Enpresa txiki eta ertainetan teknologia aurreratuak, eta metodologia eta irtenbide berritzaileak sustatzeko Fast Track Innobidea programara 6,5 milioi euro gehiago bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak. Erabaki hori orain aste batzuk eginiko Industriaren Defentsarako Taldearen bileraren ostean hartu du Jaurlaritzak.
Jaurlaritzak ETEei laguntzera bideratuko dituen 277 milioi eurotatik, 20 milioi euroko aurrekontua izango du programak, ETE industrialei zein industria-arloarekin lotutako zerbitzu-enpresei laguntzeko. Dirulaguntzak izango dira, alegia, jasotakoa enpresek ez dituzte itzuli beharko, eta kostuen %50 bitarte kubritu ahalko dute. Berrikuntza proiektuen kasuan, 250.000 euro bitarte jaso ahalko du enpresa bakoitzak, Euskadi 2030 Industria Planean definitutako sektore estrategikoetara loturik badaude; ekintza osagarri eta kudeaketa aurreratuko ekintzetarako, berriz, 30.000 euro emango dira enpresako, betiere berrikuntzari loturiko proiektuetarako. Eskabidea jasotzen denean, zenbatekoaren %60 jasoko dute eskatzaileek, "proiektua gauzatzea errazteko".
2024an jarri zen martxan lehen aldiz programa, 9 milioi eurorekin. 2025ean, kopuru hori 15 milioi eurora igo zen. Bi urteko epean, jasotako eskaeren %59 babestu ditu programak, denera 311 berrikuntza-proiektu eta 23 ekintza osagarri.