Euskarazko sare libre eta komunitarioak

EH KOMek Euskal Herrian telekomunikazio sare publiko-komunitarioak hedatzen ditu, eta, iaz, Bikain ziurtagiria lortu zuen; izan ere, hastapenetatik euskararen aldeko posizionamendua izan du

Ibon Txoperena (erdian), Hamaika Telebistan egindako elkarrizketan | Argazkia: utzitakoa
Ibon Txoperena (erdian), Hamaika Telebistan egindako elkarrizketan | Argazkia: utzitakoa
IMG 0321
Kazetaria
2025eko azaroaren 28a - 05:30

EH KOM telekomunikazio burujabetza sustatzeko lana egiten duen enpresa da, eta jarduera horrek askotariko formak har ditzake. Askotan, Internet sare libreak hedatzen dituzte, publiko-komunitarioak, azpiegitura eta baliabide digitalak komunitate bateko hainbat eragilek partekatzeko. Bestetan, arrakala digitala pairatzen duten guneetan azpiegiturak eratzen dituzte, ziurtatzeko mundu guztiak komunikatzeko eskubidea berdin bermatuta duela. Beste askotan, udalekin aholkularitza lana egin edo burujabetzaren aldeko sentsibilizazio diskurtsoa hedatzen jarduten dute. 

 

Iazko ikasturtean lortu zuen goi-mailako Bikain ziurtagiria; horretarako, lehendabizi ebaluatzaile izateko ikastaroak egin zituzten. Paraleloki aritu dira erakundea ebaluatzeko adierazleak aztertzen eta galderez betetako txostenak betetzen, eta, bitartean, beste erakunde bati ebaluazioa egiten laguntzen, beraien euskararen erabilerarekiko indarguneak, hutsuneak eta hobetu daitezkeenak identifikatzen laguntzen. “Ebaluatzaile talde bat etorri zen bisitan, gure erakundea eta lantokia ebaluatzeko, euskararen presentziaren ikuspegitik, eta handik gutxira goi-mailako Bikain ziurtagiria lortu genuela adierazi ziguten”, dio Beñat Azkargortak, EH KOMeko langileak. 

Euskararen aldeko posizionamendua 

Azkargortak dioenez, hasieratik euskararen alde izan duten posizionamendua eta praxia kontuan hartuta, haientzako garrantzi handia du aitortza horrek, eta ez zuten zalantzarik egin lan munduan euskara bultzatzeko sortu diren zenbait ekimen edo ziurtagiriren ekintzetan parte hartzeko. Esan bezala, jarduten hasi zenetik euskara zentrala izan da EH KOMentzat, eta ez da kasualitatez hala izan, konbentzimenduz baizik; beraz, haientzat horrekin zerikusia duen guztiak garrantzi handia du. 

 

Ibon Txoperena: “Ezingo litzateke EH KOM imajinatu euskararik gabe”

Euskara guztiz ezinbestekoa da EH KOMentzat, jardun ia osoa euskara hutsean garatzen dute. Euskaraz pentsatu eta sortzen dute, eta euskaraz aritzen dira haien bazkide eta bezero ia guztiekin ere. “Ezingo litzateke EH KOM imajinatu euskararik gabe”, onartu du Ibon Txoperena, EH KOMeko langileak

Hizkuntza Plana eta Hizkuntza Batzordea 

Enpresa sortu zenetik, euskararekiko ikuspegi oso kontziente bat izanez lortu dute EH KOMekoek dauden puntura iristea. Praktikotasunetik, haietako gehienak euskaraz bizi direlako, baina baita ere konpromisotik; halaber, gehienak, euskararen aldeko militanteak dira haien bizitza pertsonalean ere.

Beñat Azkargorta solasaldi batean (gorriz) | Argazkia: utzitakoa
Beñat Azkargorta solasaldi batean (gorriz) | Argazkia: utzitakoa

“Bikain prozesuan parte hartzeak lagundu digu euskararekiko kontzientzia eta konpromiso hori apur bat sistematizatzen”, esan du Txoperenak. Lehen konbikzioz baina naturalki egin zituzten gauzak ere orain identifikatu eta idatziz jartzera eraman ditu prozesu horrek. Izan ere, Azkargortak dioenez, orain euskararekiko duten egoera oso ona da, baina beharrezkoa da bermeak jartzea horrek horrela izaten jarrai dezan. 

Horregatik, jada adostuta zituzten euskararekiko irizpideak orain idatziz jarri dituzte, eta Hizkuntza Plana eta Hizkuntza Batzordea sistematizatzen aritu dira, dokumentatuta gelditu dadin EH KOMek euskararekiko duen posizioa. 

Euskara bultzatzeko ekintzak 

Gaur egungo testuinguruan, Txoperenaren arabera, haien artean ez dute gehiegi bultzatzeko beharrik, euskara hutsean egiten baitute lan. Baina, hala ere, haien hornitzaileei begira hausnarketa batzuk eman dituzte; esate baterako, lehen kontratatuta zuten aholkularitza-enpresa aldatu, eta laster Bai Euskarari ziurtagiria duen beste batekin hasiko dira, eta antzerako hausnarketa eman dute haien lan arriskuen prebentzio zerbitzuarekin. “Alegia, barne-mailan euskara presente izateaz gain, hornitzaileak aukeratzerako orduan ere irizpide gisa txertatu dugu zerbitzua euskaraz jaso ahal izatea”, adierazi du Azkargortak. 

Beñat Azkargorta: “Alegia, barne-mailan euskara presente izateaz gain, hornitzaileak aukeratzerako orduan ere irizpide gisa txertatu dugu zerbitzua euskaraz jaso ahal izatea”

Horrez gain, lan-deialdietan euskara ahoz eta idatziz menperatzea guztiz ezinbesteko baldintza da. Eskakizunetan C1 mailarekin kuantifikatzen dute hori, baina tituluez harago argi uzten dute euskara menperatzea ezinbestekoa dela lan horretarako; gaztelania eta ingelesa menperatzea, aldiz, baloratzen dute, baina argi dute ez dela nahitaezkoa. 

Etorkizunerako pausuak 

Erronkei dagokienez, epe motzera, haien hornitzaile eta kanpo-harremanak birpentsatu nahi dituzte, arestian esan bezala ahalik eta lan-harreman gehien euskaraz egin ahal izateko. 

Epe luzera, aldiz, gaur egun daukaten euskararen erabilera eta konpromisoa bermatzeko irizpideak ahalik eta gehien sistematizatu nahi dituzte. Izan ere, oraindik enpresa txikia dira, eta euskaraz bizi dira, baina, etorkizunean eta enpresa handitzen doan heinean, Azkargortak eta Txoperenak diotenez, hori bermatzea zaila izan daiteke.