Euskara egunerokoan txertatzea hizpide, azken Arabako Enpresen Foroan

Irse eta Ediren enpresa arabarrak euskara txertatzeko lanean ari dira, eta haien kasuak aurkeztu dituzte atzoko topaketan. Erakundeetan euskararen presentziaren inguruan ere hausnartu dute

Atzo egin zen Arabako Enpresen Foroa | Argazkia: Ahize Hizkuntza Aholkularitza - AEK Atzo egin zen Arabako Enpresen Foroa | Argazkia: Ahize Hizkuntza Aholkularitza - AEK

Atzo egin zen Arabako Merkataritza Ganberan azken Arabako Enpresen Foroa. Lanabes egitasmoak lurraldeko enpresak euskarara gerturatzea du helburu, eta horren inguruan aritu ziren atzokoan bildutako 24 enpresetako ordezkariak. Arabako enpresetan zein eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko eskura dituzten tresnen inguruan hitz egiteaz gain, Irse eta Ediren enpresen solasaldia eskaini zuten, haien kasuak azalduz.

Lanabes ekimenaren baitan, euskara sustatzeko asmoarekin iazko irailean Eskuara programa jarri zuten martxan, eta bertara atxikitu ziren lurraldeko 50 enpresa. Testuinguru honetan, une honetan programa jasotzen ari dira Ediren eta Irse enpresak, eta bi erakundeetako ordezkariek azpimarratu zuten “garrantzitsua” dela erakundeetan euskara erabiltzen hastea.

Estitxu Sarachok hartu zuen berba, Ediren enpresaren ordezkari gisa, eta belaunaldi berriak euskaraz “hobeto” komunikatzen zirela adierazi du. Horrez gain, Eskuara zerbitzuak jasotzearen onurak azpimarratu nahi izan ditu: “Orain arte lan asko geneukan eginda, baina ordenatzea falta zitzaigun; eta orain hizkuntzak modu kontzientean erabiltzen hasteko bidea hasi dugu”.

Ane Agirre, Irse enpresaren izenean ere ildo berean mintzatu da. Euskara egunerokoan modu antolatuan sartu nahi zutela azaldu du. Gainera, belaunaldi berriak elebidunak direla ikusita, bilerak pixkana euskaraz “gehiago” izango direla ere aitortu du. 

Euskararen presentzia jomugan

Ediren eta Irse enpresen kasu praktikoak entzuteaz gain, hausnarketa eta lanketarako tartea ere egon da. Zazpi taldetan banatuta, Arabako enpresetan euskarak zein leku eduki beharko lukeen hitz egin dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK