Euskararen balioa lan arloko integraziorako

Euskararen normalizaziorako oztopo eta baliabideak izan dira hizpide Emun aholkularitza taldeak antolaturiko 'Eraginez' topaketan. Gai sozialak kudeatzen dituzten enpresa eta bezeroekin antolatutako topaketa izan da

Eraginez topaketa | Argazkia: utzitakoa
Eraginez topaketa | Argazkia: utzitakoa
IMG 8456
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko azaroaren 10a - 05:30
Eg. 2026ko azaroaren 10a - 09:43

Lan munduan euskararen biziberritze prozesuak abiatzea eta indartzea erronka izaten jarraitzen du, eta prozesuak arrakasta izateko kontuan hartu behar dira gaur egungo gizartearen aldaketa demografiko eta kulturalak. Emun aholkularitza taldeak Eraginez izenburupean orain gutxi antolatutako saioan, euskararen egoera nolakoa den aztertu da. Bertan, enpresetan euskararen normalizaziorako dauden oztopoez eta baliabideez aritu ziren hizlariak.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko ikerlariak marko teoriko orokorra marraztu zuen topaketaren hasieran. Horretaz gain, Fagor Taldeko Leire Okarantza, Ulma Architectural Solutions kooperatibako Mikel Bengoa eta Danobatgroupeko Maddalen Agirrek euren lan zentroetan abian jarritako egitasmo zehatzak azaldu zituzten.

Migrazioaren hazkundea eta hizkuntza integrazioaren faseak

Urangak, eskainitako hitzaldian, euskal gizartean eta zehazki lan munduan gertatzen ari diren eraldaketa demografikoak zehaztu zituen. Azaldu zuenez, azken bi hamarkadetan etengabe handitu da atzerrian jaiotako herritarren kopurua: EAEko datuei erreparatuta, 2003. urteko abiapuntutik hazkunde nabarmena izan da, eta gaur egun biztanleriaren %15,1 inguru Espainiatik kanpo jaiotakoa da. Gainera, proiekzio estatistikoek diote joera horrek gora egingo duela: hamar urteko epean Kataluniako gaur egungo egoerara hurbildu daitezke Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, eta tasa hori %25era iritsiko litzateke, bereziki lan egiteko adinean dauden 24 eta 40 urte bitarteko herritarren artean.

 

Jatorriari dagokionez, Urangak nabarmendu zuen pertsona etorkinen erdia baino gehiago Latinoamerikatik datorrela, eta horrek gaztelaniaren ezagutza bermatzen duela. Bestalde, herrialde gehiagotako pertsonak daude eta beraiek beraien hizkuntza ekartzen dute. Horrek aniztasun egoera ekartzen du, nahiz eta sarritan ikusezin geratzen den.

Belen Uranga ikertzailearen ustez erronka nagusia da lan munduaren bidez euskarari balio instrumentala ematea, hizkuntza gutxituak dituen onura errealak eta praktikoak erakutsiz

Testuinguru horretan, integrazio soziolinguistikoa prozesu konplexu baten barruan kokatu zuen hizlariak. Integrazioaren lehen pausoa oinarrizko beharrak lortzea da, eta hori lortu ostean, lan integrazioaren fasea irekitzen da. Urangak azpimarratu zuen enpresek paper erabakigarria jokatzen dutela etorkinen hizkuntza sozializazioan. Ikertzailearen hitzetan, etorkinek euskara ezagutzen dutenean, hiztunen biziberritzeko ahalegina ikusten dute eta hizkuntzariekiko errespetua sentitzen dute. Baina integraziorako tresna izateko, oztopo nabarmenak daudela ikusi dute ikerketa lanetan, tartean gaztelaniaren ospea eta euskarari balio instrumental txikiagoa ikusten diotela batzuek. Bestalde, euskara ikasteak ahalegin gehigarria eskatzen die gurera iristen diren pertsonei, ikertzaileak adierazi duenez.

Horregatik, erronka nagusia da lan munduaren bidez euskarari balio instrumentala ematea, hizkuntza gutxituak dituen onura errealak eta praktikoak erakutsiz. Proposamen hori enpresaren gizarte erantzukizunaren eta jasangarritasunaren paradigman txertatu behar dela adierazi zuen Urangak.

