Etxebizitzaren gaia euskal herritarron kezka nagusienetako bat dela ukaezina da. Arazo horri heltzeak askotariko erantzunak eskatzen ditu ezinbesteak, eta horiei buruz aritzeko aukera eskainiko du gaur hasiko den BBTS Berrilan Basque Tech Summitek.
Inaugurazioa arratsaldean izango da, eta bertan hartuko dute parte Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak, Paul Liceaga ASCONGIko zuzendari nagusiak, eta David Barco Berrilango CTO eta BBTS2025 kongresuko zuzendariak.
Euskal administrazioa eta eraikuntza sektorea bilduko dituen hitzorduak etxebizitza publikoko proiektuen plangintzari eta gauzatzeari helduko dio. Zehazki, digitalizazioa eta BIM deritzon metodologia izango ditu abiapuntu, eraikuntza prozesuak bizkortu eta herritarrei kalitatezko irtenbideak bermatzeko helburua duena. Eta hori, noski, lankidetza-publiko pribatua oinarri izanda.
Kongresuak bihar eta etzi jarraituko du, Anoetako estadioan, eta gaia hainbat ikuspegitatik jorratuko dute. Berrilan eta Real Sociedad Fundazioa dira antolatzaile nagusiak, butic The New Schoolekin batera.
BBTSren hirugarren edizioa da urtengoa. Urtero egiten den hitzordu honen xedea da arkitektura, ingeniaritza, eraikuntza eta jabeen eraldaketan teknologiak izango duen paperari buruzko askotariko hausnarketak plazaratzea.