• ENPRESAK GAUR
  • 'Euskara langai' jardunaldia egin dute arlo sozioekonomikoan hizkuntzak duen balioa nabarmentzeko

'Euskara langai' jardunaldia egin dute arlo sozioekonomikoan hizkuntzak duen balioa nabarmentzeko

Horretarako, lurraldeko zein lurraldetik kanpoko praktika onak partekatu dituzte Euskarabideak eta Bai Euskarari elkarteak antolaturiko egitasmo honetan

Argazkia: Bai Euskarari elkartea
Argazkia: Bai Euskarari elkartea
2022ko maiatzaren 24a - 17:41
Eg. 2025eko apirilaren 4a - 17:51

"Euskara txertatzeko lanean ari direnei bultzada, eta hasi nahi dutenentzat erakusleihoa" izateko asmoz, Euskara Langai jardunaldia egin dute gaur Iruñean, Baluarten. Nafarroako gobernuak, Euskarabidearen bitartez, eta Bai Euskarari elkarteak antolatu dute. Ana Ollo Nafarroako gobernuko Herritarren Harremanetarako sailburuak adierazi duenez, euskarak "badu lekua lan munduan, harreman komertzialen munduan, enpresa zerbitzuenean, eta jarduera ekonomikoan, oro har". Hala ere, oraindik ere egiteko lana dagoela azpimarratu du, eta hori dela egitasmo hau martxan jartzeko arrazoietako bat.

 

Mikel Arregi Euskarabideako zuzendari orokorrak euskararen egoerari buruzko datuak azaldu, eta lehen hausnarketak plazaratu ditu. Euskarak Nafarroako jarduera sozioekonomikoan intzidentzia "eskasa" izan duela esan ohi dela, eta hori dela eta horren aldeko edozein inbertsio "gastutzat" jo dela. Horrek galarazi du euskara balioan jartzea, Arregiren ustez. "Hizkuntzari buruzko diskurtso berri bat eraiki eta zabaldu behar da, haren balio ekonomikoa onartuko duen gizarte adostasuna", defendatu du.

Praktika onak

Hainbat enpresa eta entitateen praktika onak izan dituzte hizpide jardunaldian, bai Nafarroakoak, baita lurraldetik kanpokoak. Nafarroatik aurrez aurre parte hartu duten bi izan dira Mapsa, gurpiletako hagunak egiten dituen Orkoieneko kooperatiba —Mondragon taldekoa—,  eta Fagor-Ederlan, automozioko konponenteak egiten dituen Tafallako lantegia. Lehenengotik, Edurne Elkano hartu du parte, eta euskara hamabost bat urtez lantzen aritu direla kontatu du; bigarrenetik, berriz Maitane Arrizubieta kalitateko ingeniaria izan da, eta euren kasuan 10 urteko esperientzia dute euskara lantzen.

 

Bi enpresetan topatutako zailtasunak eta aukerak, eta emandako aurrerapausoak izan dituzte hizpide. Bietan ala bietan landu dituzte euskara planak, eta zenbaitetan erresistentziak topatu dituzte erakunde barnean aurrera egin ahal izateko. Ekarritako onurei buruz, Elkanok nabarmendu duenez, "hasieran ez zen ikusten normaltasunez hizkuntza enpresan sartzea, eta orain barneratuta dago. Bilera txikiak —handietan ez, ezagutza ez delako oso handia— euskaraz egiten dira batzuetan". Horrekin batera, egindako ekintza askok jendea "sozialki batu" egin duela adierazi du. Arrizubietak bat egin du Mapsakoak esandakoarekin: "Tafallan ere normalizazioa izan da ikusi dugun gauzarik garrantzitsuena. Orain inork ez du galdetzen edo kritikatzen; normalizazioa lortu da. Eta euskara ez dakitenek edo euskararekiko jarrera hain positiboa ez dutenek, ez dute kontra egiten", esan du.

Aipatutakoez gain, jardunaldian parte hartu dute Oreka IT, Osasuna Fundazioa, eta Labrit Ondareak, Nafarroatik. Nafarroatik kanpo, berriz, Lanabes proiektua, Cikautxoko Euskaragileak proiektua, eta Indeus izan dira praktika onen kasuak. Horrekin batera, AJE Navarra, Izarra Tanatorioa eta TINC-ek mahai-inguru bat egin dute. Jardunaldiari amaiera ipintzeko, Elhuyar Aholkularitza, Emun y Ahize-AEK etorkizuneko erronkaz aritu dira.