Euskal aireportua(k)

    Gasteizko aireportua | Argazkia: Aeropuertos.net
    Gasteizko aireportua | Argazkia: Aeropuertos.net
    Pello Aspuru Lopez de Munain/Jaime Balaguer Lacasta
    2022eko maiatzaren 13a
    Eg. 2025eko apirilaren 4a

    Hamarkada amaieran iristekoa den abiadura handiko trenak errotik aldatuko digu Europako hiriburu hurbiletara bidaiatzeko modua euskaldunoi. Italiak etorkizunaren adibide argia eskaintzen digu: 2008an Erroma eta Milan arteko AHTa martxan jarri eta, hamar urteren buruan, trenak bi hirien arteko joan-etorrien % 69 xurgatu du. Erroma-Milan burdinbide azkarren irekierarekin gertatu bezala, guk ere hegazkina alde batera utzi eta trena erabiliko dugu segur aski Madril, Bartzelona edota Parisera bidaiatzeko.

     

    Erosotasuna alde batera utzita, aldaketa klimatikoak eta Errusiarekiko energia menpekotasunak ordezkapen hau azkartzera bultzatzen gaitu. Zentzu honetan, abiadura handiko trenak hegazkinarekiko abantaila bikoitza dakar: lehenik, energia kontsumoa herenera murriztu dezake bidaiari bakoitzeko eta bigarrenik, hegazkinarekin ez bezala, trena hornitzen duen elektrizitatea iturri berriztagarrien bidez lor daiteke. Gero eta ozenagoak dira, azken aldian, ordezkapen honen aldeko ahotsak: Alemaniako alderdi berdeak Europako hiriburuen arteko gaueko trenen zerbitzuak berreskuratzea proposatu du, Frantziak trenez ordezkagarriak diren hegaldiak debekatzeko asmoa du eta Macronek hegaldi laburrak desagerraraztea eskatu dio Air Franceri, 7,5 billioi Euroko erreskatearen truke. Joera, beraz, argia da: hegazkinen erabilpena murriztu eta ozeanoz gaindiko bidai luzeetara mugatzea.

    Abiadura handiko trenak hegazkinarekiko abantaila bikoitza dakar: lehenik, energia kontsumoa herenera murriztu dezake bidaiari bakoitzeko eta bigarrenik, hegazkinarekin ez bezala, trena hornitzen duen elektrizitatea iturri berriztagarrien bidez lor daiteke

    Geldiezina den joera honek kalte handia egingo die euskal aireportuei: 2019an Bilboko aireportua erabili zuten bidaiarien herenak Madril, Bartzelona edota Paris zuten helmuga. Hondarribiaren kasuan, % 95 izan zen. Bidaiari hauek AHTa erabiltzen hasten direnean, hiru aireportu makal izatearen arriskuan gara, hegaldi luzeetarako Madril, Amsterdam edota Londreseko aireportuen menpe jarraitzen dugun bitartean.

     

    'Aireportu bat, hiru terminal' estrategiak ez du egoera asko hobetuko. Aireportu nagusi edo hub baten ezaugarririk erakargarriena hegaldien arteko lotura errazak ahalbidetzea da. Funtsezkoa da, beraz, aireportua osotzen duten terminalak ahalik eta hurbilen izatea. Bilbo eta Foronda, aldiz, 70 kilometrora dira eta Hondarribiko aireportua beste biekiko 100 kilometro baino gehiagora. Munduan ez da hain terminal urrunez osaturiko aireporturik, are gutxiago haietako batera iritsi eta beste batetik eskainitako loturarik.

    Beharrezkoa deritzogu, beraz, datozen joerei aurrea hartzea, herri txiki honen ahalegin guztiak aireportu bakar baterantz bideratuz. Etorkizuneko euskal aireportu horrek hurbileko loturak AHTari utziko lizkioke, ozeanoz gaindiko hegaldi eskaintza garatzen duelarik. Azpiegitura honek, beraz, hegazkin handienei ongietorria emateko gaitasuna izan beharko luke. Loiuko eta Hondarribiko aireportuek, 2600 eta 1800 metro luzeko pistekin, ez dute ezinbesteko ezaugarri hau betetzen. Forondak ordea, 3500 metroko pista dauka, EAEko aireportu nagusi bihurtzeko aproposena izanik. Foronda berriak Bizkaiko golkoa munduko hiri nagusietara lotzeko gaitasuna luke, hala nola New York, Mexiko hiria, Sao Paulo, Dubai, Shangai edota Singapur.

    Beharrezkoa deritzogu, beraz, datozen joerei aurrea hartzea, herri txiki honen ahalegin guztiak aireportu bakar baterantz bideratuz

    Foronda berri hura egia bihurtzeko, lehen pausoa beste aireportuetan dirua xahutzeari uztea da: pozgarria deritzogu, beraz, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Galdakaoko metroa lehenetsi izana, Bilboko Aireportura doan proiektuaren ordez. Zentzu berean, hobekuntza eta hedapen lanak bertan behera utzi beharko lirateke, dirua Forondarantz bideratuz.

    Bigarren pausoa Bilbo eta Donostia Forondara hurbiltzea litzateke, aireportua hornituko duten bi hiri nagusiak direlako: Euskal Y-a Forondarekin lotu dezakegu, aireportuaren eta hiriguneen arteko bidaia 40 minutu ingurura murriztuz. Zentzu honetan, Frankfurteko adibideak bidea erakutsi digu, Europako hamar hiri nagusien artean ez izanda, hirugarren aireportu handiena duelako. Arrakasta honen gakoa aireportuko tren geltokian datza: AHTari esker, Frankfurteko aireportua Kolonia, Bonn edota Stuttgarteko bidaiariak erakartzeko gai da, hainbat hiri ertainen eskaria azpiegitura bakar batetan bilduz eta, beraz, hegaldi eskaintza zabalagoa ahalbideratuz.

    Hirugarren pausoa Forondaren ahalmena handitzea litzateke, bigarren pista eraikitzeko proiektua biziberrituz. Bigarren pistak Europa hegoaldeko aireportu nagusien artean kokatuko luke Foronda, Euskal Hiriaren nazioarteko loturak biderkatuz.

    Badakigu hainbat Bilbotar eta Donostiarrei zaila zaiela beraien aireportu kuttunari uko egitea, eta nahiago luketela “aireportu bat, hiru terminal” eredua. Urritasun energetikoak, ordea, etorkizuna murriztu digu, eta eskaintzen dizkigun aukeren artean, nahiago genuke aireportu bat daukan 2040ko EAEan bizi, aireporturik ez duenean baino.