Euskal sektore aeroespazialak bere lekua aldarrikatu nahi du

Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Espainiako Espazio Agentziaren egoitza lortzeko hautagaitza aurkeztu izanak sektorearen garrantzia agerian utzi du. Duela 55 urte abiatu zen sektorea Euskal Herrian, hausnarketa estrategiko baten ondorioz. Egun etorkizuneko erronkei begira dagoen sektore indartsua da.

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Atzo aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak Espainiako Espazio Agentziaren egoitzarako hautagaitza. Lizarrako Miguel de Eguía Zentro Teknologikoaren instalazioetan kokatu nahi du egoitza berria. Zentro teknologikoa kokatuta dagoen poligono industrialak badu etor litezkeen proiektu osagarri berriak ezartzeko espazio nahikoa, eta horregatik aukeratu dute.

Duela astebete, Eusko Jaurlaritza izan zen agentziaren egoitza eskuratzeko hautagaitza aurkeztu zuena. Arantxa Tapia Otaegi Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, baina, ez zuen kokapenaren berri eman. Euskal Autonomia Erkidegoko Parke Teknologikoetako batean izango zela baino ez zuen esan. Atzo bukatu zen hautagaitzak aurkezteko epea, eta egoitza eskuratzeko lehia bizia egotea aurreikusten da. Hamar autonomia erkidegok hogeita bat hautagaitza aurkeztu dituzte, eta Espainiako Gobernuak hilabeteko epean ebatzi beharko du non kokatuko den sortu berri duen Espazio Agentzia.

Hautagaiak lehia bizian

Ofizialki egoitza lortzeko lehia urriaren 5ean abiatu zen, Espainiako Gobernuak agindua aldizkari ofizialean argitaratu zuenean. Iragarpen horretan egoitzak bete beharreko baldintzak ezarri zituen. Hala, baloratuko da aireko eta lurreko garraiobideetarako sarbidea izatea, nazioarteko helmugetarako konexioak dituen aireportu batetik hurbil egotea eta hotel ingurune egokia izatea. Azpiegiturez gain, aintzat hartuko da egoitzan lan egingo duten lagunen integrazioa ahalbidetuko duen enpresa, administrazio, hezkuntza eta unibertsitate-sare dinamikoa izatea, baita sektore espazialarekin lotutako enpresa-ekosistema garatzen duten ekimen publikoak eta ikerketa-taldeak ere.

Bada aldizkari ofizialean agertu ez, baina Pedro Sánchez Pérez-Castejonek iragarritako baldintza bat: Madriletik kanpo kokatzea, estatua deszentralizatzeko estrategiarekin jarraitzeko

Bada aldizkari ofizialean agertu ez, baina Pedro Sánchez Pérez-Castejonek iragarritako baldintza bat: Madriletik kanpo kokatzea, estatua deszentralizatzeko estrategiarekin jarraitzeko. Euskal Herrikoez aparte, Sevillakoa eta Kanaria Handiko Kabildoarena dira irizpideen arabera aukera gehien dutenak. Kanariar Uharteetan Espainiako Teknika Aeroespazialeko Institutuaren menpe dagoen zentro espaziala dago. Andaluziak ere baditu aukerak, bertan, Euskal Herrian bezala, industria aeronautikoak garrantzi handia duelako. 2023ko lehen hiruhilekoan abiatuko da agentzia berria. 500 milioi euroko aurrekontua eta 70 langile izango ditu.

Inbertsio handiko sektorea

Espainiako Espazio Agentzia sortzeko erabakia jasota dago Europako Next Generation Funtsek hornitutako ESEPEan (Ekonomia suspertu eta eraldatzeko proiektu estrategikoa). Martxoan onartutako ESEPE honen bitartez, 4.533 milioi euro inbertituko dira 2021 eta 2025 bitartean, ekarpen publikoa 2.193 milioikoa izanik. Espainiako Gobernuak aurreko astean emandako datuen arabera, funtsen % 36 baino ez dago garatze bidean eta dagoeneko 334 milioi euro banatu dituzte, Andaluzia eta Madrilgo proiektuei nagusiki.

