
Cikautxorentzat euskarak identitatea esan nahi du. Enpresaren sustraiak Lea-Artibain dira, Euskal Herriko eskualde euskaldunenetako batean. Cikautxo bertan sortu zen eta euskara barneko harreman hizkuntza naturala dute, eta aurrerantzean ere hala izatea nahi dute. “Etorkizunean ere euskara harreman hizkuntza naturala izateko ahaleginean gabiltza”, adierazi du Jon Atxurra kooperatibako lehendakariak. Horretarako, hainbat hizkuntza prozesu landu dituzte, Cikautxoko pertsona guztiek barneratzea nahi direnak.
Zortzi lagunez osatutako euskara batzordea du, kide horietako batzuk haien borondatez ari dira, baina badira zuzendaritzako ordezkariak ere, eta kooperatibako lehendakariak ere bertan parte hartzen du.
Horrez gain, unean-uneko lanetarako lantaldeak sortzen dituzte. Adibidez, giza baliabideetako hiru kideekin lantalde bat osatu dute bi lanketa egiteko; alde batetik, barne-komunikazioa optimizatzeko aukerak aztertu eta martxan jartzeko, eta, beste aldetik, “Bidelagun” ekimena martxan jartzeko. Ekimen horren bidez, euskaraz jakin baina zailtasunak dituzten langileei konfiantzazko bidelaguna (edo lankidea) eskaini nahi diete, eguneroko lanean euskara praktikatzeko eta konfiantza hartzen joateko.
Kautxu eta plastikozko soluzio berritzaileak
Cikautxon kautxuz eta plastikoz egindako soluzio berritzaileak fabrikatzen dituzte, batez ere automobilgintza sektorerako, baina baita etxetresna elektrikoetarako ere. Horrekin batera, atletismo-pistetarako eta haurren jolas-tokietarako ere egiten dituzte kautxuan oinarritutako nahasketak. Iaz 50 urte bete ziren kooperatiba sortu zela. 1970. hamarkadan sortu zen, eskualdeko beste hainbat kooperatiba bezala. Enpresa horiek guztiek helburu zuten eskualdean lan aukerak sortu eta aberastasuna erakartzea.
Era berean, Mondragon taldeko kooperatibak lan duina eta luzarorakoa bermatu nahi du. “Cikautxoren dimentsioak eta malgutasunak bezeroarekiko harreman zuzena izateko aukera ematen dio”, esan du Atxurrak. Cikautxok mundu zabalean hainbat lantegi ditu eta horri esker bezeroei zerbitzu globala eskaintzeko aukera du.
Cikautxon kautxuz eta plastikoz egindako soluzio berritzaileak fabrikatzen dituzte, batez ere automobilgintza sektorerako, baina baita etxetresna elektrikoetarako ere
Abiada bizian doan mundu honetan etengabe berritzen eta egokitzen aritzeko beharra du Cikautxok, eta hasieratik ekoizpen prozesu berritzaileak eta abangoardiakoak garatu ditu; horren helburua efizientzia eta kalitate maila altua lortzea izan da material polimerikoz eginiko osagaien ekoizpenean.
“Konpromiso solidarioa eta gizartearekiko erantzukizuna izan dira kooperatibaren ezaugarriak, horiek baitira Cikautxoren identitate ezaugarrietako batzuk”, adierazi du Atxurrak. Elkartasun horren adibide da enpresaren inguruko komunitatearen ongizatean egiten den ekarpena eta bizi kalitatearen hobekuntza; hala nola enplegu zuzena sortuz, beste enpresetan lana eraginez eta enpresa jarduera dibertsifikatua sustatuz.

Aldaketak automozio sektorean
Azken urtean automozio sektoreko aldaketak oso gogorrak izan dira, jasangarritasunaren bidean hartzen ari diren erabakiak zuzenean eragiten baitiote merkatuari. 2035. urtean erregai motorra duten autoak saltzea debekatuta egongo da. Hala ere, gobernu arduradun batzuk zalantzan jartzen ari dira erabakia, eta horrek ziurgabetasun handia sortzen du. Bestalde, Txinako merkatua indartsu dihardu automobilgintzan eta etxetresna elektrikoetan. Hori guztia ikusita, Atxurrak dio enpresak ezinbestean azkar egokitu eta haien lekua bilatu behar duela, merkatutik kanpo ez gelditzeko.
Jasangarria izan nahi du Cikautxok, bai arlo ekonomikoan, bai ingurumenean ere; gaur egungo egitura mantenduz, eskualdeko lanpostuei eutsiz, eta ahal den neurrian, handituz. Eta hori lortu ahal izateko agian sektore berrietan bideak urratu beharko dituztela uste du lehendakariak.
100.000 euroko inbertsio izan duen euskara plana
Euskara batzordeko kideez gain, kooperatiban badaude hainbat azpi-batzordetan parte hartzen duten langileak ere (giza baliabideetako taldea, sistemak, informatika...). Euskara ikasten ari diren langileak ere badira. Beste batzuek martxan jartzen diren hainbat ekimenetan parte hartzen dute.
“Saiatzen ari gara laneko eginkizunetan txertatzen ekimen horiek, baina batzuetan lantaldeak elkartu behar dira, eta horretan erabilitako denbora aurretik edo ondoren lanean berreskuratu egin behar izaten da”, onartu du Ramon Mendiguren, Cikautxo kooperatibako proiektu arduradunak.
Euskara planari dagokionez, esate baterako, 2024an 100.000 euro inguruko inbertsioa egin zuten; zati handiena lantaldeetan parte hartzen duten pertsonen dedikaziora eta aholkularitza zerbitzuetara bideratu zuten.
Ramon Mendiguren: “Saiatzen ari gara laneko eginkizunetan txertatzen euskara ekimen horiek, baina batzuetan lantaldeak elkartu behar dira"
Bizkaian kokatuta daudenez bi dirulaguntzetara jotzeko aukera dute; alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiarena, eta, beste aldetik, Jaurlaritzaren Lanhitz laguntza. 2024an guztira 35.000 euro inguru jaso zituzten: 12.000 euro Bizkaiko Foru Aldunditik, eta 23.000 euro gutxi gorabehera Jaurlaritzaren Lanhitz dirulaguntzatik. “Euskara gurea da eta guk erabaki dugu parte izatea eta kudeatzea”, esan du Atxurrak. Gauzak horrela, enpresaren jardueraren parte da, alegia, inbertsio bat, eta haien emaitzen barruan dago hori finantzatzea.
Indeusen bazkideak
Indeusen sortu zenetik, bertako partaide da Bizkaiko kooperatiba; izan ere, 2014an Bikainen lehen ebaluazio maila gorena lortu ondoren, 2015 eta 2017. urteen artean Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika sailak bultzatutako Euslan proiektuan parte hartu zuten. Egitasmo horretan hizkuntzaren kudeaketan aurreratuta zeuden enpresak ziren, eta aurrerapauso bat emateko konpromisoa hartu zuten. Horrela, 2017an berriro ere Bikain ebaluazioa egin zuten, eta orduan ere goreneko maila lortu zuten aurreko ebaluazioko puntuazioa gaindituz.
Ramon Mendiguren: “Guk genituen arazoak partekatu eta beste irtenbide batzuk jorratzeko aukera ematen zigun, baita guk besteei laguntzeko aukera ere”
Ibilbide horretan beste enpresa batzuekin aritzeak zekartzan onurez ohartu ziren. “Guk genituen arazoak partekatu eta beste irtenbide batzuk jorratzeko aukera ematen zigun, baita guk besteei laguntzeko aukera ere”, adierazi du Mendigurenek. Horrez gain, bakarka lortu ezin daitezkeen helburuak guztien artean lortzeko aukera izan dute.
“Ez dugu ahaztu nahi, Bai Euskarariren Euskaragileak ekimeneko partaideak ere bagarela. Talde horretan hainbat enpresa, eskola, etab. gaudela. Baita euskararen arloan dituen erronkak identifikatu eta aurrera ateratzeko denon artean”, gogoratu du Mendigurenek.
Bageinke, euskara batzordea
Euskara kudeaketaren harira, Bageinke euskara batzordea da motorra. Hala eta guztiz ere, zeharkako kudeaketa bultzatu nahi dute, hau da, sail bakoitzeko arduradunak, enpresako beste gai batzuk kudeatzen dituen bezala, hizkuntzaren gaia ere landu dezan bere egunerokotasunean.
Jon Atxurra: “Etorkizuneko gakoetako bat izango da hizkuntzaren gaia prebentzioa, ekoizpena edota ingurumena lantzen den era berean lantzea”
“Etorkizuneko gakoetako bat hori dela iruditzen zaigu. Hau da, hizkuntzaren gaia prebentzioa, ekoizpena edota ingurumena lantzen den era berean lantzea”, ohartarazi du Atxurrak. Azken honetan, hezkuntza lana egiten ari dira, eta aholkularitza baten laguntza ere badute, Elhuyarreko teknikariak parte hartzen du prozesu horretan osoan zehar; izan ere, ez dute Cikautxon dedikazio osoa izango duen arduradunik, eta hari esker lana antolatzea eta bideratzea lortzen dute.

Leihakortasunerako gako
Erabilera informaletan euskara asko erabiltzen da, esan bezala, Cikautxo kokatuta dagoen eskualdearen egoera soziolinguistikoak asko laguntzen baitu. Enpresan egiten diren bileretan erabiltzen den hizkuntzari segimendua egiten diote, eta gehienak euskaraz egiten dira. Bestalde, lanpostu bakoitzean egin beharreko lana egin ahal izateko langileak beharko lukeen euskara ezagutza maila ezarrita dute, eta langile bakoitzarena ere jasota dute. “Hilero egiten diogu jarraipena eta maiatzaren 1ean Berriatuan 500 langile inguru ari ginen lanean, eta horietako % 87k bere lana egiteko maila egokia edo hobea zuen”, argitu du Atxurrak.
Kontua ez da pertsonetara mugatzen; esate baterako, makina berriak erosten direnean eskaeraren baldintza-pleguan hizkuntzak izan behar duen tokia jasota dago, eta makinen hizkuntzen artean euskara sartzeko ahaleginak egiten dituzte. “Beti ez dugu lortzen, baina gero eta hornitzaile gehiago daude prestatuta hau betetzeko. Eskatzea garrantzitsua dela iruditzen zaigu; izan ere, eskatzen ez bada, hornitzaileak ez duelako etorkizunean eskainiko”, adierazi du Mendigurenek.
Ramon Mendiguren: "Kanpotik datozenak, euskarara ekarri behar ditugu. Gurea bezalako eskualde batean integraziorako tresna da"
Edonola ere, bada beste arlo bat non hizkuntza ohiturak aldatzea oso zaila egiten zaien; hor ofimatika eta berariazko programak dira. Gaur egun, sistema eragileak eta ofimatika euskaraz jartzeko aukera dago, eta oso erraza da, baina horiek erabili behar dituzten pertsonei ikaragarri kostatzen zaie euskaraz erabiltzea. Atxurraren arabera, baliteke arlo horretan lehenagotik, adibidez, eskolatik, eragitea komeni izatea.
Talentua erakartzeko orduan, gizartean dauden aldaketak ere eragin handia daukate. “Kanpotik datozenak, euskarara ekarri behar ditugu. Gurea bezalako eskualde batean integraziorako tresna da, baina behartzen baditugu, ez dugu uste bertan mantentzea lortuko dugunik”, esan du Mendigurenek.
Enpresak euskara ezartzeko eta bultzatzeko aholkuak
Euskara enpresa esparruan dagoen beste osagai bat da. Ez da gizartetik aparte dagoen irla bat. Enpresa guztiek bizirauteko irabaziak izan behar badituzte ere, badute gizartearekiko erantzukizuna ere. Beste hizkuntzak alde batera utzi gabe, euskara ere kudeatu behar du enpresak. “Gaur egun, enpresara hurbiltzen diren gazte ia guztiak ikasketa prozesua euskaraz egin dute, eta hezkuntzak euskaldundu duena ez luke lan munduak erdaldundu behar”, adierazi du Atxurrak.
Jon Atxurra: "Enpresara hurbiltzen diren gazte ia guztiak ikasketa prozesua euskaraz egin dute, eta hezkuntzak euskaldundu duena ez luke lan munduak erdaldundu behar”
Gainera, gaur egun, gehiago dira euskara eskolan ikasi dutenak euskara etxetik dakartenak baino. Jende asko dago euskaraz aritzeko gunerik ez duena, eta lanak eskaini diezaioke aukera pertsona horri. “Pentsa zenbat denbora ematen dugun lanean euskaraz egiteko gaitasuna duten pertsonen artean”, gehitu du Mendigurenek.
Dena den, Atxurraren ustez, euskara kudeatzen hasi nahi duen enpresari esan behar zaio ez dela lasterketa azkar bat; arnas luzeko, oso luzeko, ibilbidea dela. Beraz, ekin diezaiola bideari jakinda luze jo lezakeela, baina apustuak merezi duela.