Sherpa Capital Espainiako arrisku kapitaleko funtsak Nafarroako Koxka enpresaren akzioen gehiengoa eskuratu du. Koxkak hozte ekipamendu komertzialak ekoizten ditu, supermerkatu eta merkataritza kate handientzat, eta jabetzan aldaketa izanda ere, Razkin Guindulain familiako kideek jarraituko dute zuzendaritzan.
Sherpa Capitalek ez du zehaztu zein ehuneko erosi duen, baina azaldu du eragiketa honek bultzada estrategikoa ekarriko diola Koxkari. Izan ere, finantza balantzea orekatu eta nazioarteko merkatuan hedatzeko aukera emango dio, funtsaren arabera.
Enpresaren kontrola lortuta, hiru edo lau urtetan Nafarroako enpresaren tamaina bikoiztu nahi du Espainiako arrisku kapitaleko funtsak. "Gure helburua taldeari etapa berri honetan laguntzea da, baliabideak, esperientzia eta ikuspegi berri bat eskainiz, Koxka eraginkortasun energetikoan eta jasangarritasunean nazioarteko erreferente bihurtzeko", adierazi du Sherpa Capitaleko inbertsio zuzendaria den Jose Maria de Retanak.
Urtean 6.000 hozte ekipamendu egiteko gaitasuna du Koxkak, eta Iruñeko Landaben industria gunean du fabrika. Iaz 40 milioi euroko fakturazioa izan zuen, eta aurten 50 milioira ailegatzea espero dute. 250 langiletik gora ditu.
Salmenta guztien %53 atzerrian egiten ditu, eta bere merkatu nagusiak Frantzia, Erresuma Batua, Mexiko eta Ekialde Ertaina dira. Hego Amerikan eta Estatu Batuetan hazi nahi du konpainiak.
"Akordio honek etorkizunari inoiz baino anbizio handiagoz begiratzeko aukera ematen digu. Koxka izaten jarraituko dugu, esentzia berarekin, baina indar handiagoarekin gure bezeroak berritzeko, hazteko eta laguntzeko, hozte eraginkorrago eta iraunkorrago baterako trantsizioan”, nabarmendu du Ignacio Razquin Koxkako presidenteak.