Fagor Taldea: talentuaren harrera linguistikoa hautaketa prozesutik 

Leire Okarantza Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduraduna izan zen praktiken txanda ireki zuena. Kooperatiba taldean egiten ari diren gogoeta estrategikoa aurkeztu zuen. Okarantzak azaldu zuenez, azken urteotan errotik aldatu da pertsonak laneratzeko egoera. Duela urte batzuk gertuko langileak eta ezaugarri kultural homogeneoak zituztenak kontratatzen baziren ere, gaur egun belaunaldi aldaketak eta kultura aniztasunak eszenatoki berri bat sortu dutela aditzera eman zuen.

2024. urtean erakundearen baitan bi pertzepzio nagusi gurutzatzen ziren: alde batetik, indarrean zeuden euskara planek muga batera jo zutela eta bestetik, profesionalak aurkitzeko zailtasunak eta etorritakoen artean euskararen ezagutza eza nabarmentzen zituztenak. Kezka horri erantzuteko, euskara koordinatzaileek, pertsonetako lankide eta organo sozialetako partaideekin batera, prozesu teoriko eta praktiko bat landu zuten. Ariketa horren bidez, hautaketa eta harrera prozesu guztiak aztertu zituzten, hutsuneak identifikatu ziren eta neurri berriak aktibatu.

Okarantzaren ustez, lanaren bitartez eta euskara ardatz hartuta bizi proiektu bat eta komunitate bateko kide izateko aukera eskaini behar zaie iritsi berriei

Okarantzak nabarmendu zuenez, ondorio nagusia izan zen orain arteko dinamiken intentsitatea handitu eta neurri berriak hartu behar zirela. Horren ondorioz, Fagorrera iristen diren pertsonek euskaraz ez badakite, baliabideak intentsifikatuko dituzte formazio pertsonalizatuaren, arduradunen inplikazioaren eta hizkuntza teknologien laguntzaren bidez.

Hizlariak azpimarratu zuen ezinbestekoa dela hautaketa prozesuan hasieratik argi jokatzea. Hautagaiak beldurtzeko kezkagatik euskararen gaia atzeratzeak kalte egiten duela adierazi zuen, gerora pertsonak ezustekoak hartzen dituelako bere lanpostura iristean. Okarantzaren ustez, lanaren bitartez eta euskara ardatz hartuta bizi proiektu bat eta komunitate bateko kide izateko aukera eskaini behar zaie iritsi berriei, integrazio laborala, integrazio sozial bilakatzeko administrazio publikoarekin eta gizarte eragileekin batera jardunez.

Ulma Architectural Solutions: kultura aniztasuna eta euskara bateratzeko ahalegina

Ulma Architectural Solutions kooperatibako egoera azaldu zuen Mikel Bengoak, kooperatibako Pertsonen Zuzendariak. Enpresak hazkundea izan du azken hamarkadan: 2015. urtean 150 langile inguru ziren, eta gaur egun 338 lagunek osatzen dute lantaldea. Hazkunde hori, neurri handi batean,  beste herrialde batzuetatik migratutako langileekin bete da, eta gaur egun 19 herrialde baino gehiagotako pertsonak ari dira bertan lanean, besteak beste Latinoamerikatik, Marokotik, Senegaletik, Indiatik, Txadetik, Palestinatik, Ukrainatik eta Errumaniatik etorritakoak.

Egoera horri erantzuteko, kooperatibak 2026. urterako zehaztutako balio nagusietako bat baliatu du: aniztasuna. Emun aholkularitzaren eskutik, Gehi izeneko ikerketa lerroan sartu zen, euskarak erakundeari aniztasunaren kudeaketan zer ekarpen egin diezaiokeen aztertzeko. Bengoak azaldu zuenez, lehen urratsa talde eragile zabal bat osatzea izan zen. Talde horretan euskaltzale sutsuak, euskararekiko bestelako jarrerak dituztenak, jatorri ezberdinetako langileak eta organo sozialetako kideak bildu zituzten.

Ulma Architectural Solutions, Emun aholkularitzaren eskutik, Gehi izeneko ikerketa lerroan sartu zen, euskarak erakundeari aniztasunaren kudeaketan zer ekarpen egin diezaiokeen aztertzeko

Bengoak onartu zuen hasieran arriskuak zeudela hain ikuspegi desberdinak mahai berean jartzeko, baina prozesua oso aberasgarria izan zela baieztatu du: "Garrantzitsua izan zen jende guztiak sentitzea sentsibilitate guztiak hor zeudela". Saio horiek enpatia ariketa sakon bat egiteko balio izan zuela adierazi zuen Bengoak, bakoitzaren atzean dagoen bizi historia ulertzeko aukera izan da eta.

Lanketa horretatik hainbat ekintza praktiko jarri dituzte martxan, besteak beste: pantailetan hizkuntza anitzetan ongietorri mezuak jartzea, aniztasunari buruzko formazio saioak eskaintzea, harrerako dokumentazioa modu ulergarrian egokitzea eta euskara ikasteko baliabideak eskuragarri jartzea.

Danobatgroup: elkarrizketa elebidunen sustapena

Danobatgroup industria taldearen esperientzia Giza Baliabideetako teknikariak, Maddalen Agirrek azaldu zuen. Taldearen euskara planak 25 urte bete zituen 2025ean, eta gaur egun 2025-2028 epealdirako Plan Estrategikoa dute martxan. Agirrek nabarmendu zuenez, kooperatiba taldean bazkideen %90ek baino gehiagok ulertzen dute euskara, eta %80 inguru hitz egiteko gai dira.

Plan berriaren bost erronketatik bi nabarmendu zituen hizlariak: euskararen ulermena unibertsalizatzea eta talentua erakartzeko estrategian euskara txertatzea. Horretarako, enpresak langile guztiei eskaintzen dizkie euskara eskolak; matrikularen kostua bere gain hartzen du erakundeak, eta lanposturako beharrezko profila lortu arteko ikastorduen ordainketa ere finantzatzen du lan ordutegiaren barruan.

Ulermena modu komunitarioan lantzeko, Danobatgroupek Emunekin lan egin du Soziolinguistika Klusterreko Aldahitz egitasmoaren bitartez. Bertan, ulermena lantzeko moduluak eskaini dituzte eta ulertzaileek ulertzeko gaitasuna eskuratu dutenean euskaraz egingo dien mintzatzaile bat aukeratzen dute, euskarazko inputak emango dizkiona.  Elkarrizketa elebidunak naturaltasunez garatu dira langileen artean eta modu horretan euskararen erabilera handitu egin da.

Agirrek azaldu zuenez, euskaraz ez dakien langileei bidelagun euskaldun bat esleitzen zaie lehen egunetik, laneko gaietan ez ezik, kultur eta gizarte jardueretan ere babesa eman diezaion

Agirrek azaldu zuenez, euskaraz ez dakien langileei bidelagun euskaldun bat esleitzen zaie lehen egunetik, laneko gaietan ez ezik, kultur eta gizarte jardueretan ere babesa eman diezaion. Langile berriari harrera linguistikoa egitea eta langile berria euskaratik integratzea erakundearen erronka dela nabarmendu du.  Prozesu horri balioa emateko, hiru hilean behin jarraipen bilerak egiten dituzte ikasleek, bidelagunek, arloko arduradunek eta euskara koordinatzaileek. Bilera horien bitartez, egindako ahalegina eta lortutako emaitzak aitortu dira.

Hiru kasu praktikoen azalpenen ostean galderen tartea iritsi zen. Horien artean, horrelako egitasmoak Euskal Herriko ingurune ez hain euskaldunetan kokatutako lantegietan egiteko zailtasunak mahai gainean jartzeko eskaera luzatu zitzaien hizlariei. Urangak adierazi zuenez, integrazio linguistikoaren erronka ez da migratzailetara soilik mugatzen, baizik eta eremu ez-administratiboko lan mundu osoari eragiten dio. Bere iritziz, erantzuna ezin da izan ekimen isolatu batzuetan egon; hizkuntza aniztasunaren kudeaketarako politika orokor bat izan beharko luke.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain