• ENPRESAK GAUR
  • Europako Batzordeak Industria Bizkortzeko Araua aurkeztu du

Europako Batzordeak Industria Bizkortzeko Araua aurkeztu du

Arauak automobilgintza, deskarbonizazio eta energia intentsiboko sektoreei eragingo die, baina ez teknologia digital edo kuantiko eta adimen artifizialari

Europako Batzordearen sarrera | Argazkia: iStock
Europako Batzordearen sarrera | Argazkia: iStock
2026eko martxoaren 4a - 16:39

Europan egindakoa zer izan beharko litzatekeen eta zer ez definitzea uste baino zailagoa omen da. Sei hilabete eta lau atzerapen ofizialen ostean, Industria Bizkortzeko Araua aurkeztu du gaur Stephane Sejourne Europako Batzordeko Industria komisarioak . Desadostasunak nabariak izan dira arauak barnebiltzen dituen hainbat alderdietan —erosketa, kontratazio eta laguntza publikorako irizpideak, nola lehenetsi merkataritza arauak errespetatuta...—, herrialde bakoitzak bere interesak defendatu nahi baititu. Batzordearen barruan ere izan dira tirabirak, zehazki, Industria eta Merkataritza zuzendaritza nagusien artean, hainbat hedabidek esandakoaren arabera. 

 

Gauzak hala, "doktrina aldaketa bat" suposatzen duen araua aurkeztu dutela defendatu du Sejournek, "duela hilabete batzuk pentsaezina izango zena". Azken egunotan "Iranekin gertatutakoa"-ri erreferentzia eginez, adierazi du "gure industria sektore estrategikoak sendotu behar ditugula". 

Arauak ez die eragingo sektore guztiei. Automobilgintza, energian indentsiboak diren industria —altzairua, kimika, papergintza...— eta deskarbonizaziorako teknologiari  —bateriak, airesorgailuak, panel fotovoltaikoak— loturiko inbertsio eta ekoizleei eragingo die. Ez horrela teknologia digitalekoen, fabrikazio aurreratuaren, teknologia kuantikoen eta adimen artifizialaren, edota erdieroaleen sektorean aritzen direnei. Espazioko eta propultsioko teknologiak ere kanpoan geratu dira.

 

Eta zenbat izan beharko da Europan egindakoa? Arauak sektorekako portzentajeak mahaigaineratu ditu, hasiera bateko %70eko baldintza baztertuta. Produktua non egiten den izango da kontuan hartuko dena, ez egilea edo enpresa nongoa den, Sejournek esan duenez. Izan ere, atzerriko enpresen ekoizpena Europar Batasunean egitea bultzatu nahi du Batzordeak. Era berean, bazkide komertzial guztiak sartu ditu konfiantzazko mahaian, Munduko Merkataritza Batzordearen arauak errespetatu asmoz. Horrek esan nahi du, denek parte hartu ahalko dutela bazkide bezala erosketa publikoetan. Dena den, elkarrekikotasuneko betebeharra izango dute, alegia, euren herrialdeetan ere Europar Batasuneko ekoizpenak lehenetsi beharko dituzte. Hori ez badute egiten, herrialdea bazkide mahaitik desagertuko da, eta ondorioz, erosketa publikoetako hautagai izateari utziko dio.

Atzerriko inbertsioei dagokienez ere, baldintzak ezarri ditu arau proposamenak. Atzerriko konpainia batek hiru sektoreetako baten 100 milioi euro baino gehiago inbertitzen baditu, eta jatorrizko herrialdean ekoizpen ahalmen globalaren %40tik gora badu auto elektrikoko baterietan, panel fotovoltaikoetan edo material kritikoetan, Europar Batasunekoa izan beharko da aliantzaren jabetzaren gehiengoa. Era berean, enpleguaren %50 EBn sortzera derrigortuta izango da. Teknologia transferentzia ere izan beharko da.

Aipatzekoa da Industria Bizkortzeko Eremuak bultzatu nahi dituela arauak, zeinetan "industria sinbiosia" sustatu nahi den. Eremu horietan kokatzen diren proiektuek zenbait abantaila izango dituztela nabarmendu du Batzordeak; bestela esanda, erraztasunak izango dituzte baimenak lortzeko, koordinaziorako, azpiegituretara eta ezagutzara sartzeko, edota finantzazioa lortzeko. Aipatutako eremuak Estatu bakoitzak zehaztuko ditu. Gauzak hala, Pradalesek dagoeneko eskatu dio Espainiako gobernuari "Euskadiko industria bizkortzeko eremu izendatu" dezan, baldintza guztiak betetzen dituela defendatuta.

Hala ere, proposamenak aurrera egiteko hainbat pauso eman beharko ditu oraindik ere Europako Kontseiluan zein Parlamentuan.