu zaio CAF: Japoniako Hitachi Rail, Suitzako Stadler eta Txekiar Errepublikako Skoda. CAFen eskaintzak lizitazioaren hasierako zenbatekoa %10ean murrizten zuen, eta entrega datak ere hobetzen zituen. Hala, eraikitzen hasi eta 18 hilabetera lehen tranbia entregatzeko konpromisoa azaldu du CAFek.

Italiako hiriburuko CAFen tranbiek aire girotua, bideozaintza nahiz soinu sistema eta bidaiarientzat mostradoreak izango dituzte. Eugenio Patanè Erromako mugikortasun zinegotziak une historikoa dela adierazi du, hogei urteren ostean, "Europan egin den tranbia konkurtso handienetako bat" egin baitute.

 

Bestalde, CAFek Mitsubishirekin batera, 150 milioi euroko beste kontratu bat izenpetu du Filipinetan. Clark nazioarteko aireportua eta Alabang hiria lotuko dituen trenak egiteko enkargua izango du Beasaingo enpresak.