
Euskaraldiak euskararen normalizazioaren aldeko borroka islatzen du. “Gure langile askok gaztelania dute ohiko hizkuntza, baina jende askok euskara ikasi eta praktikatu nahi du, askotan guk uste baino gehiago”, dio Erik Sagardia Mapsako zuzendariak. Horregatik, enpresarentzat Euskaraldian parte hartzea garrantzitsua da.
Orkoienen (Nafarroa) kokatutako kooperatiba da Mapsa, 1957an sortua. 1977an lehen aluminiozko haguna fabrikatu zuten, eta 1990eko hamarkadan Mondragon Korporazioaren parte bihurtu ziren. Auto eta ibilgailu komertzialentzat aluminiozko hagunak fabrikatzen dituzte, lan eta berrikuntza haien nortasunaren oinarri dituztelarik, eta automobilen ekoizle garrantzitsu asko dituzte bezero.
Euskara, kohesiorako elementua
Euskara praktikatzeko espazioak irekitzen laguntzen dute, jendeak berarekin hizkuntza partekatzen duenaren kontzientzia handitzen duelako. Sagardiak dioenez, giro atsegina eta dibertigarria sortzen du, eta era berean, hizkuntzaren erabilera eta bere aldeko aldarrikapena bultzatzen.
Izan ere, Euskaraldian askotan parte hartu dute, eta horretaz gain, Korrikan ere izan dira. Gainera, inguruko beste kooperatibekin urteko irteerak antolatzen dituzte euskararen inguruan, hizkuntzarekiko lotura indartzeko asmoz.
Erik Sagardia: “Ni enpresan sartu nintzenean gogoratzen dut, lehenengo batzarrean, arduradun batek euskararen plan osoa aurkeztu zuela, eta hura ikusita ilusio handia hartu nuela”
Mapsan euskara teknikari bat dute, lana eta planaren barnean jarduerak proposatzen dituena, eta, horrekin batera, euskara batzordea ere badute. Helburua da euskarak egunero eta uneoro presentzia izatea enpresa barnean. Sagardiaren arabera, euskara Mapsan talde kohesiorako elementu bat izan daiteke; haien balioa bultzatzen eta talde izaera sendotzen laguntzen baitu.
“Ni enpresan sartu nintzenean gogoratzen dut, lehenengo batzarrean, arduradun batek euskararen plan osoa aurkeztu zuela, eta hura ikusita ilusio handia hartu nuela”, gogoratu du.
Denok egin beharreko ahalegina
Oraindik lan handia dute aurretik, bai Mapsan bai beste edozein enpresatan. Hala ere, Sagardiak uste du jendea gero eta kontzienteagoa dela dauden beharrak ikusiz, bai enpresa gisa, bai pertsona modura. “Euskarak aberasten gaitu, sustraiak ematen dizkigu”, gehitu du.
Edonola ere, boluntario gehiago egotea nahiko luke proposatzen diren jardueretan parte hartzeko; askotan, guztien onura baterako ahalegin handia egin behar izaten dute gutxi batzuk, eta askoz errazago litzateke denon artean apur bat egitea. “Bide onetik goaz, ordea. Eta bide horretan jarraitu behar dugu”.
Sektorean aurrerapausoak
Sektorean euskarak duen presentziari dagokionez, aurrerapausoak egon dira, eta jendea gero eta kontzienteagoa eta arduratsuagoa da, baina, tamalez, Nafarroan euskara ez da hain ohikoa beste lurralde batzuetan bezala. “Ni Nafarroako iparraldean jaio eta bizi naiz, eta han industria, nekazaritza edo merkataritzan euskarak presentzia askoz naturalagoa du”, azaldu du Mapsako zuzendariak. Gainera, dioenez inguruan euskararen erabilera ez da hain "automatikoa", baina nabaritzen da hobera egiteko joera.
Enpresa barnean, aldiz, saiatzen dira komunikazioak, kartelak eta informazio guztiak elebitan egiten. Bezeroekin harremanetan, batzuetan euskaraz hitz egiteko aukera izaten dute, eta ikusi dute gero eta jende gehiago prest dagoela euskaraz hitz egiteko edo hizkuntza ikasteko.
“Ni Nafarroako iparraldean jaio eta bizi naiz, eta han industria, nekazaritza edo merkataritzan euskarak presentzia askoz naturalagoa du”
Nolanahi ere, oraindik hobetzeko bidea dago. “Ulertzen dugu boluntariotza zaila dela, batez ere lanordutik kanpo denbora ematea eskatzen duenean”. Horregatik, parte hartzea erakargarriagoa eta errazagoa nola egin dezaketen pentsatzeko beharra ikusi dute, jende gehiagok parte hartu nahi izateko. Hori da, hain zuzen ere, Mapsaren erronka nagusietako bat, eta horretan lanean jarraitzen dute.
Partaidetza sustatzea ezinbestekoa da
Euskaraldia eta antzeko beste egitasmoetan parte hartzea sustatzeko gakoa giro atsegina eta erakargarria sortzea da, non jendeak erraz eta gozagarri sentitzen duen euskaraz aritzeko aukera izatea. Sagardiak dioenez, garrantzitsua da jendea prozesu horretan modu aktiboan inplikatzea, baita ekintza dibertigarriak eta parte hartzaileak antolatzea ere, hala nola hizkuntza-jokoak, lehiaketan edo gizarte ekitaldiak; izan ere, horrelako ekimenek motibazio handia sortzen dute eta euskararen erabilera areagotzen laguntzen dute. Era berean, esperientzia onak dituzten enpresetara bisitak antolatzea ere baliagarria izan daiteke inspirazioa eta ikuspegi berriak jasotzeko.
Euskara bultzatzeko gakoa da enpresako eguneroko jardueretan eta komunikazioetan hizkuntza presentzia bermatzea, bai barnean zein kanpoan. Euskara plan bat garatzea eta horren baitako ekintzak dinamizatzea funtsezkoa da. Halaber, langileen arteko elkarlana eta partaidetza sustatzea ezinbestekoa da, baita teknikarien eta euskara batzordearen laguntza ere. Horrek guztiak, euskararen erabilera naturala eta etengabea errazten du, eta, horrela, sortzen da euskaraz aritzeko ohitura eta giroa.