• ENPRESAK GAUR
  • Euskara biziberritzeko elkarlana abiatu dute Emun eta Plazara kooperatibek

Euskara biziberritzeko elkarlana abiatu dute Emun eta Plazara kooperatibek

Esperientzia eta ezagutzak partekatuko dituzte bi entitateek. Orain dela pare bat urte Baionan sortutako kooperatiba da Plazara

Plazara eta Emuneko kideak Baionan | Argazkia: Emun
Plazara eta Emuneko kideak Baionan | Argazkia: Emun
2025eko maiatzaren 13a - 11:50
Eg. 2025eko maiatzaren 13a - 11:57

Indarrak batu dituzte Emun eta Plazara kooperatibek, euskara biziberritzeko asmoz. Elkarren esperientzia eta ezagutzak partekatzeko helburua dute bi erakundeek, epe luzerako lankidetza landu nahi dutelarik, eta dagoeneko aurreikusi dituzte aisialdian eta kirolean erakunde bakoitzak dituen praktikak elkarbanatzeko eta euskaldun kopuru txikia dagoen eremuetan euskararen erabileran eragiteko praktiken elkartrukerako mintegi bat.

 

27 urteko ibilbidea ondu du Arrasateko Emun kooperatibak. Lan mundua euskalduntzeko asmoz sortu zen eta egun gai sozialak kudeatzen laguntzen die administrazio eta enpresei. Hala nola, euskara, genero berdintasuna, gobernantza edota enpresen gizarte erantzukizuna dira bere eragin arlo nagusiak.

Plazara, bestalde, orain dela pare bat urte Baionan sortutako kooperatiba da, aurrez euskararen biziberritzean hainbat urtetako esperientziak metatutako bost lagunek sortutako proiektua, hain zuzen.

 

Ohar bidez azaldu dutenez, esperientzien truketik harago, euskararen biziberritzean dauden erronkei elkarrekin aurre egiteko konpromisoa hartu dute.