• ENPRESAK GAUR
  • Euskadiko Parke Teknologikoetako enpresek iaz baino 830 milioi gehiago fakturatu zituzten denera

Euskadiko Parke Teknologikoetako enpresek iaz baino 830 milioi gehiago fakturatu zituzten denera

673 enpresa dira, 23.600 profesionalei lan ematen dietenak

Sei campusek osatzen dute egun Euskadiko Parke Teknologikoen sarea | Argazkia: Euskadiko Parke Teknologikoak
Sei campusek osatzen dute egun Euskadiko Parke Teknologikoen sarea | Argazkia: Euskadiko Parke Teknologikoak
2025eko apirilaren 16a - 10:52

Euskadiko Parke Teknologikoek eutsi egin diote beste behin enpresak erakartzeko gaitasunari, gaur publiko egin duten Parkeetako Jarduera Txostenean jasotzen denez. 2024an 673 enpresa zeuden sarearen parte diren sei campusetan —Zamudio/Derio, Gasteiz, Donostia, Leioa, Hernani eta Abanto—. Denen artean, fakturazioa 8.243 milioi eurokoa da, aurreko urtean baino 830 milioi gehiago (%11,5ko hazkundea), eta 23.674 langileri ematen diete lan, horietatik 12.792 unibertsitate mailako ikastekin, beste 2.162 profesional doktoretzarekin, 2.627 pertsona bestelako profil akademikoekin eta 6.092 profesional Lanbide Heziketatik etorritakoak.

 

Datuok abiapuntu parke teknologikoak "punta-puntako" inguruneak direla azpiarratu du Jaione Ganzarain Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak eta Euskadiko Parke Teknologikoko presidenteak, enpresa proiektuak "erakarri eta garatzeari" dagokionez. Dena den, exigentzia mailari eutsiz "etorkizuneko erronkei aurre egiteko beste urrats bat" emateko asmoa agertu du presidenteak.

Sarean dauden enpresen sektoreei erreparatuz gero, ikusi daiteke gehienak biozientzien esparrukoak direla, zehazki, 129. Ez dira gutxi, baina, IKT sektorekoak ere: 127. "Bien artean parkeko enpresen %40 osatzen dute", azaldu du Ganzarainek. Langile kopuruan, aldiz, IKTk du pisu handiena: 4.840 profesional ari dira bertan, guztizkoaren %20,44. Bigarrena I+G sektorea da 4.476 langilerekin —% 18,9— eta hirugarrena biozientziak, 3.041 langilerekin —%12,85—. Fakturazioan, berriz, aeronautikak du indar gehien, arestian aipatutako zifraren %30 hartzen baitu, 2.479 milioi euro. 

 

I+Ga gora

Hazkundea ez da soilik enpresa kopuruan eta fakturazioan gertatu. I+Gan gehiago inbertitu zuten parkeko enpresek 2024an, 2023an baino. 660 milioitik 754 milioira igaro da, %14 hazita. Aipatzekoa da 2024an eskatu ziren patenteen erdia eskuratu dutela parkeko enpresek, 74, alegia, eta 69 enpresetara igo dela atzerriko kapitala dutenen kopurua. Halaber, 30 enpresak 2030 Agendaren bazkide dira, pertsonen, planetaren eta oparotasunaren aldeko 2030era bitarteko ekintza plana garatzen ari direlarik. Berdintasun Planak ezarri dituzten enpresa kopuruan ere hobekuntza ikusi da: 50 langile baino gehiago dituzten 170 enpresa dira egun plan horiek dituztenak, %13ko hazkundearekin. Egun pareko enpresan I+G jardueratan aritzen diren 7.369 langiletik, 4.276 dira gizonak eta 3.093 emakumeak.