• ENPRESAK GAUR
  • Eskaera garrantzitsua galdu du Vicinayek, eta neurriak hartuko ditu horri erantzuteko

Eskaera garrantzitsua galdu du Vicinayek, eta neurriak hartuko ditu horri erantzuteko

Enplegu erregulazio espedienteak zein bestelako aukerak mahai gainean jarri dizkie zuzendaritzak langileei

Argazkia: Vicinay
Argazkia: Vicinay
2026ko irailaren 22a - 16:58
Eg. 2026ko irailaren 22a - 17:44

Sestaon kokaturiko Vicinay Marin enpresak beste kolpe bat jaso du. British Petroleumen eskaera birentzako balorazio tekniko altunena izandako enpresa izanik ere, txinako lehiakide bati esleitu diote kontratua azkenean, kostu baxuagoak eskaintzen baitzituen. Albistea Mikel Jauregi Industria sailburuak baieztatu du gobernu kontseiluko bileraren ostean.

 

Eskaera galduta, zuzendaritzak enpresa batzordeari jakinarazi dio ez dela lortu aurreikusitako proiektuen kontratazioa, eta beraz lana "urrira arte soilik dagoela", Europa Pressek zabaldutako informazioaren arabera. Ondorioz, "etorkizuneko bideragarritasuna bermatuko duten beharrezko neurriak" aurreikusi dituzte. Momentuz, mahai gainean diruditen aukerak dira aldi baterako zein behin betiko erregulazio espedientea, edota enplegu birkokapenak. "Pertsonenganako eragina ahalik eta txikiena" izan dadin saiatuko direla ere agindu diete langileen ordezkariei. 

Kateak eta ainguratze lerroak ekoizten ditu Vicinaik eta 130 langile inguruk egiten dute lan bertan. Enpresak hartzekodunen aurrekonkurtsora jo behar izan zuen iaz, offshore sektoreak bizi duen krisiak eta zorpetze altuak bultzatuta. Aitzitik, 2025eko amaieran akordioa lortu zuen entitate finantzarioekin eta zorraren %93 kiktatu zioten, 125 milioi eurokoa, eta gainera proiektuan sartu zen Velora Investments —Damaso Quintana enpresariarena, Haizea Windeko presidentea—. Horretarako dirua jarri zutenen artean izan ziren Ekarpen (Kutxabank, Mondragon Taldea eta aldundiak) funtsa eta Jaurlaritza, 7,5 milioi euroko laguntzarekin. Berregituraketa egin ostean, aurrekonkurtso egoera atzean utzi zuen enpresak, eta jarduera produktiboari berriro ekin zion.

 

Proiektua aurrera atera izan balitz, urte amaierara arte zuen gutxi gora behera lana bermatuta. Bitartean, eskaera berriak atera daitezkeela helarazi die zuzendaritzak langileei, baina aterata ere, martxora arte ez da ikusten lan egin ahalko dutenik. Tarte horretan, urriaren 1ean bilera izango dute enpresa batzordeak eta Quintanak, besteak beste, etorkizunaz hitz egiteko. 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain