Arratiako (Bizkaia) esparru sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko asmoarekin sortutako proiektua da eusGara, eta 33 enpresa dira gaur gaurkoz bertan. Pasa den ostiralean, Zeanuriko Zulaibar campusean, hitzarmen ekitaldia egin zuten, eta bertan izan ziren eusGara komunitateko 20 enpresa. 2025ean euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa hartu zuten eta eskura izango dute eusGarak eskaintzen dien doako zerbitza: besteak beste, itzulpen zerbitzua, hizkuntza aholkularitza, diru-laguntzen kudeaketa, edo trebakuntza saioak.
Azken urtean, lau enpresa berri batu dira proiektura, hala nola Bela Detail, Keia, Ortomobility eta Petardos CM. Dena den, eusGara 2017az geroztik da martxan. Errota fundazioak sortu zuen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren finantzazioa jasotzen du.
Ostiraleko sinadura ekitaldian izan ziren proiektuaren bultzatzaile diren erakundeetako ordezkari nagusiak: Kizkitza Aurrekoetxea Errota fundazioko koordinatzailea; Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; eta Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia.
Aurrekoetxeak Zulaibarren elkartu ziren enpresa eta erakundeei eskerrak eman dizkie “euskara Arratiako lan munduan txertatzeko” egindako urratsengatik, “hizkuntzaren erabilera zabaltzeko egindako ahalegina” ezinbestekoa izan delako. Aldasorok, bestalde, adierazi du arlo sozioekonomikoa euskalduntzea Jaurlaritzarentzat estrategikoa dela, eta “euskara, enpresen lehiakortasunari begira, balio erantsia dela barneratzea” lehentasunezkotzat jo du.
Amezagak, bere aldetik, argitu du Bizkaiko Foru Aldundiak aurrera jarraituko duela arlo honetan dituen proiektuekin, Bizkaia euskaldunagoa izan dadin, baita lan eremuan ere. “Proiektuon indargune nagusia erakunde sustatzaileen borondatea da, kasu honetan Errota fundazioarena. Eurak barik alferrekoa da erakunde publikoengandik eman dezakegun babesa”, esan du.
Euskararen erabilera eta ezagutza areagotzeko dinamika aurkeztu zuten eskualdeko hiru egoitzek. Arratiako Egoitzak, Jandonizek eta Piedade Ondok iaz hartutako konpromisoari tiraka, hiru lanketa abiatu dituzte 2024an: praktikak euskaraz egitea, zaintza euskaraz egiteko lanketa bideratzea, eta Euskaraz Zainduz dinamika hizkuntza gaitasuna areagotzeko.
Gaur gaurkoz, honako hauek dira eusGara zerbitzuarekin bat egin duten Arratiako enpresak: Alfe Cutting, Alinar, Amorrortu, Arbegui, Arbisa, Arratiako Egoitza, Autos Varela, Batz, Behingoz, Bela Detail, Carrocerias Joseba, Carrocerias Usansolo, Cementos Lemona, Comecaran, Ekin Eraiketak, Etxegana hotela, Gorbeialde landa garapeneko elkartea, Ilunbe, Industrias Galarza, Jandoniz, Keia, Lur 2000, Ormaurre, Ormazabal, Ortomobility, Petardos CM, Piedade Ondo, Rotulos Usansolo, Tresnak, Wolco, Zuhaitz Etxeak, Zulaibar Lanbide Ikastegia eta Zuloaga Motor.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta