
Izabako karrika malkartsuak harrizkoak eta estuak dira eta preziski Nafar piriniotako herri ezagun horretan parte zaharretik biziki gertu, harrizko eta kristalezko horma modernoen artean, Erronkar ibarreko gasna ekoizten da. Ekia gasnategiari iraganaren usaina dario, ez, ordea, iragan edo nostalgiarena.
Ibarreko lau gaztek –Beñat Alastuey, Eneko Marko, Julen Garjon eta Mikel Galetx– duela urtebete pasatxo erabaki zuten ez zutela hiltzen ikusi nahi txikitatik mamitutako gasna-ondarea. "Aitak zuen metxa aktibo hori pixkanaka amaitzen ari zela ikusten genuen. Beraz, abentura berri batean murgiltzea erabaki genuen", dio Beñat Alastuey Josuren semeak, duela hiru hamarkada baino gehiago Ekiaren sortzaile denak.
Gasnategia Uztarrozen sortu zuen Josu Alastueyk, lurraldeari lotutako artisau-proiektu gisa. Hasieratik, Ekiak latxa ardi gazta gordinaren aldeko apustua egin zuen, produktuaren erritmo naturala errespetatzen duen eskuzko prozesuarekin. Hainbat urtez, Erronkariko ikur izan zen, baina denborak, ofizioaren eskakizun fisikoek eta erreleborik ezak historiaren amaiera ekarriko zela zirudien. Lau gazte horiek lekukoa hartzea erabaki zuten arte.
"Ilusio biziz ekin diogu lanari", diote lauek irribarra ahoan dutela. Hartutako erabakiaren biziki kontent dira, izan ere, lan honek Iruñeko hiriko lana utzi eta Piriniotan bizitzeko aukera eman die. Gainera, denak haranekoak dira eta denak haurtzaroko lagunak.
Elkarrekin eraman dute Ekia Uztarrozetik Izabako lantegi berrira. Espazio modernoa eta funtzionala da, baina Uztarrotzeko lantegiko filosofia bera darabilte. "Esentzia mantendu nahi genuen. Gasna berdin egiten da, esne gordina darabilgu, gatzatu geldoa, eskuz prentsatua... baina erosotasuna eta aukerak hobetu ditugu", azaldu du Galetxek.
Beñat Alastuey: "Aitak zuen metxa aktibo hori pixkanaka amaitzen ari zela ikusten genuen. Beraz, abentura berri batean murgiltzea erabaki genuen"
Lehendabiziko urtea ezusteko itzela izan zen: 25 tona Erronkari gazta. "Aitak garai batzuetan bikoitza ekoizten zuen, baina baita erdia ere", gogoratu du Alastueyk. "Gu egunez egun goaz, hilabetez hilabete. Ez dugu korrika egin nahi, baina aintzina egin nahi dugu". Lana urtarokoa da. Ekoizpenaren %60 urtarrila eta ekaina bitartean metatzen da, esneak kalitate handiagoa duenean, aipatu digu Alastuey berak lokaleko leihoetatik so eginez. Izan ere, lokalak erakusleiho handia du eta dena bertan egiten da, bisitarien begi bistan.
Lau gazte horien lanak inpaktu handia eragin du, eta ez da soilik produkziora mugatzen, merkaturatzea ere, eraldatu dute. "Orain denda txikietan, azoketan... saltzen dugu, baita Eroskin ere", azaldu du Galetxek. "Posizionatzen eta egonkortzen lagundu digu. Jendeari erosketak egiterakoan, gure produktuak ikusi eta jakin-mina pizten zaio". Jakin-mina fideltasun bihurtzen da despopulazioaren aurka borrokatzen diren herrietan. Izan dezaketen marketin kanpainarik onena da.

Erronkari, Zaraitzu, Baztan eta Ultzamako abeltzainek ematen diete esnea. Horietako batzuk gazteak ere badira. Ehuntzen ari diren sarea gasnaz haratago doa: komunitate bat da. Ekiako Erronkari gasnak lau hilabeteko gutxieneko prozesua du. Azal naturala, zapore indartsua, testura irmoa. Gainera, gaztanbera egiten dute soberakoarekin eta gaztazaharra krema hartzituarekin. Ez dute deus botatzen, dena aprobetxatzen da. "Ekoizpen arduratsuan sinesten dugu. Ez bakarrik ekonomiagatik, baizik eta produktuarekiko errespetuagatik", dio Garjonek.
Izaba ia 400 biztanle dituen herri txiki bat bada ere, turista eta bisitarientzat biziki erakargarria dam eta Ekia lantegian aski ongi dakite hori, kanpotarren bisitak gogo biziz hartzen baitituzte. Ekia gasnategiko lagunek bisita gidatuak, dastatzeak, salmenta zuzena eta bizipen bereziak eskaintzen dituzte. Nafarroako Pirinioetan gasna egiteak zer erran nahi duen erakutsi nahi dute. Zuzeneko salmentaz gain, emeki-emeki online saltzea sustatzen ari dira. Helburua ez da enpresa erraldoia bihurtzea, egiten dena fundamentuz egitea baizik.
Julen Garjon: "Ekoizpen arduratsuan sinesten dugu. Ez bakarrik ekonomiagatik, baizik eta produktuarekiko errespetuagatik"
"Gasnak irudikatzen gaitu. Paisaia, kabaleak eta bizi-erritmoa. Ez dugu horretatik aldendu nahi", dio Garjonek hitz handirik behar ez duen uste sendoarekin."Hau ez da enpresa bat, bizitzeko modu bat da", gaineratu du.
Eta jakina, karrikaratu nahi duten bizimodu hori gasnategiko zoko moko guztietan ikusi eta sentitzen da. Esku gazteak, tradizioari bikainki eutsi diote. Ekia belaunaldien arteko proiektua da gaur egun, izan zenaren eta izanen denaren arteko zubia. "Ez dago formula magikorik. Lana, konpromisoa eta piriniotan bizitzeko gogoa bertzerik ez", aski ongi laburbildu du Alastueyk.