ASLE Euskal Autonomia Erkidegoko lan sozietate eta enpresa parte-hartuen elkartea da. 40 urte baino gehiagoko ibilbidearekin, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lan sozietateak eta enpresa parte-hartuak ordezkatzen ditu, enpresa-ereduaren eraldaketa bultzatuta, eta formula parte hartzaileagoak, jasangarriagoak eta pertsonengan zentratutakoak sustatuta. “Ez dakien batek uler dezan: lan sozietate batean langileak dira enpresaren jabe nagusiak. Legez, enpresaren kapitalaren gehiengoa (%50 baino gehiago) bertan kontratu mugagabearekin lan egiten dutenen esku egon behar da. Beraz, formula horrek bilatzen du aberastasuna eta erabakiak banatzen dituen eredua izatea”, argitu du Libe Bastidak, ASLEko Euskara Batzordeko kideak eta sareko teknikariak.
ASLEk oso tamaina eta sektore anitzeko lan sozietateak eta enpresa parte-hartuak biltzen ditu. Enpresa horietako batzuk bi bazkide langilez osatuta daude, eta beste batzuek, berriz, 1.000 pertsona inguru biltzen dituzte beren lantaldeetan. Sektore aniztasuna ere handia da, baina industria bera eta sektore horri lotutako zerbitzuak nabarmentzen dira bereziki. Ordezkaritza lanak egin ez ezik, ehunka enpresei ere lagundu diete beren sorrera, finkatze eta belaunaldi errelebo prozesuetan. “Ez diegu soilik enpresa eratu bitartean laguntza ematen; gure helburua da ondorengo urteetan ere gertu egotea sendotu daitezen eta jasangarri izan daitezen. Beraz, akonpainamendua ematen diegu hasierako pausoetan dituzten beharretan. Gertuko harremana izatea gustatzen zaigu”, esan du Bastidak. Bestelako erakundeekin elkarlana ere gakotzat jotzen dute, tartean garapen agentziekin, Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin, finantza-entitateekin, hezkuntza zentroekin eta abarrekin.
Libe Bastida: “Ez diegu soilik enpresa eratu bitartean laguntza ematen; gure helburua da ondorengo urteetan ere gertu egotea sendotu daitezen eta jasangarri izan daitezen"
Dena den, enpresekin hainbat gaien inguruan lanean urteak badaramatzate ere, euskararen arloan “berriak” dira, Bastidak argitu duenez. Urteetan ASLEn euskarak ez du presentzia askorik izan, Bai Euskarari Elkartearekin eginiko saiakeraren bat kenduta. 2020an askotariko gauzak baloratzen hasi ziren, eta, horren harira, webgune berria euskaratu zuten. Duela bi urte inguru hasi ziren komunikazioak elebitan egiten. Gainera, bi hizkuntzen artean euskarari lehentasuna ematen saiatzen ari dira.
Gauzak horrela, 2024-2026 Plan Estrategikoan euskararen sustapena barneratu zen lerro estrategiko moduan. Hortik aurrera, urteroko kudeaketa planean euskarari loturiko ekintza propioak izan dira, eta horren ondorioz hainbat mugarri lortu dituzte; adibidez, 2024an Korrikan kilometro propioa erosi zuen ASLEk, eta 2025ean lehenengo aldiz Euskaraldian parte hartu zuten. “Pauso txikiak ari gara ematen, baina guretzat hori da pixkanaka ekintzek inpaktua izateko modurik egokiena, betiere ASLEko egoerara egokituz”, onartu du Bastidak.
Euskara batzordearen sorrera eta Indeusen parte hartzea
2025ean Euskara Batzordea sortu zuten, 3 pertsonek osatuta, 2 koordinazioan lanean eta bestea komunikazio arduraduna. Batzordetik lantzen dute kudeaketa planean ezarritako lan lerro hori. Horretarako, Elhuyarrekin landutako euskara plana dute oinarri, bai eta haiek identifikatutako erronka batzuk ere.
Libe Bastida: “Pauso txikiak ari gara ematen [euskararen esparruan], baina guretzat hori da pixkanaka ekintzek inpaktua izateko modurik egokiena, betiere ASLEko egoerara egokituz"
2025eko beste pauso esanguratsua Indeusen parte izatera igarotzea izan zen. "Guretzat jada martxan dauden egitasmoak ezagutzeko bidea izan da: gainontzeko enpresetan zer egiten den ikustea, tresna berrien ezagutza, kontaktu berriak egin, eta abar". Baina ez da gako bakarra. “Guretzat, horrelako egitasmoetan parte hartzeak esanahi estrategikoa du", adierazi du Bastidak, eta hiru oinarri nagusitan laburbildu du. Dioenez, lehenik eta behin, koherentzia eta konpromisoa esan nahi du. ASLEn beti izan dute argi haien "ingurunearekiko eta jendartearekiko konpromisoa", eta argi dago euskara haien errealitate sozioekonomikoaren "parte ezinbestekoa" dela. Egitasmo horietan egoteak "konpromiso teoriko hori ekintza bihurtzea" esan nahi du.

Bigarrenik, eredu izatea esan nahi du. “Ezin ditugu enpresak urrats hori ematera animatu, gu geu, elkarte bezala, bide horretan bidelagun ez bagara”, gehitu du Bastidak. Indeus bezalako sare batean egoteak sinesgarritasuna ematen die pauso horiek elkarrekin emateko; ikasitakoa aplikatu, eta gero besteei transmititzeko. Izan ere, euren egitekoetako bat delako sare lana.
Eta azkenik, haientzat etorkizunera begiratzea da. "Euskara ez da bakarrik hizkuntza kontu bat; gertutasunaren, kalitatearen eta lehiakortasunaren erakusle ere bada gaur egungo esparru profesionalean". Beraz, Bastidaren hitzetan sare horretan egotea haien elkartea eta enpresak etorkizuneko erronketarako hobeto prestatzea esan nahi du.
Dokumentazioa elebitan eta ziurtagiria, etorkizuneko erronkak
Epe laburrera, elkartearen helburu nagusia egunerokotasunean euskarak presentzia gehiago izatea da, ez izatea zerbait arrotza. Horrez gain, enpresekin erabiltzen duten dokumentazioa euskaratzen joateko asmoa dute, hala nola fitxak, inprimakiak, etab. Eta horrekin lotuta, sortuko den dokumentazio berria elebitan izatea hasieratik. “Gure elkarteko enpresei dagokionez, epe laburrera gure asmoa euren 'euskara egoera' identifikatzea da: nola komunikatzen diren, ziurtagiriak, beharrak euskararen arloan, etab. Informazio horrekin haiek ere euskararen bidean pausoak ematen joan daitezen”, esan du Bastidak.
Epe ertain-luzerako helburuei dagokienez, ASLE bezala maila altuagoko euskara ziurtagiri bat lortzea nahiko lukete, haien enpresekiko traktore lana egiten jarraitzen duten bitartean.