Plazara Baionako diziplinarteko kolektiboa da, euskara eta eremu sozioekonomikoa gurutzatzen dituena. Duela hiru urte sortu zenetik, euskara erdigunera ekartzea dute xede euren zerbitzuen bitartez; aholkularitza zerbitzuak eskainiz, proiektuen kudeaketan eta hirugarren erakundeekin lankidetzan. Bere jardunaren ardatza da euskara ez soilik hizkuntza kultural edo identitario gisa ulertzea, baizik eta ekonomia, enpresa eta komunitatearen eraikuntzarako tresna aktibo gisa kokatzea. “Muturreko konpetentziako testuinguruan, euskarak desberdintzeko eta nabarmentzeko gaitasuna ematen dizu”.
Eneko Gorri Plazarako kideak, elkartearen lehen hiru urte horietara begiratuz, argi du: “Hasieratik sumatu dugu behar bat dagoela gure testuinguruan. Lehen urtean 140 eragile desberdinekin egin genuen lan. Detektatutako behar horietara erantzun besterik ez genuen egin. Bigarren urtean, gure proiektu propioak sortzen hasi ginen, eta hirugarrenean ia bikoiztu egin zen lantaldea”. Orain, egonkortze fasean kokaturik, “eragile gehiago laguntzeko eta proiektu berriei ekiteko” prest daude.
Zazpi lagunek osatutako lantaldeak kudeatzen du eguneroko jarduna. Batetik, zerbitzuak eskaintzen dituzte komunikazio lanak eginez (itzulpenak, interpretazioa, komunikazio kanpainak…), baita formakuntza saio edo tailerrak antolatuz eta aholkularitza lanen bidez, euskara planak diseinatzeko, besteak beste. “Hau, Ipar Euskal Herrian berritzailea da. Saiatzen gara erakusten gure lanaren bidez euskarak balio erantsia ekar diezaiokeela enpresa bati edo profesional bati, euskarak baduela sektore sozioekonomikoa hauspotzeko indarra”.
Proiektu propioen bidez, ‘Familion egonaldia’, adibidez, esperientzia kolektiboak jartzen dituzte balioan, “bereziki bizi dugun garai indibidualistotan hain beharrezkoak. Euskal Herri osoko familientzako abentura da, aste oso bateko egonaldi eta trukeak antolatzen ditugu Ipar eta Hego Euskal Herriko familien artean”, azaldu du Gorrik. Hirugarrenik, eta hari horri tiraka, beste erakunde edo elkarteekin lankidetza bilatzen dute. Tartean, Garabide elkartearekin batera, mundu mailako hizkuntza aktibistekin lankidetza programak garatuz.
Eneko Gorri: “Hau, Ipar Euskal Herrian berritzailea da. Saiatzen gara erakusten gure lanaren bidez euskarak balio erantsia ekar diezaiokeela enpresa bati edo profesional bati, euskarak baduela sektore sozioekonomikoa hauspotzeko indarra”
Plazara elkartearena ez da enpresa eredu klasiko bat, baina bai ekonomia egiteko modu baten proposamena: komunitatean oinarritutakoa, aliantzetan sustraitua eta hizkuntza erdigunean jartzen duena. “Eredu posible bat, azken finean, euskaraz ere ekonomia egin daitekeela” aldarrikatzen duena. “Plazara %90ean autofinantzatuta jaio eta bizi den elkartea da, eta, beraz, jasangarria izan behar du. Hala ere, bai elkartearen hasieran partikularren donazioekin, eta baita aurrerago ere proiektuek sortutako atxikimenduekin, ikusi dugu kolektibotasuna ez dela iraganeko kontua”.
Formakuntza saioak
Taldearen erdia 40 urtetik gorakoa da, eta beste erdiak ez ditu 30 urte beteta. Gazte horien artean dago Mirentxu Ibargarai, zeina Ainciart Bergara tailerrarekin elkarlanean ari den. Makhilak ekoizten dituen enpresarekin formakuntza saioa egingo dute, bi helburu nagusirekin: langile erdaldunen artean euskal kulturarekiko hurbilketa egitea eta euskara ikasteko bidean laguntzea, eta euskarak enpresaren identitatean duen lekua indartzea.
Horretarako, Plazarak 17 orduko formakuntza zikloa diseinatu du, enpresan bertan egingo dena. “Helburua ez da soilik hizkuntza irakastea, baizik eta lanari lotutako egoera komunikatiboak lantzea eta euskararekiko kontzientzia piztea. Saioetan hizkuntzari buruzko pertzepzioak landuko dituzte, ahoskera ariketak egingo dituzte, eta baita makhilaren munduari lotutako hiztegia jorratu ere”, azaldu du. Prozesua talde osoarekin partekatuko dute tailer kolektibo batean, eta ondoren nahi duten langileak AEKren euskaltegietara bideratuko dituzte ikasketan sakontzeko.
Mirentxu Ibargarai: “Helburua ez da soilik hizkuntza irakastea, baizik eta lanari lotutako egoera komunikatiboak lantzea eta euskararekiko kontzientzia piztea"
Euskarak ekonomian izan dezakeen balioa zehazki zenbatekoa den neurtzea zaila dela onartzen dute. “Ez dute neurtu euskarak izan dezakeen balioa. Ezta enpresaren irudian izan dezakeen eragina ere, eta ez dituzte ezagutzen horrelako formakuntza saioen bidez antzematen dituzten beste onura batzuk ere: talde kohesioa, identitate partekatua edo enpresaren bereizgarritasuna, adibidez. “Ainciart Bergara tailerraren kasuan, makhilaren ikuspegi folklorikoa gainditu nahi dugu. Erakutsi nahi diegu euskara enpresaren identitatearekin eta produktuarekin lotuta dagoenean, balio estrategiko bihur daitekeela”.
Uste dute Euskal Moneta elkartearekin lankidetzan antolatutako saioetan ere agerian geratu dela hizkuntzak eta ekonomiak elkar elikatzeko gaitasuna dutela, kontsumoa eta harreman ekonomikoak lurraldean bertan mantentzea posible dela.
“Horrek erakusten du ekonomia tresnak —monetak, sareak edo merkataritza praktikak— hizkuntza komunitate bat indartzeko palanka ere izan daitezkeela, eta alderantziz: komunitate sendo batek ekonomia lokalari ere asko eman diezaiokeela”.
Euskararen eragile bihurtzea
Ondorioz, Plazararen helburua ez da soilik prestakuntza zehatz bat ematea. “Saiatzen gara enpresetara egokitutako tailerrak proposatzen, gero lantokietan benetan aktibatu ahal izateko hizkuntza gaitasunak”, gaineratu du Xan Aire elkarteko kideak.
Horregatik, prestakuntza soziolinguistikako lanketarekin osatzen dute: langileek euren burua euskararen eragile gisa ikustea nahi dute. “Askotan ez dute beren burua horrela ikusten, eta hori da landu nahi izaten dugun puntuetako bat”.
Orain arte halako proiektuak batez ere elkarte eta instituzio publikoekin egin badituzte ere, enpresa mundura eramatea urrats berria da. Helburua da euskararen presentzia enpresaren egunerokoan egonkortzea. “Puntualetik egonkortasunera igaro nahi dugu”.