Badira ESEPE honetara proiektuak aurkeztu dituzten Euskal Herriko bi enpresa: Elgoibarko (Gipuzkoa) AVS Added Valued Solutions, eta Leioako (Bizkaia) Satlantis. Lehenengoak, 2021ean Marteko gainazala aztertzeko Perseverance ibilgailuan diseinuan hartu zuen parte, eta NASA eta Europako Agentzia 2028rako prestatzen ari diren misio berrian ere parte hartzeko gonbitea egin diote. AVSk Forondako aireportutik espaziora sateliteak bidaltzeko proiektua aurkeztu zuen ESEPEren deialdira. AVSk proiektu horretan Virgin Orbit enpresa estatubatuarra izango du bidaide eta baita, neurri txikiago batean, Gipuzkoako Scientifica eta Arabako CTA enpresak ere. Funtsak esleitu arte, ordea, proiektua geldirik dago.

Martxoan onartutako ESEPE aeroespazialaren bitartez, 4.533 milioi euro inbertituko dira 2021 eta 2025 bitartean

Konpainia bizkaitarrari dagokionez, ibilbide laburra badu ere, hazkunde oso handia izaten ari da. 2023an 20 milioi euroko fakturazioa lortzea aurreikusten du. 2022ko maiatzean Urdaneta satelite optikoa orbitan jarri zuen. Sateliteak bereizmen handiko irudiak hartuko ditu nekazaritza zein ingurumen-plangintzarako, eta babes zibilerako erabiltzeko. Sateliteen teknologietan aurrerapausoak ematen jarraitzen du enpresa bizkaitarrak. Atzo bertan jakinarazi zuen Finlandiako Iceye enpresarekin lankidetza sinatu duela konpainia bien sateliteen teknologiak bateratzeko. Satlantisek ESEPErako aurkeztutako proiektuak zehaztasun handiko mikrosateliteen garapenari esker metano-isurien mapak osatzeari ekingo dio, metanoa baita berotze globalean gehien eragiten duen gasa.  

Euskal enpresak aeronautikan aitzindari

1966an abiatu zen euskal sektore aeronautikoa. SENER enpresak espazio alorreko lehen kontratuak sinatu zituen eta Europako Espazio Agentziarentzat lanean hasi zen, Ariane suziria eta Ulises espazio-zunda bezalako egitasmoetan parte hartuz. 1986an Gamesa aeronautikaren alorrean hasi zen Fibertecnic enpresaren bidez eta 1988an SENERrek, Espainiako Gobernuak, Rolls Roycek eta BBV bankuak ITP sortu zuten.

ITPn zuen partehartzea aurten saldu du Rolls Royce enpresak. Sektore estrategikoa izanik, Espainiako Gobernuak bazuen salmentaren gainean beto eskubidea. Egun nazioarteko inbertsio funts batek gehiengoa du ITPn, eta posizio minoritarioa mantentzen dute SAPA enpresa gipuzkoarrak, Javier Botinen inbertsio-funtsak eta Eusko Jaurlaritzak, aurreko astean ITPren % 6 erosi eta gero, administrazio kontseiluan kontseilari bat lortuta. Litekeena da Indra enpresa espainiarra ere ITPren kapitalean sartzea.

HEGANeko enpresek 1.867 milioi euro fakturatu zuten 2021ean eta 14.186 langilek egiten dute bertan lan

1980ko hamarkadan krisi industrialak gogor astindu zuen Euskal Herria, eraldatzera behartuz. Eusko Jaurlaritzak 1992an SENERri eta Harvard unibertsitateko Michael Porter ekonomialariari eskatu zien euskal ekonomian sektore aeronautikoak izan zezakeen eragina aztertzeko. Horren ondorioz, Jaurlaritzak industria politikaren barruan aeronautika lehenetsi zuen eta, besteak beste, 1993an HEGAN Euskal Aeronautika eta Espazioko Kluster Elkartearen sorrerarako lehen urratsa eman zen. Gaur egun Hego Euskal Herriko 68 kidek osatzen dute Hegan, tartean enpresak, zentro teknologiak eta unibertsitateak. Besteak beste, Aernnova, Acituri, ITP Aero, Sener, CTA eta Satlantis punta-puntako enpresak dira gaur egun HEGANen parte.

