Gipuzkoako industria etorkizunari begira dago eta horretarako berrikuntza ezinbestekoa da. Donostiako Kursaaleko ganbara aretoan Re-Think Industryren V. edizioa egin zen atzo. Kongresu horretan, besteak beste etorkizuna aztertu zen, talentuaren garrantzia azpimarratu zen eta berrikuntza teknologikoak zer eskaintza ematen dituen ezagutarazi zen.
Jon Gurrutxaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako zuzendariak moderatutako mahaian BeTEK (Bultzatu Enpresa Txiki eta Ertainen Berrikuntza Teknologikoa) proiektuaren hiru adibide ezagutzeko aukera izan zen. Gurrutxagaren arabera, lankidetza izan da ekimenaren muina. Proiektua hobeto azaltzeko BRTAko Garbiñe Manterolak egitasmoaren prozesuak azaldu zituen. Bost fase ditu proiektuak eta bertan talde eragile desberdinen arteko elkarlana ezinbestekoa dela adierazi zuen Manterolak. Talde eragileen artean Iraurgi Berritzen, BRTA, Tknika, Innobasque eta Orkestra daude eta Gipuzkoako eskualdeko garapen agentziekin elkarlanean aritzen dira.
Mahai inguruan Erlo taldeko Unai Zubeldia, Ariona Poolseko Miguel Pueyo eta Ingeseako Alex Arriola egon ziren. Hiruek BeTEK ekimenean parte hartu dute eta prozesu horri esker, euren enpresen etorkizuna aldatzeko aukera izan dute. Erlo taldearen adibidea deigarria da: 60 urte daramatzate zulagailu industrialak egiten eta bere sektorean liderrak dira, baina azken urteetan, erabiltzen duten teknologia hobetzeko aukerak izan dituzte eta gaur egun, zulagailuen ekoizpena enpresaren zati txiki batera murriztu da. Transformazio hori aurrera eraman ahal izateko, ibilbide-orri bat prestatu zuten BeTEKen parte hartu aurretik. Azkoitiako enpresa honek bere ekoizpen bideak guztiz aldatu ditu eta 4 proiektu berri sortu ditu inguruko enpresekin.
Elkarlana mahai inguruan azpimarratu zen faktore bat izan zen. Ariona Poolen igerilekuetarako filtroak egiten dituzte 2018. urtetik eta Miguel Pueyok azpimarratu zuen ekoizpen eta salmentetatik haratago ezin zutela denbora asko hartu berrikuntzan lan egiteko. Nahiz eta enpresa gaztea izan, taldeko kideek 40 urteko esperientzia dute sektorean. Beraientzat BeTEK-ek inguruko ekosistema ezagutzeko balio izan die eta ekoizpenean berritasunak sartzeko aukerak izan dituzte Gipuzkoako berrikuntza eragileekin. Bere lanean jakintza asko duten profesionalak dira, baina bere egunerokoaren jarduerak ez zieten denborarik utzi jakintza berriak ikertzeko. Gaur egun CEITekin lan egiten dute filtroei bestelako berritasunak ezarri ahal izateko.
Ingesea Automation enpresaren adibidea Alex Arriolak azaldu zuen. Enpresa horrek 2008an hasi zuen bere jarduera diseinu mekanikoak egiten. 2025ean aldiz, enpresak jabe aldaketa bat eduki zuen eta horrek enpresaren plangintza aldatu du. Arriolak azaldu zuen proiektu berrian kalibrazio robotikorako edota integrazio digitalerako AAren erabilera ezinbestekoa izan dela. Helburu berriak aurrera eraman ahal izateko BeTEKekin lan egin zuten eta gaur egun atzerriko enpresekin elkarlana egiteko aukera izan dute.

Mahai inguruan ETEen beharren inguruan galdetu zuen Gurrutxagak. BRTAko Manterolak argi zuen beharren artean abaniko oso zabala dagoela eta prozesuak oso desberdinak izan direla BeTEKen enpresen arabera. Ezagutza nola mantentzea eta transmisioa egotea ezinbestekotzat ikusi zuten mahai inguruko kideek, eta horrekin batera prozesuak hobetzeko teknologia beharrak aztertzea behar-beharrezkoa dela adierazi zuten.
Gipuzkoako ekosistemari balioa eman zioten mahai inguruan. BeTEKen egindako prozesuaren ostean zer nolako aldaketak egon diren galdetu zuen Gurrutxagak. Ariona Poolseko Pueyok azpimarratu zuen atentzioa deitu ziela ezagutza edukitzeko aukera etxean izateak eta kolaboratzeko prestutasuna handiak. Ingesea Automationeko Arriolak, aldiz, bertako ekosistema publikoa ezagutzen zuen, baina horrelako foruetako gertutasunaren balioa handia izan dela adierazi zuen.
Ezagutza nola mantentzea eta transmisioa egotea ezinbestekotzat ikusi zuten mahai inguruko kideek
Erlo taldeko Zubeldiak ere, ekosistemako agente asko ezagutzen zituztela azaldu zuen. Beraientzat garrantzia bestelakoa izan da, agente guzti horiek mahai berean aurkitzea. Mahai horretan zeudenen artean, Erloren jarduera zulagailuetara mugatua zegoela uste zuten, eta prozesuaren ostean proiektu berriak ezagunak egin dira.
Mahai inguruan parte hartu zuten hiru enpresetako arduradunek mezu berbera adierazi zuten 'BeTEKen parte hartzeko zalantzak dituzten enpresei zer esango zeniokeen' galderari. Hiruek parte hartzeko gonbidapena egin zuten, enpresaren etorkizunari begira jartzeko hausnarketa une bat delako eta input oso positiboak jasotzeko ariketa bat delako.
Ekimen horretan, enpresetara eragile asko batera joaten dira. BRTAko Manterolak adierazi zuen hasiera batean uste zuela horrelako agerpen bat egiteak enpresei beldurra eragingo ziela. Aldiz, enpresetara hainbeste eragile iristen direnean, enpresek harrera ona izan dutela ikusi dute eta eredu hori errepikatzen jarraitu da.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta