
Urtebete darama martxan Eup! Bizkaiko erosketen atari digitalak. BBK Fundazioak jarri zuen martxan, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Bilboko Merkataritza Ganberarekin eta hiriko beste zenbait merkataritza elkarterekin batera, eta guztira 3.435 salmenta lortu ditu urtebetean. Hala jakinarazi du Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko eta Ogasuneko diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan, Elkarrekin Bizkaiaren galderei erantzunez.
Salmenta datuak ez ezik, plataformaren nondik norakoei buruzko bestelako zifrak ere eskaini ditu Basurkok: 423 saltokiren produktuak topatu daitezke plataforman, sinatutako 536 kontratuei esker. Arlo askotakoak izan arren, saldutako produktuen % 48 elikagaiak eta edariak izan dira. Gainontzekoak, arropa (% 20), kosmetika eta higienea (% 9), etxerako produktuak (% 6) eta liburugintza eta papergintza (% 3) izan dira. Gehien saldu duten saltokiak Bilbon, Barakaldon, Basaurin eta Bermeon dira.
Erabiltzaile kopuruari dagokionez, 1,5 milioi bisita jaso ditu plataformak guztira. Izena eman duten bezeroak, berriz, 1.579 izan dira, eta 173.200 erabiltzaile zenbatu dituzte. Era berean, Bizkaian erabili da gehien plataforma erosketak egiteko, salmenten % 63 lurraldean geratu baita, baina gainontzeko % 37k beste zenbait tokitatik erosi du, hala nola Madrildik (% 8ak) edo Araba eta Gipuzkoatik (% 3 bakoitzetik).
Basurkok ontzat jo du lehen urte hau, nahiz eta egitasmoak "epe ertain-luzeko" ikuspegia izan.