HEGAN osatzen duten enpresek 1.867 milioi euro fakturatu zuten 2021ean, eta 14.186 langilek egiten dute bertan lan. Euskal Herriko lantokietan 766 milioi euro fakturatu zuten, 4.679 langilerekin. Klusterra osatzen duten enpresek, ordea, ez dute oraindik lortu COVID-19aren aurreko emaitzetara hurbiltzea. 2021eko txostenean jaso bezala, ez dute espero pandemia aurreko zifretara heltzea 2023 edo 2024 urtera arte. HEGAN osatzen duten enpresen fakturazioak estatu mailako sektorearen % 18,5 suposatzen du, eta Europakoaren % 1. Euskal ekonomian duen garrantzia ere nabaria da. Izan ere, EAEko BPGren %1 suposatzen du, BPG industrialaren % 4,6 eta industriaren enpleguaren % 2,4.

HEGAN osatzen duten enpresen fakturazioak estatu mailako sektorearen % 18,5 suposatzen du, eta Europakoaren % 1. Euskal ekonomian duen garrantzia ere nabaria da. Izan ere, EAEko BPGren %1 suposatzen du

HEGAN Aeronautika eta Espazioko Kluster Elkartearen barruan Hego Euskal Herriko enpresak daude, tartean Nafarroako Naitec, Anteral eta Microlan Aerospace eta baita Nafarroako Unibertsitate Publikoa ere. Badira HEGAN barruan ez dauden enpresa gehiago. 2022ko maiatzaren 4ean Mikel Irujo Amezaga Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Kontseilaria Foru Komunitatean diharduten enpresa aeroespazialekin bildu zen sektorearen egoera eta erronkak ezagutzeko. Topaketa horretan Aladakin, Anteral, Eosol, Imeron, Isati, Loxin, Microlan, Mtorres, TedCas eta Orbital enpresetako ordezkariak izan ziren eta kontseilariari elkarren arteko lankidetza areagotzeko premia azaldu zioten, horretarako Klusterra sortzeko aukera mahai gainean jarriz.

Zentro akademikoen garrantzia

HEGAN osatzen duten enpresek 117 milioi euro inbertitu zuten 2021ean Ikerkuntza, Garapen eta Berrikuntzan, aurreko urtean baino 15 milioi gehiago. Fakturazio osoaren % 6,2 inbertitzen dute I+G+bn, eta horretarako klusterrean bidaide dituzte Hego Euskal Herriko unibertsitate guztiak: Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) , Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Tecnun. EHUren kasuan Bilboko Ingeniaritza Eskolak 2001ean aeronautikaren sektorea gero eta garrantzitsua zela ikusita Gela Aeronautikoa jarri zuen martxan Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Horrela, sektoreko euskal konpainiak arduratzen dira espezializazio-ikastaro horren ikasketa-planaren ildo nagusiak prestatzeaz, HEGAN Aeronautikako Klusterraren bitartez. Bilboko Ingeniaritza Eskolak Espazio Gela ere badu, espazioko zientzia eta teknologiaren arloko profesionalen irakaskuntza eta prestakuntza helburu duena, eta baita ikerketa zientifiko, aplikatu eta teknologikoaren sustapena ere. Espazio Gelaren bitartez EHUk Espazio Zientzia eta Teknologiako Masterra eskaintzen du.

Ipar Euskal Herrian Bidarteko (Lapurdi) ESTIA Ingeniaritza Eskola erreferente nagusiena da espazio zientzietan. Espazio zientzien alorrean hainbat ekimenetan parte hartzen du ESTIAk, hala nola Basque Space Data, espazioari buruzko informazioa erabiltzen duten tokiko enpresa eta eragile taldea. 2021ean sortu zen, ESTIAk bultzatua eta Aerospace Valley CNES Frantziako Espazio Agentziaren laguntzarekin. Taldea hiru hilean behin biltzen da datu espazialen gaurkotasunaren inguruan hausnartzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK