Euskaraz hitz egiten duen gasolindegia

GetxoGason euskara indartzeko estrategia abitu zuten orain hamar urte. Aurten, laugarren aldiz parte hartuko dute Euskaraldian

Ezkerretik eskuinera, Mikel, Alaitz eta Iker Goñi anai-arrebak | Argazkia: utzita
Ezkerretik eskuinera, Mikel, Alaitz eta Iker Goñi anai-arrebak | Argazkia: utzita
2025eko maiatzaren 5a
Eg. 2025eko maiatzaren 5a

GetxoGaso Algorta eta Berango (Bizkaia) artean dagoen zerbitzugunea da; 20 langilez osatutako familia-enpresak, erregaia saltzeaz gain, hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, hala nola autoa garbiketa, butanoa, edota ogia eta prentsa salmenta.

 

Euskaraldiaren harira, Euskaraldiaren edizio guztietan parte hartu nahi izan dute, hizkuntzaren erabilerari dagokionez, oso estrategia eraginkorra iruditzen zaielako. “Gainera instituzio guztiak eta euskalgintzako elkarteak elkarlanean ikustea oso pozgarria eta itxaropentsua izaten ari da”, dio Iker Goñik, GetxoGaso enpresaren kudeatzaileak.

GetxoGason euskararekiko duten jarrera oso ezaguna da, bai lankideekin, bai bezeroekin. Hala ere, Euskaraldia heltzen denean, urtean zehar egiten duten lanketa hori indartzeko balio die.

 

Enpresak parte hartzen duen laugarren edizioa izango da. “Bigarren edizioan musukoarekin egin behar izan genuen eta bere zailtasunak izan zituen”, gogorarazi du Goñik. Oraingo honetan, udaberri garaian izateak bezeroei eta lankideei lagunduko diela uste dute.

Euskararen kudeaketa enpresan

Duela hamar urte inguru, enpresan euskararen presentzia naturaltasunez txertatzea erabaki zuten. Ordutik kontratazio euskaldunak egitea, eta paisaia-linguistiko elebidunaren aldeko hautua egin zuten.

Eboluzionatzen joan den estrategia izan da. “Hizkuntzarekiko sentsibilitatea beti izan dugu, baina estrategia kontzientea duela hamar urte inguru hasi genuen”esan du Goñik. Momentu horretatik aurrera, esan bezala, kontratazio gehienak euskaldunak izan dira, eta Goñiren ustez, bezeroek nabaritu dutelakoan daude.

Iker Goñi: “Hizkuntzarekiko sentsibilitatea beti izan dugu, baina estrategia kontzientea duela hamar urte inguru hasi genuen"

Haien eskualdeko bezero euskaltzale gehienek euskaraz eroso egiteko gunetzat hartzen dietela uste dute. Izan ere, 2016an Getxoko Udalak egiten duten lana Argia Ereiten Euskara Sariarekin aitortu zien, eta udalerrian oihartzun handia izan zuen.

PEUR9883
Argzkia: utzita

Sektorea euskalduntzearen bidean

Sektorea ez da bereziki euskalduna, baina GetxoGason eragin gehien daukanak haien eskualdearen egoera soziolinguistikoa da. “Zorionez gure hornitzaile nagusia den Repsolek gero eta garrantzia gehiago ematen dio hizkuntza aniztasunari, baina badu zer hobetu”adierazi du Goñik. Izan ere, Waylet (Repsolen doako aplikazioa) euskaratu dezan behin eta berriro eskatu arren, oraindik ez dute bilatutako emaitza lortu.

Edonola ere, etorkizunarekin kezkatuta daude; izan ere, kontratazio elebidunak lortzea gero eta zailagoa da, eta etorkizun laburrean zerbitzu euskalduna bermatu ezin izatearen beldur dira.

Euskararekiko estrategia kontzientea

Goñiren arabera, enpresetan Euskaraldia sustatzeko modu eraginkorrena lantokietara hurbiltzea da, ariketa asko errazteko; esate baterako, txapak eta kartelak eskura eman, eta izen ematea erraztea. Gainera, izen ematea oztopo bilakatu ez dadin, inskripzioa eta ariketa egitearen arteko oreka ondo bilatu behar da. “Horretaz gain, enpresa munduko zenbait testuinguruetarako pin formako euskarri diskretuagoak eskertuko genituzke”, gehitu du Goñik.

Enpresan euskara bultzateko aholkuei dagokienez, lehenik eta behin, euskararekiko estrategia kontzientea izatea ezinbestekoa iruditzen zaie, eta horren ondorioz, euskara plan bat garatzea. Hala ere, GetxoGason hurrengo hiru esparruetara indarrak bideratuta aurrerapauso handia lortu daitekeela egiaztatu dute: langile elebidunak kontratatzea, uniformeetan txapak, pinak edo pegatinak janztea, eta paisaia-linguistikoa elebiduna izatea.