2023an martxan jarri zenetik, Eskuara proiektura hainbat kide berri gehitu dira. Gaur zazpi enpresek eman dute pausua: Oreka IT, RPK, Zaraobe, Eraiken, Amets SL, Mekatxabir eta Artomaña txakolina. Helburua berbera da guztien kasuan: euskararen erabilera sustatzea.
Horretarako jaio zen, hain zuzen ere, Eskuara proiektua, Arabako enpresa handi eta estrategikoetan euskararen erabilera bultzatzeko. Gaur egun 30 enpresa eta Lanbide Heziketako zentro baino gehiagok parte hartzen dute, eta lanketa egiteko Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzaren laguntza jasotzen dute guztiek. Kide berriei ongietorria emateko ekitaldia antolatu dute gaur Arabako Merkataritza Ganberak Gasteizen duen egoitzan.
Proiektuan parte hartzen dutenek orotariko ekimenak egiten dituzte urtean zehar, eta gaur, 2025ean egindako zenbait ekintza ekarri dituzte gogora: hizkuntza politika propioak definitu dituzte, Euskaraldian parte hartu dute, langile berrien harrera euskaraz lantzen hasi dira, webgune eta euskarriak euskaratu dituzte, barne-komunikazioa euskalduntzen lan egin dute...
2026. urtean, komunitateko kideek ildo horretan jarraituko dute, eta bost ardatz nagusitan lan egiteko aukera eskainiko zaie: hizkuntza paisaia, langileen eta enpresaren arteko harremana, ikasleen praktikaldia, euskara erabili nahi dutenen ahalduntzea, eta bezeroarekiko arreta.
Ekitaldian izan dira, besteak beste, Saray Zarate Arabako Foru Aldundiko Ekonomia garapen eta Berrikuntza saileko diputatua, Maria Nanclares Gasteizko Udaleko Euskara zinegotzia eta Aitor Aldasoro Eusko Jaurlarizako Hizkuntza Politikako sailburuordea. Zaratek euskarak enpresei eskaintzen dien balio erantsia nabarmendu du, eta gogorarazi du euskararen erabilerak "garapen ekonomikoa eta lurraldearen kohesioa uztartzen dituela.