Eusko Ganberak Euskadi–Estatu Batuak Enpresa Foroa egin du Donostian, Spain-U.S. Chamber of Commerce erakundearekin elkarlanean. 350 euskal enpresa baino gehiago bildu dira topaketan, AEBetako merkatuaren egoera, negozio-aukerak eta bertan jarduteko kontuan hartu beharreko erronkak aztertzeko. Imanol Pradales lehendakaria eta Mikel Jauregi Industria sailburua ere izan dira topaketan.
Estatu Batuak da Europar Batasunetik kanpoko merkatu nagusia euskal enpresentzat, eta Gipuzkoako esportazioen kasuan, hirugarrena. Euskal enpresek presentzia dute herrialde horretan, bereziki fabrikazio aurreratuan, automobilgintzan, energian, aholkularitzan eta siderurgian. Pradalesek, gainera, AEBetako inbertsio-zikloak eskaintzen dituen aukerak baliatzearen garrantzia azpimarratu du, besteak beste, makina-erremintaren, energia-sareen, sektore aeroespazialaren eta adimen artifizialaren arloetan.
Hala ere, merkatu horretan jarduteak arriskuak ere baditu. Muga-zergen politikek, araudiaren aldaketek eta merkataritza-ziurgabetasunak enpresen erabakietan eragiten dute. Horregatik, foroan aurreikuspen ekonomikoak, merkataritza- eta finantza-arriskuak eta alderdi juridiko eta fiskalak landu dituzte. Mauricio Arregui Gipuzkoako Ganberako presidenteak nabarmendu du beharrezkoa dela enpesak prest egotea nazioarteko egoeraren aldaketen aurrean: "Ezin ditugu kontrolatu nazioarteko agertokian gertatzen diren aldaketak, baina hobeto presta gaitezke horiei aurre egiteko".
Jardunaldian, Espainian dagoen AEBetako Enbaxadako, CaixaBankeko, CESCEko eta Cuatrecaseko adituek hartu dute parte. Horrez gain, SAPA, Aernnova eta Iberdrola Taldeko ordezkariek beren esperientzia partekatu dute, AEBetako merkatuan jarduteko aukerei eta zailtasunei buruzko mahai-inguruan. Alan D. Solomon Spain-U.S. Chamber of Commerce erakundeko presidenteak ere merkatu horrek euskal enpresentzat dituen aukerak nabarmendu ditu.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta