
Euskal enpresetako langileen %10,2k enpresaren lantegitik kanpo egin du lan 2022an, gutxienez lanaldiaren heren bat sare telematikoak erabiliz. Telelanean aritu direnen ehuneko hori 2021eko %12tik behera badago ere, 2020an lortutakoaren ia bikoitza da, %5,4ekoa baitzen pandemiaren hasieran.
Eustatek landutako datuen arabera, batez beste, langileen %76k IKT sistemak erabiltzen ditu (informazioaren eta komunikazioaren teknologiak) eta %10,5 IKT sistemetan adituak dira. Era berean, langile guztien %39,5ak urruneko konexioa du, erabilera profesionalerako gailu eramangarri baten bidez.
Langile horiek sexuaren arabera aztertuz gero, nabarmentzekoa da IKT sistemetako espezialisten kasuan %65,7 gizonezkoak direla eta %34,3 emakumezkoak. Gainerako kategorietan ikusi da industrian eta eraikuntzan ere gizonezkoen ehunekoa handiagoa dela, baina, zerbitzuetan emakumezkoena. Bestelakoan, beste sektoreetan parekatuagoa da egoera, %50ean banatuta baitaude telelanean aritzen diren gizon zein emakumeak.
Era berean, euskal enpresen %94,8k ordenagailua du, %92,5ek posta elektronikoa, %93,5ek Interneterako sarbidea eta %95,8k telefono mugikorra. Gainera, enpresen erdiak baino gehiagok, %54,3k, webgunea du.