Euskal sektore aeronautikoa hegaldi bizian berriz ere

Euskal enpresen ordezkaritza zabala izan da igandean bukatuko den Paris Air Show aeronautika alorreko azokan. Aernnova eta Aciturri enpresek Overture hegazkin supersonikorako osagaiak hornitzeko kontratuak sinatu dituzte

2.453 enpresek hartu dute parte aurtengo Paris Air Show azokan | Argazkia: Salon International de l'Aéronautique et de l'Espace 2.453 enpresek hartu dute parte aurtengo Paris Air Show azokan | Argazkia: Salon International de l'Aéronautique et de l'Espace

Pandemiari aurre egiteko mugikortasunerako murrizketek hegazkinak lurrean utzi eta aeronautika alorreko enpresen diru-sarrerak idortu zituen. Urte gogorrak pasa eta gero aireratzen hasi eta emaitza onak lortu zituzten iaz euskal enpresek. Aste honetan helmuga garrantzitsu bat finkatu dute radarrean: Parisko Le Bourget erakustazoka. Igandea bitartean mundu osoko 2.453 enpresek hartuko dute parte Europan erreferentea den topaketan. 

Bi urterik behin burutzen da Paris Air Show-Salon International de l'Aéronautique et de l'Espace azoka. Duela bi urte hitzordua bertan behera utzi behar izan zuten, pandemiak behartuta. Lau urteren ostean hegazkingintzaren eragile nagusiek topo egin dute berriro ere Parisen. Mende batekoa baino ibilbide luzeagoa du azokak eta sektorearen ildo nagusiak ezagutzeko ezinbestekoa da. Hala, industria aeroespazialaren teknologiarik modernoenak aurkezten dira, hegazkinen motorrak, sateliteen eta nabigaziorako teknologia, aireontzien kabinak eta eserlekuak eta arma-sistemak. Urteek aurrera egin ahala azoka sektoreko nazioarteko plataformarik garrantzitsuenetako bat eta negozioetarako tresna bihurtu da. Bertan egotea funtsezkoa da, hortaz, euskal enpresa aeronautikoentzat eta ez diote hitzorduari uko egin. 

Euskal ordezkaritza zabala

Euskal Herriko enpresen ordezkaritza zabala izan da Parisen. Alde batetik, Hego Euskal Herriko sektoreko enpresak biltzen dituen Hegan klusterrak stand propioa izan zuen. Bertan, bere bazkideen berrikuntzak azaldu ditu egituren, motorraren, sistemen, ekipoen eta espazioaren azpisektoreetan. Bere babespean EIPC, Korta eta WEC enpresek parte hartu dute.

Badira, bestetik, ordezkaritza propioa izan duten enpresak, hala nola, Aciturri, Aernnova, Aratz Group, Burdinberri, Capgemini, Hexagon, ITP Aero, Aeromec, Astorkia, Compitte, CTA, Egile, Ekin, Electrohilo, Satlantis, Sener Aeroespacial, Sisteplant, Tecnasa, TTT Group, Tubacex edo Korta. Euskal Herriko Unibertsitatea eta Tecnaliak ere azokan parte hartu dute.

Hego Euskal Herriko sektoreko enpresak biltzen dituen Hegan klusterrak stand propioa izan zuen. [...] Ipar Euskal Herrian diharduten enpresa aeronautiko nagusiek ere Parisko azokan parte hartu dute

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak ordezkaritza bidali zuen Parisko azokara, Mikel Amondarain Industriarako sailburuordea eta Aitor Urzelai,SPRI Taldeko zuzendaria buru zutela. Euskal enpresen ordezkariekin biltzeaz gain, Mexikoko Yucatan estatuko ordezkariekin bilera egin zuten.

Ipar Euskal Herrian diharduten enpresa aeronautiko nagusiek ere Parisko azokan parte hartu dute. Horrela, Lapurdiko Optima Aero Europe, Safran Electrical & Power eta Dassault enpresek azokan parte hartu dute. 

Kontratuen uzta oparoa

Lau urteko etenaren eta, batez ere, pandemiak ekarri zuen geldotzearen ostean bazegoen sektore aeronautiko eta aeroespazialari neurria hartzeko gogoa eta azoka oparoa izan dela esan daiteke. Oparo bezain berritzailea. Hala Suzuki eta Sky Drive konpainia japoniarrek, esaterako, auto hegalariak ekoizteko akordioa hitzartu dute Le Bourgeteko azokan. Japoniarrak ez dira hegaz egingo duten ibilgailuak ekoitziko duten bakarrak. Azokan bertan Txinan eta Europan errotutako Autoflight enpresak Prosperity, bere aireratze eta lurreratze bertikaleko ibilgailu elektrikoen azken bertsioa, aurkeztu zuen.

Aciturri eta Aernnova konpainiek Overture hegazkin supersonikorako osagaiak hornitzeko kontratuak sinatu dituzte azokan

Ohiko hegazkingintzari dagokionez, Parisko azoka Asiako hegaldi konpainien nagusitasunaren isla izan da. Air Indiak, esaterako, 250 hegazkineko eskari erraldoia sinatu du Airbus konpainia europarrarekin. Kontratuak korridore bakarreko 140 A320neo zein 70 A321neo hegazkinak eta fuselaje zabaleko 34 A350-1000 eta sei A350-900 biltzen ditu. Otsailean abiatu zen eskaria eta aste honetan, Le Bourgeteko hitzorduan gauzatu da.

Dena den, Airbusek Parisen lortu duen kontraturik handiena Indiako IndiGo konpainiarekin izan da: 500 A320 Family. Multinazional europarrak uzta oparoa bildu du Parisen, bere lehiakide historikoari, Boeing multinazional estatubatuarra, aurrea hartuz. Indiako konpainien eskariaz gain Phillipine Airlines-en 10 hegazkineko kontratua eta Saudi Arabiako Flynas konpainiaren 30 hegazkinekoa hitzartu du. Airbusen uztarekin pozik daude euskal enpresak, haren hornitzaile direlako hainbat kasutan. 

Informazio gehiago Pandemia aurreko jardueratik gertu daude EAEko aeronautika sektoreko datuak

Airbusen eskarien hurrenkeran etor litezkeen kontratuak ez dira euskal enpresa aeronautikoak jaso dituzten albiste on bakarrak. Paris Air Show azokan Boom Supersonic enpresak kontratua sinatu zuen Aciturri eta Aernnova enpresekin  Overture hegazkin supersonikorako osagaiak hornitzeko. Bidaiarientzako munduko hegazkinik azkarrena da Overture eta Álvaro Fernández Baragaño Aciturriko Kontseilari Ordezkariak asteartean azaldu bezala "belaunaldi baten ikurra" izango da. Aciturriko buruak nabarmendu zuen "enpresa gogotsu dagoela hegaldi supersoniko jasangarriaren garapenean parte hartzeko, Overture hegazkinari konpainiaren ingeniaritza-gaitasunak eta aeroegituren hornitzaile gisa hainbat hamarkadatako esperientzia emanez". Aernnovako Ricardo Chocarro Kontseilari Ordezkaria ere pozik agertu zen kontratuarekin eta batez ere "Boom enpresarekin bere hegal-hornitzaile gisa Overtureren ekoizpena babesten duten hornitzaileen munduko sarearekin bat egiteagatik".

Sektore estrategikoa Euskal Herrian 

Ibilbide luze eta oparoa du sektore aeronautikoak Euskal Herrian. Egungo Miarritzeko Dassault Aviationeko lantegiaren kasuan, sorrera Société Méridionale d'Aviation konpainiari lotuta du bere jatorria. Mundu Gerren atarian Frantziako Gobernuak hartutako erabaki estrategikoek ekarri zuten industria aeronautikoaren bultzada.

Hasiera batean Angelun eratu bazen lantegia, gerora Miarritzera lekuz aldatu ziren. Bertan ekoitzi ziren Br1150 Atlantic eta br121 Jaguar hegazkinak 1960 eta 1965ean, hurrenez hurren.  1971ean Dassault etxearekin bat egin zuen eta talde horren barruan dago gaur egun Miarritzeko lantegia. Sener enpresa bizkaitarra izan da beste aitzindaria euskal sektore aeronautikoan, 1966ean lehen kontratuak lortuta.

EAEko BPG industrialaren % 4,6 suposatzen du sektore aeronautikoak

Sektore honen garrantziak gora egin du urteak egin ahala eta egun EAEko BPGren % 1 suposatzen du eta BPG industrialaren % 4,6. Gaur egun Hegan klusterrean biltzen dira Hego Euskal Herriko eragile nagusiak. 2019an inoiz baino emaitza hobeagoak lortu zituen EAEko aeronautika sektoreak. Pandemiak gogor kolpatu zuen bidaiarien garraiorako sektorea, baina apurka-apurka jarduera datuak berreskuratzetik geroz eta hurbilago dago. Guztira 2.377 milioi euroko fakturazio agregatua sortu zuten elkarteko kideek 2022an, munduko instalazio guztien artean; 2021ean, berriz, 1.867 milioi eurokoa izan zen fakturazio hori. Bestela esanda %27 hazi zen. Soilik EAEn 839 milioi euro fakturatu zituen sektoreak, aurreko urteko 766 milioi euroren aldean —%6,8ko hazkundea—. 

Informazio gehiago
Ana Villate: "Argi dugu hegazkinek isurtzeari utzi behar diotela. Baina denbora behar dugu"
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK