Elhuyar eta Euskaltzaindia erakundeek bost urterako lankidetza hitzarmena izenpetu dute Bilbon, Akademiaren egoitzan. Akordioaren helburua bi erakundeek banaka egiten duten lana uztartu, osagarritasunak indartu eta elkarrekiko sinergiak garatzea da. Sinadura ekitaldian parte hartu dute Itziar Cortes Elhuyarreko aldi baterako koordinatzaile nagusiak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak. Euskaltzaindiak jakinarazi duenez, 2025eko uztailaren 18an onartu zuen osoko bilkurak Elhuyar Akademiaren elkarte atxiki izatea, eta oraingo hitzarmenak harreman hori sendotzea du xede.
Bi erakundeek dagoeneko elkarlanean jardun dute euskararen batasunerako arauak eta gomendioak hedatzen, hiztegigintza lantzen eta zientzia zein teknikaren arloan euskararen erabilera sustatzen. Aurrerantzean, lankidetza hori areagotuko dute, bereziki lexikografiaren esparruan eta euskararen corpusa aztertu, eguneratu eta gizarteratzeko egitasmoetan. Halaber, euskara oraindik gutxi erabilitako eremuetara zabaltzea eta erabiltzaileen beharretara egokitzea izango dute jomugan.
Euskararen batasunaren inguruan metatutako ezagutza partekatzeko, ikastaroak, argitalpenak, artikuluak eta txosten teknikoak bultzatuko dituzte, nazioartekotzea indartuz. Ingurune digitalean euskararen erabilera jasoa sustatzeko ekimenak ere partekatuko dituzte, eta ikerketa laguntzeko neurriak hartuko dituzte, besteak beste, bekak, tesiak eta argitalpenak sustatuz, bai eta euskararen aldeko ibilbideak aitortzeko ekimenak ere.