Eta ITP Aerorekin zer?

Bihar bukatzen da Zamudioko aeronautika enpresa erosteko epea, baina Espainiako Ministroen Kontseiluak ez du onartu momentuz salmenta. Horren arrazoi nagusietako bat da Indra barruko tentsioa, enpresa akziodun gisa sar baliteke ere. Bitartean, Eusko Jaurlaritzak dio “aurrerapausoak” eman dituela Bain Capital erosle nagusiarekin negoziazioan. Jokoan dago, besteak beste, enpresaren errotzea

ITP Aeroren egoitza, Zamudion. Argazkia: ITP Aero ITP Aeroren egoitza, Zamudion. Argazkia: ITP Aero

1989an sortu zen ITP Aero, eta jabetzan izan da hasiera-hasieratik Rolls-Royce: 2017ra bitartean, SENERrekin batera; urte hartatik aurrera, berriz, bakarrik, SENERri bere partea erosi ondoren. Aurki, ordea, Zamudioko enpresak eta Erresuma Batukoak lotura izateari utziko diote. Bihar bukatzen da ITP Aeroren erosketa ixteko epea, printzipioz. Ondo bidean, Espainiako gobernuko Ministroen Kontseiluak atzo onartu behar zuen salmenta, baina oraindik ez du oniritzirik eman. Airean dira hainbat puntu.

Momentuz, hiru alderdi baieztatu dira: batetik, enpresa 1.700 milioi euroren truke salduko duela Rolls-Roycek; bestetik, kapitalaren parte nagusia Bain Capital nazioarteko inbertsio funtsak jarriko duela, guztiaren % 70; azkenik, gainontzeko % 30 Espainiako enpresen partzuergo batek ordainduko duela, tartean Sapa Placencia armagintza enpresa gipuzkoarrak eta JB Capital funtsak osatuko dutena. Bien artean, berriz, kapitalaren %15 ingurura besterik ez dira iristen. Nork osatuko du falta den % 15? Bi dira, antza denez, hautagai nagusiak: Indra enpresa, Madrilen egoitza duena, eta Eusko Jaurlaritza. Jokoan dagoena? Besteak beste, enpresaren errotzea. Mundu mailan industria aeronautikoko motorren eta ekoizle nagusienetakoa da ITP Aero.

Indran tentsio uneak nagusi

Madrilgo enpresa saiatu zen duela urte batzuk ITP Aero erosten. 2019an negoziaziotan aritu ziren Rolls-Royce eta Indra, baina azkenean ez zuten adostasunik lortu, esaterako, prezioari dagokionez. Oraingoan, ordea, egoera oso bestelakoa da, eta baliteke Indrak aurrera egitea. Azken egunotako gertakizunen bilakaera gakoa izango da horretarako.

Izan ere, tentsioa da nabari une honetan defentsa arloko enpresan, boterea dela eta. SEPI Industria Partaidetzarako Estatuko Sozietateak —Espainiako gobernuaren menpekoa— bere indarra areagotu nahi izan du, orain arteko akziodun nagusia izanik ere. Gobernuaren hitzetan, Indrak parte hartze publiko handiagoa izan behar du, Europako defentsa enpresa nagusietan hala delako, eta helburuetako bat da Indra ITPn sartu ahal izatea. Kontseilari independente gehienak ez zeuden ados proposamen horrekin guztiarekin. Borrokaren lehen zantzuak 2021eko maiatzean hasi baziren ere, eta geroztik dimisio bat baino gehiago izan bada ere, osteguneko Akziodunen Batzarrean heldu zen bere puntu altuenera.

Indra saiatu zen duela urte batzuk ITP Aero erosten. 2019an negoziaziotan aritu ziren Rolls-Royce eta Madrilgo enpresa, baina azkenean ez zuten adostasunik lortu, esaterako, prezioari dagokionez

Egun horretan erabaki behar zen, besteak beste, Jokin Aperribay Sapako aholkulari nagusi eta Realeko presidentea administrazio kontseiluan sartuko zen edo ez. Ordainsarien Batzordearen kontrako txostena bazuen ere, babesa lortu zuen aurrera egiteko, bozen % 53 ingururekin, SEPIrenak tartean.

Horrekin batera, Amber Capital funtsak (Prisa taldeko akziodun nagusia) gai zerrendatik kanpoko eskakizun bat aurkeztu zuen: kargutik kentzea lau kontseilari independente, tartean Alberto Terol ordura arteko presidente ordea. Arrazoia: “kohesio eta egonkortasuna” ematea batzordeari. Emaitza: baiezkoa, ia portzentaje berarekin. Gainera, Isabel Torremocha kontseilari independentearen berrautaketa ez zuten onartu. Bestela esanda, hiru kontseilari independente besterik ez ziren gelditu: Silvia Iranzo, Ignacio Martín eta Francisco Javier García, azken hau egun horretan bertan hautatua. Iranzok eta Martínek dagoeneko dimisioa aurkeztu dute, baina bigarren honek karguan jarraituko du kontseilari independente berri “nahikoa” hautatu bitartean, betiere urriaren 30aren aurretik bada.

Balio Merkatuko Espainiako Batzordeko arduradunak esan zuen aztertzen ari direla “hitzartutako ekintza” izan ote zen, [...] eta informazio hori izatean egoerari lotutako “irizpideak” ezarriko dituztela

Egoera zela eta, ostiralean, Indrako akzioek behera egin zuten nabarmen: %14,76 jauzi ziren, 8,63 euroraino. Atzo, ordea, 9,08 euroan itxi zuen. Era berean, Rodrigo Buenaventura Balio Merkatuko Espainiako Batzordeko arduradunak atzo Bilbon esan zuen aztertzen ari direla “hitzartutako ekintza” izan ote zen, horri buruzko “informazio gehigarria jasoz”, eta informazio hori izatean egoerari lotutako “irizpideak” ezarriko dituztela. Izan ere, hainbat adituren ustez legez kanpoko portaera izan da. Espainiako araudiak zehazten du enpresa bateko akziodun batek edo hainbat akziodunek era adostuan kapitalaren % 30 gainditzen dutenean, beharrezkoa dela akzioak erosteko eskaintza publikoa (EEP, edo OPA, gaztelaniaz) egitea. Kontseilariak kargutik kentzeko proposamena egin zuenean, Amberreko ordezkariak aipatu zuen Indrako "hainbat erreferentziazko akzioduni" eman ziola bere asmoen berri. SEPI eta Sapa Placencia izan litezke akzioduk horiek. SEPI, Sapa eta Amber Capitalek artean Indrako kapitalaren % 38 kontrolatzen dute eta, hortaz, legeak ezartzen duen % 30ko langa hori gainditzen dute.

ITPri dagokionez, arestian aipatu bezala Ministroen Kontseiluak oraindik ez du onartu salmenta, Indran gertatutakoaren harira. Ikusteko dago, beraz, zein izango den Indraren bilakaera, eta, ondorioz, ITPrekin gertatu daitekeena.

Jaurlaritza kondizioak negoziatzen

Eusko Jaurlaritzari dagokionez, hasiera-hasieratik adierazi du ITP Aeroren erosketan parte hartzeko intentzioa, Finkatuz funtsaren bitartez. Zenbait kondizio jarri ditu horretarako, besteak beste, ITPko akzioduna izatea, administrazio kontseiluan eserlekua izatea, konpainia eta berrikuntza arloa Euskadin mantendu eta garatzea, eta tokiko hornitzaileekin lan egitea. Izan ere, errotzea bermatzea da kezka nagusienetako bat.

Kondizio horien negoziazioa, ordea, ez da erraza izaten ari, Arantxa Tapia Ekonomia Sustapenerako, Jasangarritasunerako eta Ingurumenerako sailburuak duela aste batzuk onartu zuenez. Zailtasunen nondik norakoak ez zituen azaldu. Dena den, badirudi “aurrerapausoak” izaten ari direla, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak atzo esan zuenez, akordioa noiz itxi daitekeen ikusteko badago ere, batez ere Indraren batzarraren harira sortutako “asalduragatik”.

Eusko Jaurlaritzaren eta Bain Capitalen arteko negoziazioan badirudi “aurrerapausoak” izaten ari direla, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak atzo esan zuenez

Indra eta Eusko Jaurlaritza akziodun gisa sartuko balira, errazagoa izan liteke errotzea Euskadin bertan mantentzea, are gehiago Sapa ere tartean izanik. Dena den, airean da oraindik zer gertatuko den.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK