Ekialde Hurbileko gatazkari aurre egin nahian, "ezkutu-industriala" diruz laguntzea ahalbidetuko duen lehen programa aurkeztu du gaur Eusko Jaurlaritzak: Dibertsifika 2026, lehengo Indartu eta Gauzatu Industria laguntza-programak
biltzen dituen. Zehazki, 54 milioi euroko aurrekontua izango du programak, ETEen eraldaketara eta dibertsifikaziora bideratuko direnak. ETEek produkzio-ahalmenak handitu, negozio-lerro berriak ireki edo sektore eta merkatu berrietara iritsi ahal izateko tresna izan nahi du.
Laguntzak ETE industrialentzat izango dira nagusiki, betiere produktu eta prozesu industrialei loturiko zerbitzuak ematen badituzte. Horren barruan sartuko dira sektore logistikokoak, baina ez hala garraiokoak. Dibertsifikaziorako inbertsioak Araba, Bizkaia edo Gipuzkoan egin beharko dituzte. Enpresa handi batzuek ere aukera izango dute programa honetan parte hartzeko, baina horretarako inbertsioak Bizkaiko Ezkerraldean egin beharko dituzte ezinbestean. Agroelikadura sektoreko enpresek ere jaso ahalko dute laguntza.
Konkurrentzia lehiakor bitartezko prozedura izango da dirulaguntzena, eta gehienez milioi bateko muga izango du enpresa edo talde bakoitzak. Enpresa handien kasuan gehienez %10eko muga izango dute, %15 ertainek eta %20 txikiek.