• ENPRESAK GAUR
  • Esportazioek handitzen jarraitzen dute Hego Euskal Herrian

Esportazioek handitzen jarraitzen dute Hego Euskal Herrian

Petrolioaren garestitzeak nabarmen hazi du inportazioen balioa, baina esportazioena ere bai

Bilboko portua | Argazkia: iStock
Bilboko portua | Argazkia: iStock
2022ko ekainaren 17a - 14:50

Kanpo merkataritzak bilakaera ona izan du apirilean ere euskal enpresetan. Orotara, 3.595,5 milioi euro esportatu zituzten, 2021eko apirilean baino %30,8 gehiago Euskadin eta %15,3 gehiago Nafarroan.

 

Baina apirilean bakarrik ez, aurtengo lehen lau hilabeteetan, Hego Euskal Herriko enpresek 13.709,8 milioi euroren ondasunak esportatu dituzte, iaz epe horretan baino %22 gehiago.  

Datuak ikusita, esan liteke Ukrainako gerra luzatzeak ez diola kalterik egin kanpo merkataritzari. Hala ere, pisu nabarmena izan du energiaren garestitzeak. Eustaten arabera, petrolioaren olio finduena izan da gehien hazi den esportazio atala, eurotan %114,3 egin du gora eta tonatan %28,5.

 

Edonola ere, energiari lotutakoak ez baino, euskal enpresek gehien esportatzen dutena makinak eta osagaiak dira, %30,1 aurtengo lehen lauhilekoan, 4.124,2 milioi euro. Bigarren postuan dago automobilgintza, esportazioen %23,7 dira. Guztira, 3.253,2 milioi euro esportatu dira, iaz baino %18,3 gehiago.

Inportazioak ere indartsu

Esportazioak baino gehiago hazi dira inportazioak, %41,7. Batez ere Bizkaian handitu dira, %58,1, bertara iristen baitira petrolio eta gas ontzi nagusiak. Eustaten arabera, produktu energetikoen inportazioak ia %97 egin du gora Euskadin. 

Hala ere, gainerako lurraldeetan ere %30 inguru hazi dira inportazioak eta handitu egin da, gainera, erregaiaz bestelako produktuen kanpoko produktuen eskaria ere.

Inportazioak esportazioak baino gehiago handitu arren, kanpo saldo positiboa du Hego Euskal Herriak, 2.457 milioi eurokoa.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain